Sareak

☉ Zaratamo

[Sakonean] Arkotxa lotu zuen Pasioa

|

1965ean Arkotxako auzotarrak elkartzeko helburua bere gain hartu zuen Flavio Bujanda abadeak. Garai hartan Praderenako eta Dinamitako langileek ez zuten elkarren berri izaten. Bakoitzak berea, Jaingokoaren legea

Industria sektorea Zaratamoren bihotzean izan da. Alde batetik, Pradera Hermanos enpresa 1838. urtean sortu zuten Benito eta Gregorio Pradera Maguregui anaiek. Ibaizabal ibaiaren ertzean kokaturik garatu zuten burdingorriaren fundizioa. Bestetik, La Dinamita deritzona 1872. urtean errotu zen Santa Marina mendiaren hego-magalean eta 1880ko hamarkadaren hasieran Galdakaoko Zuhatzu tren-geltoki ondora lekualdatu zuten, Pagatza mendian. Enpresa honek izen aldaketa ugari izan ditu eta egun Explosivos Rio Tinto izenez ezagutzen dugu. Bi komunitate horiek, nahiz eta Arkotxa auzoaren eremu berdinean egon, ez zuten elkarrekin harremanik: “Elkarri bizkarra ematen zioten bi errealitate ziren, hartu-emanik gabe”, dio Jon Ajuria Zaratamoko alkateak.

Urteak joan eta urteak etorri, egoerak ez zuen onera egin, baina 1965ean haize berriak etorri ziren Arkotxara. Urte hartako abuztuaren 8an heldu zen Flavio Bujanda Jauregui (Bilbo, 1922-2006) abadea eta Arkotxako erretore izendatu zuten. Auzoko egoera sozialaren diagnosia eta auzoko alderdi desberdinak batzeko lehen neurriak hartu zituen Bujandak. Horiek guztiak Aste Santua bizi, besteek bizi dezaten liburuan jasotzen dira, Arkotxako Pasio Bizidunaren 50. urteurrenean Zaratamoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu duten horretan. Jon Penchek idatzi du liburua eta honakoa dio Bujandari buruz: “Ideia asko zituen gizona, oso irekia, aire berriak eta modernoak zituen, baita gizarte kezka ugari ere”.

Auzo zatitua

Don Flaviok bere abadetza hasi zuenean aurkitutako Arkotxako auzoa ez zen inolaz ere herri homogeneoa, eta are gutxiago herri batua. Jon Penchek honakoa biltzen du liburuan: “Lehenengoko bereizketa garrantzitsua geografikoa izan zen: Dinamitako langileen etxeak mendiaren magal aldapatsuan aurkitzen ziren, Pradera Hermanos langileenak beheko aldean, eta Arkotxatik hurbil dagoen Basauriko auzoa den Etxerrekoenak San Vicente elizatik ehundaka metrora. Bigarrena, auzo bakoitzaren sorrerari buruzko desberdintasun argia zegoen, batez ere Dinamita eta Praderenako etxeei zegokienez, lehenengoetan Espainiako beste alde batzuetatik etorritakoak zeudelako, eta bigarrenak herrikoak bertakoak zirelako gehienak. Hirugarrenez, eta lehen esandakoagatik, ez zegoen inolako erlaziorik Arkotxako gune bien artean, bizitza guztiz desberdinak egiten zituztelako. Helduen lanetan ez zegoen inolako interakziorik lantegi ezberdinetan egiten zutelako lan, ezta umeen artean ere, eskolak ere desberdinak zirelako. Horrek guztiak auzoko gazteen artean tirabirak sortzen zituen. Ez gara ekintza bortitzez ari, auzo ezberdinetakoak izanik garai hartan sortzen zen lehiari buruz baizik. Elkarrizketatuek harri-borrokak kontatu dizkigute, tiragomen erabilera, makilak eta auzoko onena nor zen jakiteko futbol partidak ere bai. Marcial Simarrok esaten zuen bezala, hiru auzo zeuden: Dinamita, Fango eta Etxerre, eta bakoitzarentzako bere auzoa zen onena”.

Desberdintasunak konponduz

Flavio Bujanda egoera horretaz jabetu eta konpontzeko asmoarekin hasi zen lanean “behar zituen baliabideak erabiliz”. Elizako bizitzari bultzada bat eman gura zion gazteenak hurbiltzeko helburuarekin.

Lehenik eta behin, Gazte Klub bat eratu zuen. San Vicente elizako azpiko lokal bat gorde zuen horretarako: zinema txiki bat zegoen bertan, eta filmak ikusteaz gain, antzerkiak egin edota abestu egiten zuten bertara gerturatzen ziren gazteek. Finean, Arkotxako eremuetako gazteak batzartzeko lekua apaindu zuen. Kontuan izan, 60. hamarkada hartan –Frankismoan, alegia- biltzeko eskubidea erabat murriztuta zegoela, eta are gehiago neskak eta mutilak batera egotea genero errepresioagatik. Hala ere, Bujandak aurrera egin zuen ekimenarekin eta 1968ko martxoaren 19an zabaldu zuen Arkotxako Gazte Kluba.

Gazteek eurek kudeatzen zuten lokala eta eurek erabakitako ekintzak jorratzen zituzten bertan, hala nola, txangoak, hitzaldiak eta eztabaidak, baina politika kontuak debekatuta zeuden. Liburuaren arabera, Nicolás Yébenes herritarra zen buru-belarri aritzen zenetakoa. Berak proposatzen zituen berba egiteko gaiak, besteak beste, sexualitatea eta musika. Horiek horrela, Arkotxako Gazte Kluba ezaguna bihurtu zen inguruan, ahoz aho zabaldu zen, eskualdeko gazte asko ere bertara hurbiltzea lortu zuen arte.

Gazte Klubaz gain, parrokiko bizitza dinamizatzeko beste jarduera batzuk martxan jarri zituen Bujandak, Don Flavio ezizenez ezagunagoa. Alde batetik, Errege Eguneko kabalgata antolatu zuen, liburuan Manoli Mellado auzotarrak gogoratzen duen bezala. Era berean, hiru talde sortu zituen Don Flaviok: Jacinto Batizek nagusien taldea zeraman, Nicolás Yébenesek gazteen taldea koordinatzen zuen eta umeentzat katekesi klaseak eskaintzen zituen Bilboko katekista talde batek.

Nahiz eta abadeak egindako jarduera hauek guztiak elizako bizitza dinamizatzea lortu, auzoko gazteak lotzeko emaitza ez zen hain ona izan. Izan ere, Klubean Dinamitako gazteak ziren gehiengoa, auzoko beste lekutakoak oso gutxi izanik. Banaketak eta elkar ez ezagutzeak jarraitzen zuen, beraz, beste aukera batzuk bilatu behar izan zituen Bujandak.

Pasio bizidunaren jatorria

1968_zaratamo_arkotxa_pasio_biziduna

1968ko Pasio Biziduna :: Aste Santua bizi, besteek bizi dezaten liburua

Nicolás Yébenes, Agustin Ibarretxe, Antonio Vargas eta Flavio Bujandaren artean Aste Santuko Pasio Biziduna egitea erabaki zuten. Zorte onekoak eurak! Baldintza bereziek bat egin zuten hori lortzeko. Alde batetik, Don Flaviok Balmasedako antzezpena oso ondo ezagutzen zuen, izan ere, Arangurenen aritu zen abade, Enkarterriko udalerritik gertu. Beste alde batetik, Ibarretxe, marista-ordena utzi eta 1967an Zaratamora itzuli zen. Horrek ere Balmasedako Pasio Bizia ondo ezagutzen zuen. Hirugarrenez, Yébenes oso kezkatuta zegoen auzoko egoeraz eta ziur zegoen Pasio Bizidunera Gazte Klubera baino jende gehiago animatuko zela. Azkenik, Arkotxako San Vicente elizako azpiko aldean zegoen lokalean antzerkia egiten zuten Francisco Valle kide zela, interes handia izan zuten.

Horiek horrela, elizako Klubeko gazteek, 1968ko Errege kabalgataren arrakasta ikusita, Pasio Bizidunaren errepresentazioa egitea proposatu zioten Bujandari. Liburuak dioenez, hasieran ez zuen ideia gustuko izan, agian beldurturik, elizgizon batentzako kontu serioa zena ez zuelako parodia bihurtu gura. Hala ere, Arkotxako gazteen gogoa abadearen trabak baino handiagoa zen. Don Flavioren oniritzia jaso arte, auzoko Margariren eta Soleren tabernetan entseiatzen hasi ziren. Frankismoan, gazte talde bat tabernetan elkartzea Pasio Biziduna antzeztea baino arriskutsuagoa zela iritzi zion Bujandak, eta egitsmoarekin aurrera egitea erabaki zuen.

Elkartzeko bideak

Pasio Bizidunaren ideia lau haizeetara zabaldu zen eta albisteak berehala piztu zuen bertan parte hartzeko grina. Batez ere, Praderenako gazteen artean; ordura arte bertako auzotarrek apenas parte hartzen zuten elizako Gazte Klubeko ekintzetan. Hortaz, beste jarduerek ez bezala, auzoko eremu guztiak batzea lortu zuen Pasio Bizidunak.

Yébenes eta Ibarretxe izan ziren Arkotxako Pasio Biziaren lehen zuzendari artistikoak. Dinamitako eta Praderenako gazteen arteko harremana estutzeko helburuarekin, Praderenako auzotarra zen Francisco Valle aukeratu zuten lehendabiziko Kristoa izateko eta Ama Birjina moduan Dinamitako Manoli Mellado izan zen.

1968_zaratamo_arkotxa_pasio_biziduna_kristo_amabirjina

Lehen Kristo eta Ama Birjina (1968) :: Aste Santua bizi, besteek bizi dezaten liburua

Don Flaviok Pradera Hermanos enpresaren laguntza jaso zuen eta bertako arotzek, dohainik, eraiki zituzten errepresentaziorako oholtzak. Yébenesen esanetan, lehenengo antzezpena katarsi hutsa izan zen eurentzat. Hala ere, poza handia izan zen, haiek guztiek auzo berekoak zirela onartu baitzuten behingoz. Jatorri ezberdinetako jendea batzea lortu zuen Pasio Bizidunak, egun egiten duen modura. Orduko elizgizonek lortu zuten ezjakintasun eta tirabirak zeuden lekuan, errespetua eta elkartasuna haziak ereitea.

☉ Zaratamo

‘Kortxoaren Dilema’ ikuskizuna eta lodifobiari aurre egiteko tailerra ekarriko dute Zaratamora

Maiatzak interes orokorreko jarduerak ekarriko ditu euskara hutsean eta doan Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoetara. Elexalden 14 bakarrizketa eskainiko dituzte eta Arkotxako txokoan Laura Galar aktibista izango da lodifobiaren aurkako tailer bat eskaintzen

|

Emakume bat // Fuu J, Unsplash

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak maiatzeko ekintzen egitaraua argitaratu berri du eta euskara hutsean antolatutako jarduera bi antolatu ditu. Hilaren 10ean Kortxoaren Dilema emanaldia eskainiko dute 19:30ean, Elexaldeko Kultur Etxean. 14 bakarrizketa eskainiko dituzte oholtzan ipiniko duten txizatoki batean.

Maiatzaren 10 eta 17an, ‘Lodifobiari aurre eginez’ izeneko saio biko tailerra eskainiko du Laura Galar haur hezitzailea eta aktibista lodiak Arkotxako txokoan, 18:00etatik 20:30ak arte. Edertasun-kanonek emakumeen gorputzen gainean egiten duten presioa hain da handia, ezen askotan osasun fisiko eta mentalaren kontra egiten du. Gero eta gehiago gertatzen dira elikadura-jokabidearen nahasmenduak, EJN izenez ere ezagunak; arazo hori ikusezina da neurri batean, eta aurreiritzi asko ditu. Maiatzaren 31n Lisipe bildumaren Aingeruak eta neskameak: Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak liburuaren aurkezpena egingo du June Fernández kazetariak.

Ekainari begira, Berdintasun Batzordeak Boterea, ahizpatasuna, Twerk izeneko tailerra antolatu du Elexaldeko gimnasioan hilaren 8an eta 15ean. Saioak 10:00etatik 13:00ak arte antolatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Elexalde eta Iragorri auzo zaratamarrak lotzen dituen foru errepidea konpontzen hasi dira

Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotuko dute. Lanak martxan daude

|

Iragorri auzoaren hasiera adierazten duen seinalea // Geuria

Zaratamoko Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen BI-3702 foru errepidea konpontzeko lanak hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide sailak. Iaz Iragorri Goikoa eta 2 kilometro puntuen arteko (PK 13:350 eta PK 13:780 zatian) lanak egin zituen Foru Aldundiak eta oraingo honetan Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko neurketa-lanei ekin diete (PK14:920 eta PK 15:490).

Udal ordezkariek azaldu dute asfaltatze lanak eta galtzada bera zabalduko dutela. Gainera, errepidea margotuko dute.

Iazko irailean konpondutako errepide zatia, Iragorri auzoan // Geuria

Autoak eta oinezkoak

BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Foru errepidetik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.

Iazko irailean, lehen zatiaren lanak hasi zituztenean, udal ordezkariek eskaera bidali zuten Foru Aldundira, “Iragorri eta Elexaldeko plaza lotzen duen berriztatze proiektuan oinezkoentzako irisgarritasuna eta segurtasuna kontuan izateko”.

Erantzun modura, Foru Aldundiak BI-3702 errepidea “errepide moduan” konponduko zuela izan zen, udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez. “Oinezkoak kontuan hartzeko modu bakarra errepidea udal jabetzakoa izatea litzateke eta proiektua Irisgarritasun Plan batean jaso beharko litzateke”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen hitzak.

Azken zatiaren lanak hasi dituzte beraz, eta Foru Aldundiaren asmoa auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotzea da.

Konpondu beharreko errepide zati bat // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxako jaiak astebete aurreratu dituzte Europako hauteskundeak direla eta

Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra izango dira aurtengo dira aurtengo jaiak eta Arkotxako Jai Batzordetik azaldu dute programa berdin-berdin mantenduko dutela

|

zaratamo arkotxako jaiak 2018 ander arrieta 0
Arkotxako jaiak, 2018an // Geuria

Aurtengo Aurkotxako jaiak maiatzaren 31tik ekainaren 2ra ospatuko dituzte, salbuespen modura, Europar Parlamenturako Hauteskundeak direla eta.

“Aukera guztiak aztertu genituen baina ez genuen gure jaiak Europar Hauteskundeekin kointziditzea”, izan dira Xabi Garcia Arkotxako Jai Batzordeko kidearen berbak.

Garciak azaldu du astebeteko aurrerapena egin duten arren jaietako programa mantenduko dutela eta momentu hauetan jaietako kontzertuak eskainiko dituzten taldeen baieztapenen zain daudela. Momentura arteko programa helarazi dio Jai Batzordeak GEURIAri, behin betiko ordutegiak faltan.

Zaratamoko Ealain taldea // Geuria

Programa | Arkotxako jaiak 2024

Maiatzak 31, barikua

⁠Talo txiki
⁠⁠Etxebarria Aita ta Seme Trikitilariak
Rumbas Akais
Muxutruk Erromeria
⁠⁠Dj Dreyky

Ekainak 1, zapatua

⁠Txori kantarien erakustaldia
Presagana txistu taldearen kalejira + Txistorrada Txoko Tabernan
Xaibor diskofesta
Paella txapelketa
⁠⁠Frontenis txapelketa herrikoia
Txitxarrilloa eta luncha nagusientzat
⁠⁠Kontzertuak: Ealain + ⁠⁠Akerbeltz Erromeria + Dj Oihan Vega

Ekainak 2, domeka

Umeentzako tailerrak eta jolasak Gaztek Abiren eskutik
⁠⁠Tortilla eta sukalki txapelketa
Fanfarrea
⁠⁠Bazkari popularra
Herri Kirolak, Jasoka Herri Kirol taldearen eskutik
Sari banaketa eta jaien amaiera

Tortilla lehiaketa // Geuria

Joan den otsailaren amaieran GEURIAn aurreratu moduan, Akais taldeak flamenkoa ekarriko du Zaratamoko auzoko jaietara eta Euskal Herriko erromerien esparruan Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak izango dira. Musika modernoari dagokionez Oihan Vega DJaren saioak dantzarako tartea eskainiko die auzotarrei, eta herriko Ealain taldeak bere folk-metal proposamen indartsu taularatuko du. Goizaldea Akerbeltz Erromeriak girotuko du.

Nagusientzako lekua ere egongo da eta txitxarrilloa ekarriko dutela iragarri dute batzordetik: “Hala ere kontuan izan beharrekoa da horiek ez direla kontzertu guztiak izango; gehiago baieztatuko ditugu laster”. Aurreko urteetan Bongo Botrako, La Raíz, Vendetta eta Zoo bezalako taldeak igo dira Arkotxako oholtzara, besteak beste.

Musika eskaintzaz gainera, bestelako jarduera gehiago aipatu dituzte antolakuntza taldetik eta haurrentzako jolasak, herri-kirolak, barrakak, ikuskizunak eta gastronomia-lehiaketak egongo direla azpimarratu dute.

Diru gutxiago

Jai Batzordearen arabera, Arkotxako jaietako aurrekontua “dexente” jaitsi da: “Bizitzaren igoera kontua izanda muntaketa-lanak, karparen instalazioa, kontzertuen kudeaketa, ekitaldiak… den-dena igo da eta aurrekontua txikiagoa da aurreko urtekoekin alderatuz, eta dena moldatzea erronka handia izaten ari da guretzat”, eta aurreko urteetako eredua “mantendu” nahi dutela gehitu dute tadetik.

“Zaratamon dauden gainontzeko elkarteak gonbidatzen ditugu gure jaietan parte hartzera”, azaldu dute Jai Batzordetik. Laster bigarren bilera egingo dute eta programa osotuago baten berri emango dutela azaldu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamok luiziek hondatutako errepide zatiak konpondu ditu Madariaga eta Arkotxan

31.725 euro bideratu ditu iazko euriteek Madariaga eta Arkotxako Santa Barbara auzoetan sortutako kalteak konpontzeko

|

Amaitutako hormak, Madariaga auzoan // Geuria

Zaratamoko Udalak 31.725 euro bideratu ditu iazko euriteek Madariaga eta Arkotxako Santa Barbara auzoetan sortutako kalteak konpontzeko. Izan ere, 2023an gertatu ziren euriteen ondorioz luiziak egon ziren. Mendiko lurra, urak bultzatuta, errepide gainera erori zen, eta kalte materialik sortu ez bazuten ere, kontentzio-lanak egin behar izan ditu Udalak arazoa errepika ez dadin.

31.725 euro horietatik 22.094 euro Bizkaiko Foru Aldundiko aurreikusi gabeko diru-laguntzetakoak dira eta aurrekontu horrekin porlanezko hormak eraiki dituzte lurra eta errepideak babesteko bai Madariaga, bai Arkotxako Santa Barbara auzoetan. Lanak berez bukatuta daude.

Porlanezko hormak, Madariagan // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

#A21 / Emaitzak / Zaratamo / EH Bildurekiko alde estuagoarekin irabazi ditu EAJk hauteskundeak

#A21 / Zaratamo / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri