→Zaratamo

Santa Barbara eta Olagane pasarela batekin lotu gura ditu Zaratamoko Udalak

Urtea bukatu baino lehen egin nahi du Udalak Santa Barbarako auzoa eraberrituko duen proiektuaren lehen esku hartzea. Bizilagunen irisgarritasuna hobetzea da lehentasuna

Santa Barbara eraberritzeko aurreproiektua / Zaratamoko Udala

Urtea bukatu baino lehen egin nahi du Udalak Santa Barbarako auzoa eraberrituko duen proiektuaren lehen esku hartzea. Bizilagunen irisgarritasuna hobetzea da lehentasuna.

Urtea bukatu baino lehen eraiki nahi du Zaratamoko Udalak Santa Barbara auzoa Olaganeko parkearekin lotuko duen pasarela: “Pasabide berria Arkotxan dagoen pasarelarekin konektatzea da helburua. Santa Barbarako bizilagunek itzuli handia egin behar dute egun trenbidearen bestaldean dagoen autobus geltokira iristeko. Konexio berri honekin, erdira murriztuko dugu bidea”, azaldu du Jon Ajuria alkateak. Hain zuzen ere, auzoa eraberritzeko aurreproiektuaren lanketan ari da Zaratamoko Udala, Galdakaoko Udala eta Santa Barbarako bizilagunek osatutako batzordearekin batera. “Anbizio handiko proiektua da, eta oraindik ere aurreproiektu fasean dago. Galdakaoko Udalak hobekuntzak egingo dituela jakinarazi du, eta bizilagunek ere hainbat proposamen egin dituzte. Horiek aztertzen ari da arkitektoa, baina pasarelari lehentasuna eman eta urtea bukatu orduko eraiki nahi dugu”, dio Ajuriak. 100.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusten du Udalak konexio berriaren obretan.

Auzo barruko irisgarritasuna
Aurreproiektuak bestelako esku hartzeak ere jasotzen ditu. Batetik, eskailerak dauden tokian “arrapala leunak” egitea, adineko jendea errazago mugitu dadin auzoan gora eta behera. Bestetik, kotxeentzako aparkalekuak etxeen aurretik kendu eta izkinetara mugitzea, “ondo bereizitako 138 aparkaleku sortuz”. Umeentzako parkeak eta atseden hartzeko tokiak eraikitzeko asmoa du Udalak, baita oinezkoentzako espaloia zabaltzekoa ere. Bestalde, etxebizitza komunitate bakoitzari aukera emango zaio lehenengoz eskailerak eraikinaren atzeko aldera ateratzeko eta bertan igogailua jartzeko. Hori baina, “atari bakoitzak erabaki beharko du”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak