→Zaratamo

Ohitura osasungarriak bultzatzeko Batzorde Soziosanitarioa osatu dute

zaratamo 2016 eskola

Osasun programa bat abiaraziko du Udalak, batez ere umeei eta adinekoei zuzendutakoa. Helburua da udalerrian ohitura osasungarriak bultzatzea.

Zaratamoko eskolarekin lanean dihardu Udalak // Geuria

Osasun programa bat abiaraziko du Udalak, batez ere umeei eta adinekoei zuzendutakoa. Helburua da udalerrian ohitura osasungarriak bultzatzea

Zaratamok osasun programa zabalduko du udalerrian, batez ere umeei eta adinekoei zuzenduta. Ildo horretan, Batzorde Soziosanitarioa osatu berri dute herriko hainbat eragileren artean: medikua, erizaina, eskualdeko Osakidetzako koordinatzailea, eskolako zuzendaria, Besopean Guraso Elkarteko ordezkariak, Udaleko Gizarte Langilea eta alkatea dira batzordeko kideak.

“Batzorde honen helburua izango da ohitura osasungarriak udalerrian sustatzea. Horretarako ohitura horiek aldatu nahi dituztenei azterketa indibidualak egingo zaizkie ohitura osasungarriak euren egunerokotasunean barneratu ditzaten”, dio Jon Ajuria alkateak. Era berean, modu kolektiboan ohitura osasungarriak bultzatzeko programa martxan jartzea da asmoa.

500 galdetegi

Herritarren gaur egungo ohitura osasuntsuak ezagutzeko helburuarekin Zaratamoko Udalak galdetegiak banatuko ditu maiatzean. “Eskolarekin elkarlanean ari garela, eurek galdetegiak banatuko dituzte ikasleen artean. Bestetik, 55 urtetik gorako herritarrei etxera bidaliko diegu galdetegia, nahi duenak bete eta entrega dezan”, dio Ajuriak. Gutxi gorabehera 500 galdetegi inguru banatuko dituzte herritarren artean. Era berean, udal webgunearen bitartez ere galdetegia betetzeko aukera egongo da.

Galdetegiak hiru ardatz nagusi ditu: elikadura, ariketa fisikoa eta tabakoa. “Ohitura osasuntsuak barneratu nahi dituenak galdetegia bete beharko du eta bertan zehaztu zeintzuk diren bere gaur eguneko elikadura ohiturak, ariketa fisikoa egiten duen edo ez, edota erretzen duen edo ez. Galdetegia behin beteta, udalerriko kontsultategian entregatu beharko du”, dio Ajuriak: “Herritarren segurtasunerako, medikuak eta erizainak bakarrik ezagutuko ditu datu horiek”. Ondoren, galdetegia aztertuta, medikuak neurri indibidualak jarriko dizkio interesdunari, bizitza osasuntsuago bat eramateko.

Gizarteratze osasuntsua

Azterketa indibidualez gain, taldeei zuzendutako programa martxan jarriko du Udalak, “aurreikuspenen arabera, uda ostean”, dio Ajuriak: “Maiatzetik aurrera hilero Batzorde Soziosanitarioko kideak hilean behin bilduko gara eta aztertu egin dugu ea modu kolektiboan zein jarduera susta ditzakegun herritarren artean bizimodu osasuntsua bultzatzeko”.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|