→Zaratamo

Zaratamo | Eskola txikien gazi-gozoak

Irakasle, guraso eta ikasle ohiekin eskolaren nondik norakoei buruz berba egin dugu

Eskola komunitate osoa, "Guztiok. Guztiona. Guztiontzat" lemarekin / Z.E

Mendian, berdegune zabalen artean, Haur eta Lehen Hezkuntzako 111 ume batzen dituen eskola dago Zaratamon, Gurutzalde auzoan. Herri txikia den neurrian, eskolako geletan biltzen diren umeen taldeak ere txikiak dira, baina bertako irakasle, langile, guraso eta ikasle ohiek bat egiten dute esatean “guztion artean familia bat” osatzen dutela. Jakitun dira Zaratamon ez dagoela inguruko eskoletan dagoen adina ume, baina eskolak badu zer eman, “orain gaudenak baino gehiagorentzat”, eta horregatik inguruko herrietako familia eta umeei ere gonbita luzatu nahi izan diete, eskola aukeratzeko orduan, “Zaratamoko eskola ere kontuan izan dezaten”.

Iosune Etxeita da egungo eskolako zuzendaria. 1988ko irailean heldu zen Zaratamora, “ilusioz beteta”, eta ordutik, hezkuntza zentroaren helburua “pertsona euskaldunak, euskaltzaleak, ekintzaileak eta zoriontsuak heztea” izan dela dio. Eskolan ikasle gehiago edukitzea gustatuko litzaiokeela aitortzen duen arren, ume kopuru urria izateak “gertuko arreta zabalagoa” eskaintzea ahalbidetu duela dio Etxeitak: “Guztiok ezagutzen ditugu guztion izenak. Horrek ikasle-irakasle harremana asko errazten du eta, zer esanik ez, ikasleen artekoa ere”.

Eskolak goizeko 8etan zabaltzen ditu ateak: “Goiztiarren gela dugu eta bertan behar dutenentzako gosaria prestatzen dugu”. Goizeko jarduna bakarrik dutenean, arratsaldeko 4ak arte jolasak eta tailerrak antolatzen dituzte. Egun osoko jardunarekin, eguerdietan eskolaz kanpoko ekintzak ere antolatzen dituzte: panderoa, antzerkia, dantza modernoa, ingelesa eta robotika, besteak beste. Ortu propioa ere kudeatzen dute eskolan, eta bertatik ateratako jakiak jaten dituzte: “Sukalde eta jangela ezin ederragoak ditugu eta janaria bertan prestatzen da, dena”, dio zuzendariak.

UMEEN ONGIZATEA
Maritxu Zugartaza Lehen Hezkuntzako irakasleari deigarria iruditzen zaio eskolan “umeen ongizate emozionalari ematen zaion garrantzia. Egunean, gutxienez hiru momentutan erlaxazio ariketak egiten ditugu umeak lanerako prest egon daitezen eta, honekin batera, beraien sentimenduak adierazteko aukera ematen diegu”. Ikasleen arteko istiluak sortzen direnean, ordea, “bitartekariaren figura” nabarmendu du Zugartazak: “arazoak ikasleen artean bideratu ditzaten ahaleginak egiten ditugu, beraien artean konponbiderako konpromisoetara heltzen lagunduz”. Haur Hezkuntzako irakaslea da Anabel Asua, eta eskolak adin desberdinetako ikasleak elkarlanean jartzeko egindako hautua azpimarratu du: “Talde txikietan aritzeak hainbat aukera eman dizkigu, besteak beste, ‘gela irekien metodologia’ erabiltzeko. Era honetan, adin desberdinetako ikasleak ekintza bateratuetan uztartzen ditugu. 2, 3, 4 eta 5 urteko haurrak elkarlanean aritzen dira eta horrek autonomiarako, harremanak saretzeko eta esperimentazioa lantzeko testuinguru egokia sortzen du”.

Ikasle eta irakasleen arteko harremanaz aparte, gurasoekiko gertutasuna nabarmendu du Aintzane Errasti ingeleseko irakasleak: “eskolako ateak beti daude zabalik”. Hizkuntza lanketari dagokionez, antzerkigintza tailerra ingelesez egiten dutela azaldu du Errastik: “tresna izugarria da ahozko hizkuntza zuzenago lantzeko, intonazioa, memoria, hiztegia, rolak, norberaganako konfiantza, komunikazio eta konpetentzia sozialak… Eta, noski, haientzako ere sekulako esperientzia da!”. Azken urteetan 5. eta 6. mailako ikasleak ingeleseko barnetegietara bideratu dituztela dio irakasleak.

Aiora Renteria musika irakasleak gogoan du Zaratamoko eskolara iritsi zen eguna, baita musika gela lehen aldiz ikusi zuenekoa ere: “Txundituta utzi ninduen eskolak berak, mendian, berdeguneak, patio zabalak, futbolina, pin pon mahaiak… Sekula ez nuen horrelakorik ikusi. Musika gelara eraman nindutenean emozio handiz ikusi nuen zer nolako espazioa nuen, musikarako bakarrik, inorekin konpartitu gabe. Izugarria iruditu zitzaidan: arbela digitalarekin, beste gela guztietan bezala, eta musika tresna piloarekin. Oso azkar erabaki nuen ahal nituen urte guztiak eskola honetan pasatuko nituela”. Eskolaz kanpo egiten dituzten ekintzetan ere ederto pasatzen dutela dio Renteriak: “gehien atsegin dudana Gabonetan plazan egiten dugun merkatua da. Maiatzeko truke azoka, inauterietako jaialdia, euskal astea, euskararen eguna… Guretzako egun gogorragoak dira, baina umeek primeran pasatzen dute, eta hori da garrantzitsuena”.

JOLASTOKIA ERALDATZEN
Ainara Sacristan eskolako ikasle ohia da, eta orain Besopean Gurasoen Elkarteko kidea ere bada. Elkarteak eta eskolak egun esku artean duten proiekturik nabarmenena jolastokiaren eraldaketa dela azaldu du Sacristanek:”leku ederrean gaude, patio itzela daukagu eta aukera asko ematen dizkigu: dibertigarria izan daiteke, desberdina eta batez ere, inklusiboa, neskena eta mutilena. Horretarako jolas arautuaren eta librearen arteko oreka bilatzen ari gara”. Durangoko Kurutziaga edota Europako beste eskola batzuk aztertu eta gero, arlo honetan “zer hobetu badagoela” aitortu du Ainarak, eta horregatik jolastokiaren erabilerari buruzko diagnostikoa prestatu du eskolak, Udaleko Berdintasunerako Komisioaren batera, etorkizunean “beharrezko aldaketak” egiteko helburuarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak