→Zaratamo

Gurutzalden 50 etxebitza tasatu egiteko lizitazioa uda aurretik eman lezake Udalak

zaratamo gurutzalde 2018 etxebizitza berriak lursaila

Etxebizitzak eraikitzeko obren lizitazioa uda aurretik aurkeztuko dutela dio udal gobernu taldeak. Era berean, aurrerago 12 etxebizitza pribatu eraikitzea aurreikusi dute.

Gurutzalde auzoko lur-eremu berde honetan eraikiko dituzte etxebizitza berriak // Geuria

Etxebizitzak eraikitzeko obren lizitazioa uda aurretik aurkeztuko dutela dio udal gobernu taldeak. Era berean, aurrerago 12 etxebizitza pribatu eraikitzea aurreikusi dute

Hamar urte baino gehiago dira Zaratamon etxebizitzarik eraikitzen ez dela. Olaganekoak dira berrienak. “Etxebizitza indibidualak eraiki dira urte hauetan zehar, baina pisurik ez“, dio Jon Ajuria Zaratamoko alkateak. Hala ere, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) orain dela bi urte onartu zutenean, udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen udal-ordenantza onartu zuen Zaratamoko Udalak 2016ko azaroan. “Beraz, hemendik aurrera udal-etxebizitzak egiteko aukera izango dugu Zaratamon“, dio Ajuriak.

Udal-ordenantza horrek Gurutzalde auzoan 50 etxebizitza tasatu eraikitzeko aukera emango du. “Uztailean eta irailean Zaratamoko herritarrei zuzendutako inkesta pertsonalak burutu genituen, etxebizitza berria erosteko interesa zutenei zuzendutakoak. Horrek hurbilpena eman digu jakiteko zenbat jende dagoen benetan interesaturik“, dio Ajuriak.

Inkestak analizatu eta gero, etxebizitzen ezaugarriak eta baldintzak aztertzen izan da Zaratamoko Udala eta otsailetik aurrera eraikuntza enpresa edo kooperatibekin jarriko da harremanetan. “Aurrekontuaz hitz egiteaz gain, guk jarritako etxebizitzen baldintzak eta horien prezioak aztertu eta konparatzeko egingo ditugu bilerak eraikuntza enpresa eta kooperatiba ezberdinekin“, dio Ajuriak.

Eraikuntza enpresa eta kooperatibekin bilerak egin ostean, lizitazio publikora aterako luke Udalak enpresa edo kooperatiba batek etxebizitza berri horiek eraiki ditzan. “Kontratazio-mahaia zabalduko genuke orduan. Udaletik egin ditugun aurreikuspenen arabera, uda aurretik adjudikatuta egongo lirateke obrak“, dio Ajuriak. Zentzu horretan, adjudikazioa eman ondoren hasiko lirateke eraikuntza obrak.

Era berean, Gurutzalden 12 etxebizitza libre ere aurreikusten dituzte, bigarren fase batean eraikitzekoak. “Lursailaren %80a Udalarena da eta bertan kokatuko genituzke etxebizitza tasatuak. Gainontzeko lursailaren %20 -errepide ondoko eremua- jabetza pribatukoa da“, dio Ajuriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak