→Zaratamo

‘Zaratamo. Pilotarien lurraldea’ erakusketa, maiatzaren 4tik 22ra

XVIII. mendetik gaur egunera arte euskal pilotak izandako bilakaera eta bereziki Zaratamon eduki duen presentzia erakusketa batean bildu ditu Jon Ajuria zaratamarrak.

Maiatzaren 4tik 22ra ikusgai, Elexaldeko eskola zaharrean / Z.U

XVIII. mendetik gaur egunera arte euskal pilotak izandako bilakaera eta bereziki Zaratamon eduki duen presentzia erakusketa batean bildu ditu Jon Ajuria zaratamarrak. Elexaldeko Eskola Zaharrean egongo da ikusgai, maiatzaren 4tik 22ra.

“Elexaldeko pilotalekua beti izan da pilotarien sorlekua, eta halaxe izaten jarraitzen du”, azaldu du Ajuriak. Hain zuzen ere, herrian betidanik existitu den afizioari tiraka osatu du zaratamarrak erakusketa: 18 panel guztira, 6 euskal pilotaren historia laburbilduz eta 12 Zaratamoko pilotariei eskainiak. “6 hilabete pasa ditut ikerketa lanak egiten. Lan izugarria izan da, baina gustura egindakoa”, aitortu du Ajuriak. Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano egungo pilotari profesionalez aparte, Victor Urkiza, Jose Migel Elorz edota Jose Luis Urrutikoetxea ‘Takolo’ ere gogora ekarri ditu erakusketan: “Herri arteko txapelketan eta Espainiako txapelketan garai oparoak bizi izan ditu Zaratamok, 70eko hamarkadan batez ere. Hiru aldiz izan gara txapeldun eta lau aldiz txapeldunorde”.

Herriko jai eta joko nagusia
“Zaratamon ez zegoen futbol zelairik. 80ko hamarkadan eraiki zuten lehena, baina jendeak nahiago zuen pilota futbola baino. Horren adibiderik argiena: herriko futbol taldea desagertu baino lehen, izan zituen azken jokalarietatik bakarra zen hemengoa”, azaldu du Ajuriak. 1955ean inauguratu zuten Elexaldeko frontoia, baita Bizkaian erreferente bihurtu ere: “Inguruan pilotaleku handiak zeuden, bai, baina gureak bazeukan besteek ez zuten zerbait: zelaiaren zatia estalita zegoen. Beraz, eguraldi ederra egin zein euria egin, zaratamarrak frontoian ari ziren beti”.

Erakusketaren inaugurazioa maiatzaren 4an izango da, 12:00etan, Jon Ajuriaren eskutik. Hortik aurrera, astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 18:30etatik 20:30etara eta larunbatetan 11:30etatik 13:30etara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak