→Zaratamo

Herriaren nondik norakoak batzen dituen lehen udal gida argitaratu du Zaratamok

Herriaren oinarrizko informazioa eta historiaren inguruko erreportajeak biltzen ditu Zaratamoko lehen udal gidak.

Ezkerretik eskumara: Susana Viar gidaren editorea, Jon Ajuria alkatea eta Marimar Lopez alkateordea / Geuria

Liburuxkan idatzitako kontu asko ez daudela beste inon jasota dio Jon Ajuria Zaratamoko alkateak.

Zaratamok badu bere udal gida, eta ez nolanahiko gida” dio Jon Ajuria alkateak. “Gainontzeko herriak bere udal-gidaren hirugarren edizioa egiten ari ziren bitartean, Zaratamon ez geneukan ezer. Zerbait egin behar genuela aprobetxatuta, datuak eta zerbitzuak ezagutarazteaz aparte, balio erantsia eman nahi izan genion liburuxka honi”, azaldu du Ajuriak. Hain zuzen ere, udalerriko datu orokorrak biltzeaz gain, alkateak berak idatzitako erreportaje laburrak biltzen ditu argitara berri duten udal-gidak: Zaratamoko historiako lehen bizilagunen ingurukoa, ondare historikoa osatzen duten baseliza, parrokia, eliza eta etxeen ingurukoa, Arkotxako pasio bizidunari buruzkoa edota Zaratamok pilotarekin izan duen lotura historikoa laburbiltzen duen erreportajea. 1.500 gida atera dituzte eta herritarrei etxera helduko zaie. “Erronka polita iruditu zait udal-gida osatzea. Gure herriari buruz ez dago gauza handirik idatzia, guk ordea, gauza asko dauzkagu kontatzeko. Gida honekin gure ondarea ezagutarazteko aurrera pauso bat eman nahi izan dugu. Hemen idatzitako kontu asko ez dago inon idatzita, ikerketa lana ere badauka gida honek”, azaldu du Zaratamoko alkateak. Doakoa da gida eta herriko udal bulegoetan egongo da eskuragai. “Herritarren interesekoa izatea espero dugu. Gure herriak azken mendean izandako eboluzioa azaltzen saiatu gara bertan. Zaratamokoa ez den norbaitek ere gustura irakurri dezakeela uste dut”, dio Ajuriak.

Hausnarketarako erreminta
Herritarren probetxurako izateaz aparte, Udalari ere hausnarketa egiteko balio izan diola dio: “Gure zerbitzuen zerrenda egiterakoan, askotan zenbaiteri ez zaiola behar besteko etekinik ateratzen ikusi dugu, zerbitzu horiek zertan diren ezagutzen ez delako. Hauen existentziaz eta onurez herritarrei nola komunikatu behar diegun birpentsatzeko abiapuntua suertatu zaigu gida”. 31 orrialdeko liburuxka osatu du Udalak, euskaraz eta gazteleraz idatzia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak