→Zaratamo

Paul Urkijo, Errementari filmeko zuzendaria, Zaratamoko Zine Forumean

Errementari pelikula proiektatuko dute Zaratamoko Zine Forumean, irailaren 29an, arratsaldeko zazpietan. Paul Urkijo zuzendaria izango da bertan.

Errementari (Paul Urkijo) / errementari.com

Larunbatean, irailaren 29an, Errementari euskarazko pelikula proiektatuko dute Elexaldeko Kultur Etxean, 19etan. Paul Urkijok zuzendutako filma da Errementari eta hura ikusi ondoren, zuzendariarekin solasaldia edukitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gogoratu Donostiako Zinemaldian parte hartu duela Urkijoren pelikulak.

Sinopsia:
10 urte pasatu dira 1833ko lehenengo Gerra Karlistatik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera daramate. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortzen du, eta agerian uzten du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.

Besteak beste, Itziar Ituño basauriarra, Eneko Sagardoy, Kandido Uranga edota Ramon Agirre aktoreak agertzen dira pelikulan. Agare Lopez basauriarrak, bestalde, produkzio lanak egiten ditu filmean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak