→Zeberio

Andoni Cintado zeberioztarra: “Goi mailako kirolaria izateagatik ez diot ikasteari utziko, bateragarriak dira”

Espainiako txapelduna da Jon Andoni Cintado Artetxe gazte zeberioztarra, 74 kilo azpiko kategorian.

Andoni Cintado zeberioztarra / Utzitakoa

Espainiako txapelduna da Jon Andoni Cintado Artetxe gazte zeberioztarra, 74 kilo azpiko kategorian, Alacanten burututako txapelketa irabazi ondoren. Gurean hamabost bider izan dan txapeldun, taekwondoko kategoria ezberdinetan.

20 urterekin Espainiako taekwondo txapeldun absolutua da Jon Andoni Cintado Artetxe zeberioztarra, pasa den martxoaren 9an Alacanten burututako Estatuko txapelketa irabazi eta gero. Iaz Valladoliden bigarren sailkatu zen. 6 urterekin hasi zen Andoni taekwondoa praktikatzen eta ordutik ibilbide desiragarria izan du: 15 aldiz izan da Euskadiko txapelduna, kadete, junior, 21 urte azpikoan eta maila absolutuan. Espainian ere goia jo du kategoria guztietan. Alacanten lortutako garaipenarekin Espainiako taekwondo borrokalaririk onena bihurtu da, 74 kilo azpiko kategorian.  Nazioartean aritutakoa ere bada gazte zeberioztarra: Poloniako Openean hirugarren sailkatu zen kadete mailan eta bosgarren absolutuetan; bosgarren Luxemburgon eta Turkian ere.

Goi mailako kirolaria
Arrigorriagan eta Basauriko Masters kiroldegian entrenatu izan du Cintadok, baina orain Valentzian bizi da, hango unibertsitatean ari baita Industria Diseinuko ingeniaritza ikasten. “Goi mailako kirolaria izateagatik ez diot ikasteari utziko, bateragarriak dira. Ahalegin handia exijitzen du horrek, noski, baina uste dut kirolak asko lagundu didala nire denbora kudeatzen eta erronka berriei aurre egiten”, dio Cintadok.

Espainiako txapelketa burututa, Castellonen egingo den Nazioarteko Open txapelketan parte hartuko du Cintadok, Estatuko eta Europako talde onenen aurka lehiatzeko. Estatuko Unibertsitate arteko txapelketa ere aurki izango da, eta garaipena du helburu, iaz txapeldunorde sailkatu ondoren. Udarako Unibertsitate Olinpiadak ditu jomugan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak