→Zeberio

Upoko burdin-hesiko metrailadoreak berreskuratzeko lanak hasiko dituzte Zeberion

Arkeologo eta historialariz osatutako talde batek zuzenduko ditu lanak. Gerra Zibilak utzitako arrastoak berreskuratu eta publikoarentzat ikusgai jartzea da lanen helburua.

San Segismundo ermitaren atzealdean hasiko dira lanean aurki / Zeberioko Udala

Arkeologo eta historialariz osatutako talde batek zuzenduko ditu lanak. Gerra Zibilak utzitako arrastoak berreskuratu eta publikoarentzat ikusgai jartzea da lanen helburua.

Antzinako arrastoak eta herriaren balio historikoa berreskuratzeko asmoz, hainbat eskuhartze egin ditu Udalak azken bi urteetan. Horren adibide dira errementariaren ogibidearen inguruko museoa, Ermitabarriko San Antonio baselizaren zaharberritzea, Etxebarriko karobiaren eta Uriondoko iturriaren berreskuratze lanak…. Oraingoan Upo mendiaren magalean dagoen burdin hesiaren zatia jarri dute jomugan.
Alderdi Nazional Faxistatik babesteko burdin-hesiaren 3. sektorearen barruan zegoen Zeberio, Okondo, Laudio, Arrankudiaga, Ugao eta Galdakaorekin batera. Lubakiak, alanbre-hesiak, parapetoak, metrailadore-habiak, multzo gotortuak eta babeslekuak eraiki zituzten Zeberion eta horiek berreskuratu nahi ditu orain Udalak. Arkeologo eta historialari profesionalen laguntzaz, metrailadoreak berreskuratzen hasiko dira lehenengo. “Bereziki zaindutako lanak izango dira, eskuz eginak, eta historia ondo ezagutzen duten pertsonek gidatuta”, dio Karlos Idirinek.

Indusketekin hasiko dira aurki, San Segismundo ermitaren atzealdean: “Jakin badakigu Zeberion ez zela tirorik gertatu. Goikoecheak Upoko azpisektorean utzi zuen ahulgune edo zirrikituetako bat prest, bertatik Burdin Hesia hautsi zedin, baina azkenean, Larrabetzutik hautsi zen Burdin Hesia, 1937ko ekainaren 12an”, azaldu du Idirinek. Hala ere, indusketetan garai hartako bestelako arrastoak agertu daitezkeela uste du alkateak. Metrailadoreak jatorrizko egiturarekin berreskuratu ondoren, lubakietan jarriko dute arreta: “Hiru metro inguruko lubakia berreskuratzea da asmoa. Horrez gain, zenbait multzo-gotortutan ere abiatuko ditugu lanak”. Azaroan hasiko dira Upoko burdin-hesi eremuko metrailadoreekin lanean. Lehen fase hau hiru hilabetez luzatu daitekeela uste du Udalak. 16.000 euro bideratu ditu guztira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak