→Zeberio

Eraso sexistarik gabeko jaien aldeko edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte Zeberioko Sandonietan

Udalak eta Jai Batzordeak eraso sexistarik gabeko jaien aldeko konpromiso irmoa azaldu dute eta horren harira zenbait jarduera proposatu dituzte jaiek iraun bitartean. 

Txosnetan eta tabernetan banatuko den edalontzia / Z.U

Abuztuaren 29tik irailaren 2ra arte ospatuko dituzte Sandoniak Zeberion, eguenetik astelehenera. Udalak eta Jai Batzordeak eraso sexistarik gabeko jaien aldeko konpromiso irmoa azaldu dute eta horren harira zenbait jarduera proposatu dituzte jaiek iraun bitartean.

Bost egunetan zehar eraso sexistarik gabeko jaien aldeko edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte txosnetan eta tabernetan. Era berean, abuztuaren 31an, larunbatez, Sexu Bizi gunea jarriko dute Zubialden. “Erasoen aurkako babes gune” gisa izendatu dute Sexu Bizi txokoa, eta erabilgarri egongo da 23:00etatik 02:00etara. Sexu indarkeria identifikatu eta hura baztertzeko informazioa banatuko da Sexu Bizin, “ardura, errespetua, askatasuna, ligoteo sanoa, aniztasuna eta norbanakoen eskubideak” gogorarazteko erreminta gisa.

Txupineroak

Aurten lehenengo aldiz, Zeberioko herritarrek aukeratuko dute Sandonietako txupineroa nor izango den, galdeketa bidez. Proposamenen artean Ermitabarriko Eusebio Aldekoa zahar egoitza, Txubelasu Guraso Elkartea eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma daude. Abuztuaren 9ra arte bozkatu ahal izango da, esteka honetan sakatuta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak