→Zeberio

Europako hemeretzi ikasle Zeberioko eskolan izan dira aste batez

Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako hemeretzi ikasle eta herrialde bakoitzeko bina irakasle izan dira Zeberion, azaroaren 5etik 11ra.

Donostiara egindako irteera, Zubialdeko ikasleak eta europarrak / Zubialde

Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako hemeretzi ikasle eta herrialde bakoitzeko bina irakasle izan dira Zeberion, azaroaren 5etik 11ra. Zubialde eskolako 6. mailako ikasleak ere Finlandiara eta Txekiara joango dira, urtarrilean eta maiatzean. 

Zeberioko Zubialde eskola Europako lau ikastetxeren arteko topagunea bihurtu da aste batez. Herrialde ezberdinetako kultura ezagutu, metodologia eta hezkuntza sistema desberdinez ikasi eta elkarren arteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin, Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako eskolek, Zeberioko eskolarekin batera, proiektu amankomuna garatzen dute urtero, Eramus+ programaren barruan. Hala, eskola hauetako umeek eta irakasleek proiektuan parte hartzen duten herrialdetara bidaiatzeko aukera dute.  Azaroaren 5etik 11ra bitartean Zeberion izan dira Europako hemeretzi ikasle eta zortzi irakasle: “Ikasleak eskolako familien etxeetan izan dira, 5. eta 6. mailako gure ikasleekin batera. Komunitate osoa elkarrekin aritzeko aukera ederra izan da, gurasoek seme-alaben heziketa eta ikasketa prozesua gertutik bizitzeko. Izan ere, proiektua aurrera ateratzeko ezinbestekoa da gurasoen parte hartzea”, azaldu du Nuria Kortak, Zubialde eskolako zuzendariak. Zeberioko 6. mailako ikasleak bi txandatan joango dira Europara, urtarrilean Finlandiara eta maiatzean Txekiara.

Izaskun Garrote ingeleseko irakasleak eta eskolako zuzendaritzak koordinatzen dute ekimena, ikasleekin batera egiten dituzten bidaietan izaten dituzten bileren bitartez eta bideo konferentzien bitartez. Hala, eskola guztien artean unitate didaktikoak eta ikasteko materialak sortzen dituzte.

Eskolan egindako ekintzez aparte, hainbat irteera egin dituzte elkarrekin. Besteak beste, Guggenheimen, Gaztelugatxen eta Donostian izan dira / Zubialde

Bata bestearen irakasle
Aurtengo ikasturteko proiektuan bost herrialdeetako hizkuntzak lantzea izan dute helburu, esku-lanen bitartez: “Herrialde bakoitzak bere hizkuntza irakasteko behar dituen hizkuntza egiturak eta hiztegia prestatzen ditu eta sormenaren bidez lantzen ditugu ondoren. Besteak beste, sukaldaritza, zeramika edota material birziklatuarekin egindako eskulanak erabili ditugu ikasbide bezala. Hizkuntzen aniztasunari gorazarre egiteko eta gure hizkuntza ezagutarazteko aukera paregabea dugu”, dio zuzendariak. Gauzak horrela, bata bestearen irakasle eta ikasle izan dira Zeberioko ikasleak eta Europatik etorritakoak. Ikasle nagusientzat bereziki zuzendutako proiektua bada ere, zuzendariak azaldu du eskola osoak parte hartzen duela: “Zubialde osatzen dugun guztioi egokitu zaigu zerbait egitea. Txikienek adibidez, ongi etorria egiteko kartulinak egin dituzte, 2. ziklokoek zenbait jolas antolatu dituzte europarrekin batera egiteko… Zeharka bada ere, aste berezia izan da guztiontzat”.

Eskolatik kanpo ere, hainbat ekintza antolatu dituzte: Zeberioko Errementari museoa bisitatu dute, Ermitabarriko parrokian izan dira, Guggenheimera joan dira, Bermeo eta Gaztelugatxe erakutsi diete eta Donostiara irteera antolatu dute. Gurasoen elkarteak ere luntxa prestatu du herriko plazan, guztiek elkarrekin arratsalde pasa egin dezaten Zeberion:  “Euskaldunak munduan non gauden eta gure egunerokoaz aditzera emateko aukera izan dugu”, dio Nuriak.  “Nortzuk garen eta nola lan egiten dugun erakutsi ahal izan dugu, ikasleei bestelako ikasketa bidea eskaini diegu, beste kulturekiko errespetua landu dugu eta eskolari eta euskarari identitatea eman diogu, guztiok irabazi dugu zerbait proiektu honekin”, adierazi du Zubialdeko zuzendariak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak