→Zeberio

Galder Gobantes: “Hamar egun eman genituen Txinan, eta nik sei, maleta barik”

Galder Gobantes Sokarri Sokatira Zeberio
Galder Gobantes Zeberion / Geuria

Sokatira munduan zehar hedatuta dago. Horren erakusgarri argia da Xuzhou herrian, Txinan, martxoaren 8tik 11ra bitartean jokatutako Goma Gaineko Munduko Txapelketa. Alde batetik kluben arteko lehia izan zen lehen bi egunetan eta bestetik, asteburuan, naziokako lehiak. Kluben arteko lehian Euskal Herriko sei talde aritu dira Munduko Sokatira Txapelketan, tartean Arrigorriagako Sokarri. Badaiotz (Gasteiz), Gaztedi (Laukiz), Ibarra (Gipuzkoa), Berriozar (Nafarroa) eta Zuraide (Lapurdi) izan dira txapelketan parte hartu duten beste taldeak. Nazioen artekoari dagokionez, Euskal Herriko selekzioa Basque Country gisa aritu da. Euskal ordezkariek kluben arteko lehian 9 domina irabazi dituzte eta Basque Country moduan 7 domina lortu dituzte.

Galder Gobantes (Zeberio, 1987) Sokarri taldeko kidea da eta Txinan izan da lehiatzen, bai kluben arteko txapelketan Sokarri taldearekin bai Euskal Herriko selekzioan. Naziokako txapelketan zilarrezko domina lortu du Gobantesek, 600 kiloko kategorian.

Hunkigarria izango zen Munduko Sokatira Txapelketako finala jokatzea.
Bai, noski. Hala ere, emozio handiagoa izan zen finalera pasatzea, finala bera jokatzea baino. Ez genuen espero Euskal Herriko selekzioarekin hain urrun heltzea txapelketan. Esperantza galtzen den azkenengo gauza da, baina egia esan ez genuen finala jokatzeko itxaropen handirik. Beraz, emozio handia izan zen finalaurrekoetan finalerako txartela eskuratzea.

Euskal Herriko selekzioan hautatua izateko zein izan da prozedura?
Euskal Herri mailan lau kategoria daude, mundialeko kategoria berak: lur gainekoa eta goma gainekoa; gizonezkoak eta emakumezkoak; senior, 23 urte azpikoak eta juniorrak; eta mistoak. Pisuaren arabera ere sailkatzen da kategoria bakoitza, 480 kilotik 720 kilora artekoak. Orduan, Euskal Herriko txapelketa irabazten duen klubak ardura dauka Selekzioko taldea osatzeko. Baliteke kluba bere osotasunean aurkeztea edo beste klubetako kirolari batzuei deitzea. Aurten Ibarrako kluba izan da txapeldun eta bere taldeko bost eta beste taldeetako hiru hautatu ditu: bost gipuzkoar, nafar bat eta bi bizkaitar aritu gara Euskal Herriko selekzioan.

Sokarriko bakarra izan al zara, beraz, Euskal selekzioarekin?
Hala da. Lau talde ezberdinetako kideak izan gara selekzioan: Ibarra (Gipuzkoa), Berriozar (Nafarroa), Gaztedi (Laukiz) eta ni neu Sokarrikoa (Arrigorriaga). Bakoitzak bere estiloa izan arren, sokatiran garrantzitsuena da taldean, blokean, tiratzea.

Zein ordezkaritza izan du guztira euskal delegazioak?
Euskal delegaziotik guztira 112 pertsona izan gara Munduko Sokatira Txapelketan. Era berean, bi euskal epaile ere izan dira: Jose Maria Markaida eta Jose Antonio Uriarte, Nazioarteko sokatira Federazioak, TWIF-ak, deituta epaile lanetan aritzeko.

Sokarri Sokatira

Sokarri, Kluben arteko Munduko Txapelketan / Utzitakoa

Txapelketak bi zati izan ditu: kluben artekoa eta nazioen artekoa.
Bai. Martxoaren 8an eta 9an kluben arteko lehia jokatu zen eta martxoaren 10ean eta 11n, nazioen artekoa. Sokarri taldearekin tiratu nuen kluben arteko txapelketan eta podiumetik hurbil geratu ginen. 600 kiloko kategorian laugarren postua lortu genuen. Ibarrarekin desenpatea egin behar izan genuen: lehenengo tirada guk irabazi, bigarrena Ibarrak eta desenpatea ere Ibarrak irabazi zuen.

Nolakoa izan da esperientzia Txinan?
Goma Gaineko hirugarren mundiala izan da Txinakoa. Sokatira txapelketa Asian jokatu den aurreneko aldia izan da eta esperientzia oso ona bizi izan dut bertan. Beste kontinente bat, beste hizkuntza bat, beste kultura bat ezagutzeko aukera izan dugu, gurearekiko erabat desberdina.

Anekdotarik izango duzu kontatzeko.
Bai, makina bat (kar, kar, kar). Esate baterako, hamar egun eman genituen Txinan eta horietatik sei maleta barik ibili nintzen. Odisea bat izan zen hura. Bestetik, zeremonia egunean Xuzhouneko eskolako umeak harmailetan zeuden eta gure sinadurak eskatzen zizkiguten, gure grafiaz harrituta. Eta kalean argazkiak egiten zizkiguten guri. Badirudi ez daudela oso ohituta europarrak handik ikustera.

Sokatiran zenbat denbora daramazu?
Futbolean aritzen nintzen eta 2008an lotailu-haustura izan nuen. Orduan futbola utzi nuen eta 2010ean, 23 urterekin hasi nintzen sokatiran, goma gainean, Arrigorriagako Sokarri klubean. Gero Eskoziara joan nintzen ingelesa ikastera eta bertako talde batean egon nintzen entrenatzen (munduko onenak dira eskoziarrak sokatiran, goma gainean). Handik bueltan Sokarrira itzuli nintzen, bi urte eman nituen eta Ibarrako taldera joan nintzen. Gaur egun Sokarrin nago eta, aldi berean, orain dela lau urtetik lur gaineko denboraldia prestatzen ari naiz Goierriko taldean.

Euskal Herriko Sokatira Selekzioa

Euskal Herriko selekzioa Nazioen arteko Txapelketan / Utzitakoa

Hain zuzen ere, laster lur gaineko txapelketa hasiko da.
Bai. Maiatzean Belgikan jokatuko dugu lur gaineko txapelketa bat eta irailaren bukaeran Munduko Txapelketa Lurmutur Hirian, Hegoafrikan. Goma gainean eskoziarrak onenak diren bitartean, lur gainekoan suitzarrak dira erregeak. Euren aurka irabaztea ia ezinezkoa da. Guretzat esku pilota edo futbola diren bezala, eurentzat sokatira kirol erregea da. 2020an Mundiala antolatuko dute berriro Suitzan (azkenengoa 2012an) eta ziur gaude harmailak bete-beteta egongo direla, sarrera ordainduta eta guzti.

Zenbat urtez behin izaten dira Sokatira Munduko Txapelketak?
Munduko Sokatira Txapelketak bi urterik behin ospatzen dira, goma gainean zein lur gainean. Aurten Txinan eta Hegoafrikan suertatu dira txapelketak eta 2020an, Suitzan lur gainekoa eta Getxon goma gainekoa. 1995az geroztik ez da Mundialik jokatu Euskal Herrian. Azkena ere Getxon izan zen, Faduran.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak