→Zeberio

Juan Manuel Etxebarria: “Gurea eta batua uztartzea da gakoa”

Zeberioko euskararen balioaz aritu da Juan Manuel Etxebarria historialaria Euskaraldiaren ekitaldien baitan. Hurrengo hitzaldia, abenduaren 3an, Zubialde eskolan eskainiko du.

Juan Manuel Etxebarria historialaria / Arratia Blogspot

Zeberioko euskararen balioaz aritu da Juan Manuel Etxebarria historialaria Euskaraldiaren ekitaldien baitan. Hurrengo hitzaldia, abenduaren 3an, Zubialde eskolan eskainiko du.

“Euskara batua baino askoz gehiago da euskara. Zeberion euskaraz bizi izan gara beti eta bizi gara. Altxorra daukagu bertan, Zeberioko euskara batuarekin uztartzen ikasi behar dugu, gurea ahaztu gabe”, dio Juan Manuel Etxebarriak. Zeberioko berezko berbek, esaerek eta sintaxiak bizirik jarraitzen dutela gogoratu du historialariak. ‘Ikuzi’ adibidez, euskara batuan ‘garbitu’da, baina Zeberion lehenak badu oraindik garrantzia. ‘Beren-beregi’ da beste adibideetako bat: “Eskoletan espreski hitza irakasten dute horren ordez, gazteleratik eratorritakoa. Euskarak baina, badu berezko hitza horretarako, beren-beregi. Ederra da, eta ezin ditugu halakoak ahaztu”.

Beste adibide batzuk ere jarri ditu Etxebarriak: ‘soilik’ batuaz, ‘bakarrik’ Zeberion, ‘pixka bat’ batuaz, ‘apur bat’ Zeberion. Hitanoari buruz ere aritu da: “Zeberioko edadetuek batez ere sano mantentzen dute hitanoa, euskararen formarik zaharrena. Eskoletan zaindu beharreko zerbait da hori. Hitanoz aritzen direnak sintaxi aberatsa gordetzen dute haiekin. Esaldi nagusiak hitanoz esaten dituzte, menpekoak zukaz. ‘Etorri dala esan jok’ adibidez. Eskoletan irakatsi beharreko zerbait da hori”, azaldu du Etxebarriak. Amaitzeko, eskoletan irakatsitako euskara eta etxekoa ezin direla arerioak izan gogoratu du zeberioztarrak, “bietatik edan eta hizkuntza aberatsagoa egin behar dugu”. Hurrengo hitzaldia abenduaren 3an izango du Etxebarriak, Zubialde eskolan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak