→Zeberio

Maddi Zabalo: “Umeen inozentziaz idatzi nahiko nuke, ume baten ikuspuntutik”

Hitz-erdiko kontaketak literatur lehiaketako Elkar Saria irabazi du Maddi Zabalo zeberioztarrak.

Batxilergoko lehenengo mailan ikasten ari da Maddi / Geuria

Aspalditik du Maddi Zabalok (Zeberio, 2002) idazteko afizioa, prosa batez ere. Poesia ere lantzen du noizean behin. Bere ametsa idazlea izatea da, bien bitartean baina, itzulpengintza eta interpretazioa ikasteko asmoa du. Idazteaz eta literaturaz hitz egin digu Maddik, baita bere herriaz eta gazteen inguruko zaletasunen inguruan ere. Institutua eta Zeberio aldatzeko proposamenak ere luzatu dizkigu zeberioztar gazteak.

Hitz Erdiko Kontaketak lehiaketako Elkar saria irabazi duzu. Espero al zenuen?
Egia esan, ez. Aurreko deialdian ere parte hartu nuen, eta esperantza handiagoa eduki nuen orduan. Baina beno, sorpresak ere ondo daude.

Zer esan dizute klasekideek? Irakasleei kontatu diezu?
Literaturako irakasleari kontatu diot, beste inoiz lagundu nauelako zuzenketekin eta abar, baina ikaskideei ez diet horrelako gauzarik aipatzen: ez dago klasean literaturan zaleturik, beraz, ez dut asko zabaldu berria.

Erraza egin zitzaizun esaldia jarraitzea? Halakorik egin duzu noizbait?
Esan bezala, aurreko deialdian ere hartu nuen parte, beraz, inoiz egina nuen; baina sariketa hau ezagutu aurretik, ez. Buelta pare bat eman behar izan nizkion gaiari, baina, behin hasita, ez zait bereziki zaila egin. Gainera, azken esaldi hori, Ruper Ordorikaren Martin Larralde entzuten dudan bakoitzean, iltzatuta bezala geratzen zait, eta segituan okurritu zitzaidan nire kontakizunean erabiltzea.

Istorioaren jarraipena buruan al duzu?
Istorioaren jarraipena baino, ipuinaren atzeko istorioa pentsatu dut: zelan egiten duen alde protagonistak familiarengandik guztiz isolatzeko, adibidez. Ipuina, baina, hor amaituko nuke.

Zertarako erabiliko duzu saria?
Aspalditik buruan ditudan liburu pare bat erostea pentsatu dut, edo, ostantzean, beste barik, Elkarren kuxkuxeatzen egongo naiz, edozeren bila.

Zure lagunen bat animatu al da?
Atzo bertan animatu nuen lagun bat hurrengo deialdira aurkezteko, eta badauka zerbait esku artean.

Lehen lehiaketa da zuretzat?
Ez, badira urte pare bat horrelako literatura lehiaketetan parte hartzen dudala, izugarri gustatzen zaizkit.

Normalean idazten al duzu?
Bai, betidanik. Baina azken aldian, bereziki asko. Prosa kasik egunero idazten dut, poesia oso lantzean behin.

Zeri buruz gustatuko litzaizuke idaztea?
Berez, ideiak beti daude hor, baina, orain musikari bati buruz nabil idazten. Hau amaitzerakoan, ume baten ikuspuntutik zerbait idatzi nahi nuke, umeen inozentziaz-edo, baina ez daukat, horrez gain, beste ideia argirik.

Eskolako idazlanak egiten abila zara?
Esango nuke baietz, batez ere gogoko ditudan gaiei buruz idazterakoan, gehienetan ondo pasatzen dut horrelakoak egiten.

Irakurtzea gustatzen zaizu? Gomendatu gustatu zaizun idazle edo libururen bat.
Batzuetan horretarako denbora aurkitzea kostatu arren, asko gozatzen dut. Irakurri dudan azkenengo liburua ‘Amaren eskuak’ da, Karmele Jaiorena: oso nostalgikoa, hunkigarria, eta oso polito idatzia.

Badakizu zer ikasi nahi duzun? Non ikusten duzu zure burua hamar urte barru?
Seguruenik Itzulpengintza eta Interpretazioa egingo dut unibertsitatean, eta, berez, idazlea izan nahi nuke, baina, errealistago iruditzen zait itzultzaile modura ikustea neure burua.

Zer aldatuko zenuke institutuan?
Iruditzen zait, ikasleen artean ez dagoela harreman bereziki onik, eta, horrez gain, euskararen erabilera eta parte-hartzea, oro har, nahiko eskasa dela uste dut.

Nahi duzun aldaketa egiteko ahalmena izango bazenu, zertarako aprobetxatuko zenukeen aukera hori, nahiz eta aldaketa oso handia izan?
Aldaketa ugari egingo nituzke, baina, gai askotan, edukia aldatuko nuke. Adibidez, Euskal Herriari buruzko historia eta geografia gehiago ikastea, edo zientzialari, filosofo edota idazle emakume gehiago irakurtzea.

Zer moduz Zeberion? Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Asko gustatzen zait etxetik irten eta mendia eta natura baino ez egotea, baina, lekuz asko mugitzea gustatzen zait, eta garraio publikoarekin kasik ezin da inora joan.

Zeberion ikusten al duzu zure burua etorkizunean?
Etorkizun urrun batean, urte asko barru, agian bai, baina, momentuz, beste lekuren batera joateko gogoa daukat.

Alkatea izango bazina, zer aldaketa egingo zenuke zure herrian?
Lehenago esan bezala, oraintxe bertan, niretzat, garraio publikoa da trabarik handiena.

Kontatu kanpotar bati zer aurkituko duen Zeberion.
Batez ere, lasaitasuna. Oso ingurune landatarra da, beraz, baserri asko, mendiak, basoak…

Ze afizio duzu zure denbora librean?
Bertsolaritza, eta, batez ere, musika asko gustatzen zaizkit, bai oholtzan, edo oholtzara begira.

Kontatu zure egun perfektu batean zer egingo zenukeen.
Denetarik gustatzen zait, eta gauza gutxi behar dut ondo pasatzeko, beraz, dela hondartzan, dela kontzerturen batera, antzerkira edo zinera joanda, edo, beste barik, lagunekin zerbait hartzeko geratzea perfektua izango litzateke niretzat.

Gazte moduan, zer botatzen duzu faltan zure egunerokoan?
Oso erantzun ohikoa da, baina, batez ere, interesdun gazteak. Eta, interesa diot, zentzu zabalenean, gauzengatik interesa. Gazteei ez digu ardura kulturak, ez digute ardura arazo sozialek edo politikak, ez daukagu pasiorik… Batzuetan ematen du kuadrillaz gain ez dagoela mundurik guretzat, eta hori aldatzea oso garrantzitsua iruditzen zait.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak