→Zeberio

Inoizko turismo daturik onenak izan ditu Zeberiok 2018an, 421 turistekin

zeberio landa apartamentuak

2017an 220 turistek egin zuten lo herriko lau apartamentu turistikoetan. Bisitarien datua %162an hobetu du Zeberiok eta turismoaren alde egiten jarraituko du Udalak.

Zeberioko Udala

2017an 220 turistek egin zuten lo herriko lau apartamentu turistikoetan. Bisitarien datua %162an hobetu du Zeberiok eta turismoaren alde egiten jarraituko du Udalak.

Turismo datu “ikusgarriak” izan zituen iaz Zeberiok, aurreko urteko datuekin konparatzen baditugu. 421 turistek egin zuten lo Udalak kudeatzen dituen lau apartamentu turistikoetan. 2017an 220 izan ziren. Hau da, azken urtean 2017an izan zuen turista kopurua bikoiztu du Zeberiok, datua %162 hobetuta. Gakoen artean, urte osoko turismoa orekatzea: “Urtarriletik ekainera 160 bisitari izan genituen; uztailetik abendura bitartean 261. Hau da, gure turismoa ez da uztaileko eta abuztuko hilabeteetara bakarrik mugatzen”, diote Udaleko bozeramaileek. Bisitarien jatorriaren inguruan galdetuta, “gehienak Kataluniatik, Madriletik eta Valentziatik etorritakoak dira. Hala ere, azpimarratzekoa da Argentinatik eta Letoniatik etorritako familiak izan direla gurean”.

Turismo berdea
Lau dira Zeberion dauden landa apartamentuak, bikoteentzako zein familientzako prestatuak. Ermitabarri auzoan kokatuta daude etxe turistikoak, eraikin bakar batean, eta “erabat hornitutako” sukaldea dute guztiek. “Euskal Herria ezagutzera datozen askok Zeberio aukeratzen dute oporraldia igarotzeko. Bertatik Bilbo aldera eta kostaldera mugitzen dira, baita Gipuzkoa aldera ere, baina gaua bertako lasaitasunean eta ingurune berdean pasatu nahi dute”, diote udal ordezkariek. Halaber, Zeberiok eta inguruko herriek turismo eskaintza erakargarria dutela gogoratu dute: “Herrian bertan, Errementari museoa eta Ermitabarriko parrokia daukagu, baita mendi ibilbide ugari. Horri gehitu behar zaio Zeberiok herriaren balio eta memoria historikoa berreskuratzeko azkenaldian egin duen lana: Upo inguruko burdin hesi zatiak berreraiki, Etxebarriko karobia berreskuratu, Uriondoko iturria eta harraska eraberritu…”.
‘Turismo berdearen’ filosofiari lotuta, Udalak laster jarriko du martxan bizikleta elektrikoen eta BTT mendi bizikleten alokairu zerbitzua. Ermitabarrin bizikletak gordetzeko eta kargatzeko txabola jarri dute dagoeneko. Bestetik, Udalak eskertu nahi izan du herriko elkarteek zein Gorbeialdek Zeberio herri erakargarriagoa izateko egindako lana.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak