→Zeberio

Zeberioko Argiñaoko bide berriak erdira murriztu du herrigunera arteko bidaia denbora

20 minutuko bidaia 10 minutu baino gutxiagoan egin daiteke orain, auzokideen irisgarritasuna erraztuz. 76.000 euro inbertitu ditu Udalak Argiñaoko bidea asfaltatzeko.

Bide zaharrak eta berriak bat egiten duten tokia, Argiñaon / Geuria

20 minutuko bidaia 10 minutu baino gutxiagoan egin daiteke orain, auzokideen irisgarritasuna erraztuz. 76.000 euro inbertitu ditu Udalak Argiñaoko bidea asfaltatzeko.

Prest da Argiñao auzoko bide berria: 40 urteko eskariaren ondoren, Argiñaoko bizilagunek Zeberioko herrigunera zuzenean doan errepidea erabili ahal izango dute. 20-25 minutuko ibilbidea zena, 10 minutu baino gutxiagoan egin ahal izango dute orain. Urriaren azken astean ireki zuten errepidea eta dagoeneko badira erabiltzaile asko bertatik pasatu direnak. “Albiste handia dugu bide berri hau. Bertako bizilagunentzako irisgarritasuna errazteaz aparte, Zeberioko herritik gertuago kokatzen du Argiñao, fisikoki eta baita herri senari dagokionez ere”, dio Karlos Idirin alkateak.

Argiñaora heltzeko Sarasolako mendatea, Artea eta Arantzazu igaro behar ziren lehen: “Eguneroko erosketak edo ustekabeko enkarguak egiteko, Argiñaoko bizilagunek ibilbide luzetxoa egin behar zuten kotxearekin. Horrek zaildu egiten zuen auzokideen egunerokoa”. Bederatzi baserrik osatzen dute Argiñao auzoa eta horiez gain mendi aterpea ere badago. “Adineko jendeak esperantza galduta zuen. Lanekin behingoz bukatzea oso pozgarria izan da guztiontzat”, adierazi du Idirinek. Iaz abiatu zituzten bidea egiteko lanak: hondeatzailearekin lurra prestatu eta asfaltatze lanak egin dituzte aurten. 76.000 euro bideratu dituzte obretara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak