→Zeberio

Museo Etnografikoa ekainean irekitzea aurreikusten du Zeberioko Udalak

zeberio museo etnografikoa 2018 ireki aurretik

Iazko eta aurtengo kontuetatik 64.000 euro bideratu ditu Udalak museora. Jose Añibarro herritarrak emandako lan tresnak egongo dira ikusgai, besteak beste.

Ermitabarri auzoan dago kokatuta Museo Etnografikoa // Geuria

Iazko eta aurtengo kontuetatik 64.000 euro bideratu ditu Udalak museora. Jose Añibarro herritarrak emandako lan tresnak egongo dira ikusgai, besteak beste

2018ko aurrekontua onartu du Zeberioko udalbatzak martxoan. Guztira, 1.363.997,48 euro izango ditu Zeberiok aurten, “iaz baino %2 gehiago“, dio Karlos Idirin alkateak. Udalkutxak banatutako diruari esker dator batik bat aurrekontuan igoera. Bizkaiko Funts Ekonomikotik 934.622 euro jasoko ditu Udalak. Inbertsioetarako erabiliko duten kopuru erreala izango da 215.000 euro eta jarduketarik garrantzitsuenak izango dira: Museo Etnografikoa bukatzea (34.000 euro), San Antonio ermita eraberritu (45.000 euro) eta Argiñanoko bidea amaitzea (30.000 euro). “Museoaren irekiera izango da urteko ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat, herritarren onerako beste auzo batzuetan egingo ditugun esku hartzeez gain“, dio Idirinek.

Museora sarrera, doakoa

Iazko udan hasi zituen Udalak Museo Etnografikoa eraikitzeko obrak eta hartarako 30.000 euro inguru inbertitu zituen. Aurten, museoko lanak bukatzeko beste hainbeste diru inbertituko dute (34.000 euro), museoko azken ukituak egiteko . Hala nola, argiak jarri edota garai batean nekazaritzan eta abeltzaintzan nola lan egiten zuten erakusteko ikus-entzunezkoa museoan jartzeko lanak egin.

Jose Añibarro zeberioarrak Udalari emandako materiala egongo da ikusgai museoan. Material bilketa orain dela hamar urte hasi zuen Udalak: “Benetan erabili izan diren materialak ikusteko aukera izango dute bisitariek. Besteak beste, hauspo erraldoia, antzina animaliei ferrak jartzeko metodoa, gaztainak erretzeko danbolin zaharra edota animalien gurdiak ikus daitezke museoan“, diote udal ordezkariek. Bisitaldi gidatuak antolatzeko asmoa dute Udaletik eta momentuz museorako sarrera doakoa izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak