→Zeberio

Urkiaga Txikerra baserria okupatu du Zeberioko Gazte Asanbladak, Gaztetxe proiektua martxan jartzeko asmoz

Zeberioko Gazte Asanbladak Zubialde ondoan dagoen Urkiaga Txikerra baserria okupatu du, Gaztetxea bertan ezartzeko asmoz.

Urkiaga Txikerra baserria, Zubialdetik Ermitabarrira bidean / Z.G.A

Zeberioko Gazte Asanbladak Zubialde ondoan dagoen Urkiaga Txikerra baserria okupatu du, Gaztetxea bertan ezartzeko asmoz. Asanbladaren laugarren urteurrenaren egun berean egin dute publiko okupazioa. Gazte mugimendutik diotenez, “baserriak urteak daramatza hutsik eta bere egoera ez da ona”. Auzolanean baserria biziberritzea eta herritar ororen eskura egongo den aske-gunea eraikitzea da Gazte Asanbladaren helburua. Zubialdetik Ermitabarrira bidean dago baserria, plazatik 10 minutura oinez.

ESPAZIO BERRI BAT

Asanbladak “herrian zein gizarte mailan nabarmenak diren hutsuneak betetzeko” jarri nahi du martxan Gaztetxea. Azaldu dutenez, herri mailan talde ezberdinak antolatzeko, kultur jardueretarako, aisialdirako, elkar zaintzan oinarritutako harremanak sustatzeko edota izaera kolektiboa berreskuratzeko baliatuko dute okupatutako gunea. “Saikerak egin dira orain arte halako gune bat plaza inguruan ezartzeko, baina ez dugu arrakastarik izan. Udalak lokal bat alokatzeko laguntza eskaini digu baina oso toki txikiak dira denak, abiatu nahi dugun proiektuaren tamaina kontuan edukita”. Momentuz ez dute kaleratze agindurik edo baserriaren jabearen abisurik jaso. Gazte Asanbladak kartelak itsatsi ditu Zubialdeko plazan okupazioaren berri emateko.

Udara honetan Urkiaga Txikerra baserria atontzea da gazteen asmoa eta ekimen ezberdinak ahal denik eta lasterren jarri nahi dituzte martxan. Auzolanerako deia egin dute lagundu nahi duen herritar ororentzat, egunero 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Txukuntze lanekin bukatu bezain pronto, asanblada egingo dute egunero. Gaur, gainera, kantaldia antolatu dute batzar osterako, eta San Juan sua iganderako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak