☉ Zeberio
Programa / Su Ta Gar, Beranduegi, Oxabi eta Fritanga musika taldeak, Zeberioko Sandonietan
Kuadrillen jaitsierarekin hasiko dituzte jaiak, Zubibarritik plazara, eta bertan Eusebio Aldekoa zahar-etxeko ordezkariek irakurriko dute pregoia. Besteak beste, Hego Uribeko Beranduegi eta Oxabi erromeria taldeak eta Fritanga elektrotxaranga arituko dira Zeberion.
Abuztuaren 29tik irailaren 2ra ospatuko dituzte Sandoniak Zeberion, eguenetik astelehenera. Jai Batzordeak jakitera eman du bost egunetako egitaraua. Kuadrillen jaitsierarekin hasiko dituzte jaiak, Zubibarritik plazara, eta bertan Eusebio Aldekoa zahar-etxeko ordezkariek irakurriko dute pregoia. Besteak beste, Hego Uribeko Beranduegi eta Oxabi erromeria taldeak eta Fritanga elektrotxaranga arituko dira Zeberion.
ZEBERIOKO JAIAK 2019 – EGITARAUA
Abuztuak 29, eguena
18:30 Koadrilen jaitsiera Zubibarritik plazara, animazinoa herriko trikitilari gazteekaz.
19:00 Txupinazoa, Txubel eta Buruhandiak.
21:00 EinGo Taldea
21:30 Herri afaria (Jaietako zapia eroatea derrigorrezkoa izango da)
Afari ostean: EinGo “kanta ta dantzan taldean”
Abuztuak 30, barikua
11:30-14:00 Umeen parkea
13:00 Kalejira, herriko trikitilari gazteekaz
15:00 Jubilatuen bazkaria
17:00 Arotza Moso abeslaria
17:30 Herriko jubilauen mus, tute eta briska txapelketa
17:30 Apar jaia
23:00 Oxabi Erromeria
Abuztuak 31, zapatua
11:30 Txirrindulari martxa umeentzat. Ibilbidea: Ermitabarri-Ugao-Zeberioko Plaza. Alkartzeko eta ibilbide osoa egiteko Ermitabarrin 11:30ean, edo bestela, Ugaon 12:00etan. Aukera dago edozein lekutan txirrindulari martxan sartzeko. Derrigorrezkoa izango da kaskoa eroatea. Txu-Txu trena ibilbide osoan joango da.
13:00 Kalejira, herriko trikitilari gazteekaz.
14:00 Bakailao, patata tortilla eta paella txapelketak
21:00 Play back lehiakeya
23:00 Leie Meie + Su Ta Gar + Fritanga elektrotxaranga
Irailak 1, domeka
11:00 Kalejira txistulariekaz
11:00 Esku pilota finala. Biharko Izar Gazteak
18:00 Umeen jolasak
20:00 Los Cinco Bilbainosekin kantaldia
Irailak 2, astelehena
11:00 Kalejira
12:00 Gozatzera (egurrezko jolasak ume eta helduentzat)
13:00 Laura Orueren aldeko XX. urteurreneko meza. Ondoren Barauskarria
13:00 Poteoa Koldo eta Unai trikitilariekaz
15:00 Indabak lagun artean.
18:00 Pailazoak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Musua” antzezlana.
19:30 Beranduegi erromeria taldea.
☉ Zeberio
Zeberiok Athleticen Kopako finala ikusteko pantaila handia ipiniko du Zubialden
Zeberiok 1.000 biztanle pasa ditu eta pantaila handi bat ipintzeko aukera aztertzen ari da Udala
Apirilaren 6an jokatuko du Athleticek Kopako finala Mallorcaren aurka Sevillan, La Cartujan. Sevillara joateko aukera ez duten eskualdeko lagunentzat pantaila handiak ipiniko dituzte. Herri handiek pantaila bat edo batzuk izango dituzte herrigunean eta kanpoaldeko auzoetan.
Zeberiok 1.000 biztanle pasa ditu eta pantaila handi bat ipintzeko aukera aztertzen ari da Udala: “Argi berdea izateko itxaroten ari gara, baina asmoa pantaila handi bat jartzea da”, aurreratu dio Ekain Goti herriko alkateak GEURIAri.
Beste herrietan ere
Ugaok ere herritarrek Athletic eta Mallorcaren arteko partida ikusi ahal izateko pantaila ipintzeko aukera aztertzen ari dela azaldu dio GEURIAri: “Pantaila ipintzeko asmoa daukagu”, izan dira Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearen berbak. “Aurrekontuak eskatzen ari gara, egokiena aukeratu ahal izateko”.
Pantailen kokapenak zein tokitan jarriko dituzten zehazteke dute Udalek. Aurrerago emango dute kokapenen berri.
☉ Zeberio
Miren Beltran eta Ainhize Egiguren: «Rol ereduak hautsi ditugu eta emaitzak astiro-astiro ikusarazi izan dira»
Banandu zenetik, Miren Beltranek bere familiaren ardura guztia hartu zuen. Feminismoaz eta rol ereduez mintzatu gara berarekin eta Ainhize alabarekin
Iazko abenduaren 22an Emakume taldea sortzeko lehen urratsa eman zuten Zeberion, eskola zaharrean egindako bilera batean. Partaideen artean zen Miren Beltrán zeberioztarra, eta topaketa hura aitzakia modura hartuta, feminismoaz modu irekian berba egiteko elkartu gara berarekin eta Ainhize Egiguren alabarekin.
Zeberioko emakumeen taldea sortu zuten iazko abenduan. Bertan parte hartu zenuten?
Miren Beltrán: Kasu honetan nik bakarrik hartu nuen parte. Nire ustez berdintasunerantz doan gizarte bat eraikitzeko benetan garrantzitsua da era honetako talde edo ekimenetan parte hartzea, herrian bertan ditugun beharrizanak kontuan hartuta.
Nolako egoera bizi duzue Zeberioko emakumeek gaur egun?
M.B: Ikuspuntuaren arabera: hazkuntzari dagokionez, herriak eskaintzen duen mugikortasun aukerak urriak eta deserosoak dira. Bestalde, jarduera ugari eskaintzen dituzte Udaletik baina ez guztiak, eta horrek hainbat arazo ekartzen dizkie gu bezalako herritarrei: arratsaldeetan bidaia ugari egiten ditugu haurrak eskolaz kanpoko jardueretara eraman ahal izateko. Gure kasuan, desplazamendu horiek Ugaora egiten ditugu gehienbat.
Arazo hau ez da berria baina.
Ez. Pediatra ere Ugaon daukagu eta eskualdeko zonalde horren “menpe” bizi gara eguneroko bizitza egin ahal izateko.
Eta berdintasunaren esparruan, nolakoa da Zeberio emakumeentzat?
Ainhize Egiguren: Nik uste dut genero bakoitzaren rolek bereizita egoten jarraitzen dutela gaur egun. Emakumeok herrian mugitzeko beharra dugun heinean, oraindik ere eredu batzuk errepikatzen direla ikusten da argi eta garbi. Arin batean ikus daiteke nor arduratzen den umeen zainketaz gehienetan eta nor gelditzen den bigarren plano batean, aldi berean. Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen tragoak hartzen eta nor etxean bazkaria jartzen edo haurrak zaintzen. Ikuspegi hau orokorra da, baina egia da joera horrek hor egoten jarraitzen duela.
M.B: Egia da salbuespenak salbuespen eredu horiek apurtzen dituzten herritarrak ere badaudela, zorionez. Aldi berean, Zeberio landa-eremuko herria izanik, badira nekazaritzan behar handia egiten duten belaunaldi ezberdinetako emakume asko. Baina horrek ez du esan nahi Ainhizek azaldutako eredu horiek zoritxarrez ikusten ez direnik ere; emakume nagusiek bizi dituzte egoera horiek bereziki.
Zuek, emakumeak izanik, era horretako esperientziarik bizi izan duzue zuzenean?
M.B: Gure kasua berezi samarra da. Nik uste dut tradizioak sortutako egoera hori apurtzen duela. Duela hamar urte banandu nintzen eta gurasobakar lez hazi ditut nire seme-alabak. Egoera horren ondorioz nik neuk egiten ditut etxeko betebehar guztiak: janaria prestatu, egurra lortu, umeak hazi, mozorroak prestatu, gauzak konpondu… Ni bezalako emakume gehiago daude Zeberion eta gai dira era horrelako lan maskulinizatuak egiteko, inolako zalantza barik.
“Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen tragotan eta nor etxean, bazkaria egiten eta haurrekin”
Eta nola uste duzue ikusten dutela zeberioztarrek moldeak hausten dituen zuen eredu hau?
M.B: Ni, egia esateko, oso maitatua eta aintzatetsia sentitu izan naiz herri honetan betidanik, orokorrean. Jendeak badaki nik neuk hazi ditudala nire seme-alabak herriko baserri batean.
A.E: Nik beti ikusi izan dut errespetu handia amarenganako. Seme-alaben hazkuntzaz berba egin izan denean errespetu handiz hitz egin da amaren kasuaz.
M.B: Ereduak hautsi ditugu eta emaitzak astiro-astiro ikusarazi izan dira egunero eta hori herritarren jarreretan islatu da denboraren poderioz.
Joan den abenduko bilerara bueltatuz, zer nolako balorazioa egingo zenukete lehen saioaren inguruan?
M.B: Elkartzea, berba egitea eta bereziki gertatzen zaigun horrekin zelan sentitzen garen normalizatzea ondo dago beti. Lan asko dago egiteko oraindik eta orokorrean denbora faltagatik gertatu ohi da hau: era honetako topaketetan taldean falta diren emakumeak ez daude bertan egon nahi ez dutelako; bertan egoteko denborarik ez dutelako baizik. Nor arduratuko da haurrak zaintzeaz bilerara goazen bitartean? Nire seme-alaben kasuan gaur egun independentzia maila handiagoa dute, baina txikiagoak direnean dependentzia maila 24 ordukoa izan ohi da eta zainketa-ardura horiek era honetako topaketetan parte-hartzea asko zailtzen dute. Eta are gehiago, haurrak zaintzetik adineko pertsonak zaintzera igarotzen gara emakume asko, “goranzko zainketa” deritzona, alegia. Eta noren ardura izan ohi da hori? Ezetz asmatu? Adin ertaineko emakume batena, orokorrean. Zainketa ezberdinen etengabeko prozesuan murgilduta bizi gara eta gure lan-denbora zein denbora pertsonala hirugarren pertsonen beharrizanen arabera antolatzen dugu.
A.E: Zainketa horien eredu toxikoak benetan barneratuta dituzte emakume asko. Hainbeste ezen ez baitira gai hirugarren pertsonen esku uzteko. Adibide modura, ez dira gai egun batean lagunekin batera zinemara joateko: “Norekin geratuko dira haurrak orduan?”, pentsatzen dute askotan.
Nolakoa da Zeberioko Udalak egiten duen lana feminismoan enfokatuta?
M.B Ahal duen beste egiten duela uste dut. Baina arazo nagusia da gizarteak kultura-kontzientzia faltan duela. Herritarrek jasotzen duten moduan, hain zuzen ere. Hala ere, hau ez da Zeberiok duen arazo bat, edozein lekutan gertatzen da. Emakumeen taldearekin jarraituz, sortu egin den espazio seguru hori mistoa ez bada, “kanpoan” geratzen diren pertsona horietako askok ez dute egoera ulertzen. Horri guztiari, feminismoak duen ahalduntzearen inguruko estigma gehitu behar zaio: “emakumeak ahalduntzen badira ez dute nire parte izaten jarraituko” dioena, alegia. Horren guztiaren atzean beldurra bakarrik dago.
Eta feminismoaren estigmarekiko beldurra badago, zer esan LGTBIQ+ kolektiboari buruz.
M.B: Hala da. Hala ere, ni neu LGTBIQ+ kolektiboaren parte naiz modu irekian eta esan behar dut Zeberion betidanik izan dudala tratu ona herritarren partetik, agian denok elkar ezagutzen dugulako. Baina beste mota bateko egoerak edo beldurrak bizi izan ditugu, bereziki haurtzaroan edo gaztaroan gertatu direnak. Hau iraganean bezala mantendu den zerbait da, zoritxarrez.
A.E: Niri txikitan gertatu zitzaidan eskolan, txikia nintzenean.
M.B: Lehen esan bezala, guk eredu asko hautsi ditugu: komunitatean bizi gara, lesbiana bikote batekin bizi izan gara, ni neu bisexuala naiz eta Ainhize lesbiana da. Testuinguru nahiko alternatiboan bizi izan gara eredu cis-heteropatriarkalak hautsiz. Horrek eragina izan du gizarteak gu ikusteko orduan (modu negatiboan), bereziki haurtzaro edo gaztaroan.
Ama eta alaba zarete. Nola bizi izan duzue feminismoa zuen haurtzaroan oinarrituz? Gauzak aldatu egin al dira?
M.B: Soinekoak gorroto nituen eta arropa niretzat trauma izan zen haurtzaroan. Iturrietara, kaniketara eta zuhaitzetan gora egitera jolastea maite nuen. “Marimacho” esaten zidaten. Ainhizek ez du horrelako arazorik bizi izan, baina bai rol-ereduekin: neska izanik, era bateko jolasetan aritu behar da eta eredu horretatik ezin da irten. Hala dio gizarteak. Mugak gaindituz, marimachoaren mamua bueltatu egiten da. Hala ere, bai eskolan eta bai herritarren etxeetan kontzientzia gehiago dagoela.
☉ Zeberio
Sorgina Txirulina ipuin kontalariak Zeberioko M8ko programazioa itxiko du
Erica Liqueteren ipuin kontaketa-saioa 18:00etan izango da, Hogarrean
Martxoaren 8ko programazioa hilaren 3an hasi zuen Zeberiok Beatriz Egizabalen Magma Mia bakarrizketarekin.
Egun hauetan lanegunak dira eta herritarrak pankartak prestatzen ari dira arkupean, M8ko elkarretaratzeari begira. Egun horretan 13:00etan prestatu dute kontzentrazioa eta jarraian luntxa.
M8ko programazioko azken jarduera Sorgina Txirulina ipuin kontalariaren ikuskizuna izango da, martxoaren 9an. Saioa 18:00etan izango da Hogarrean.
Erica Liqueteren ipuinak 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude eta zeharkako txirulaz lagunduta egiten ditu bere saioak: “Ipuin saio tematikoak izan ohi dira eta musika motak eta baloreak irakasten ditut horietan”.
☉ Zeberio
Egun osoko irteera antolatu dute Zeberioko mendizaleek San Tirso mendira
Ibilbidea 11 kilometrokoa izango da eta Krispan (696mt), San Tirso (1.833mt) eta Bernedotik (709mt) igaroko da
Zeberioko Austarri Mendi Taldeak hilabeteko hitzordua prestatu du: martxoaren 17an egun osoko irteera prestatu dute Arabako San Tirso mendira. San Tirso Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa banatzen dituen Toloño mendilerroan kokatutako 1.333 metroko garaierako mendia da eta mendirik gertuena Peña de Leon da (1.389mt).
“Tontorretik gertu San Tirsoko txapela dago, 1.283 metroko garaieran”, azaldu dute mendi elkartetik. San Tirso santu jazarri eta martirizatu zuen bere fedeak 251. urte inguruan, Apoloniako antzinako greziar kolonian. Dirudienez, haren gorpuzkiak Konstantinoplara eraman zituzten. Espainian santu hau Erdi Arokoa zen, Leongo erresuma zaharrean sustraitua. San Tutis eta San Totis izenez ezagutu da, 1598 eta 1628 urteen artean toponimian dokumentatu den izena.
Pagadiek iparraldeko hegalak estaltzen dituzte. Pagadiak ezpel ugari du, eta horrek lehortasuna adierazten du. Hegoaldeko isurialdea mediterraneoko klimari dagokio, eta asko dira ezpel eta koskoja gehiago. Alde horretan amildegi handiak daude, eta hegaztiek bertan egiten dute habia. Bi isurialdeen arteko disimetria horren erantzulea Föhn deritzon efektua da: horren ondorioz hodeiek eta lainoek mendilerroa zeharkatzeko zailtasunak dituzte.
San Tirso baseliza
“Mendiari izena emanez eta tontorrera iritsi baino metro batzuk lehenago San Tirso baseliza ikusgarria dugu (1.253mt), haitzaren barruan sartutakoa eta Arranoaren iturri txikitik hurbil kokatutakoa”, diote Austarritik. Bertara, harkaitzak zeharkatzen dituen bidezidor bitxi batetik iristen da. Iturri horretatik haitzera igo daiteke, baina ohiko bidea baseliza horretatik igarotzen da. San Tirsoko Bonetearen gailurra (1283 m) goraipatu behar da: 40 metroko bertigo bertikaleko monolitoa da. Eskalada-bide batzuk ditu hegoaldeko aldean.
San Tirsoko Bonetearen gailurra 40 metroko bertigo bertikaleko monolitoa da. Eskalada-bide batzuk ditu hegoaldeko aldean
Ibilbidea 11 kilometrokoa izango da eta Krispan (696mt), San Tirso (1.833mt) eta Bernedotik (709mt) igaroko da. Aukeran egongo dira buzoia eta Okongo Andra Mari eleiza bisitatzea.
Irteeran izena emateko azken eguna martxoaren 14a izango da. Interesdunek aurrez aurre eman dezakete izena Zeberioko mendi taldearen egoitzan, barikuetan, 20:00ak eta 21:00ak artean. E-posta bidaltzeko aukera ere badago austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz edo 665 735 054 / 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.
☉ Zeberio
Zeberio Harana mendi martxa apirilaren 20an antolatu dute
400 kirolarirentzat lekua izango du martxak eta izena emateko azken eguna apirilaren 15a izango da
Apirilaren 20an hitzordua dute eskualdeko kirolariek Zeberion, Austarri Mendi Taldekoek antolatutako Zeberio Harana mendi martxaren bosgarren edizioa dela eta. Kirol proba hau baliagarria izango da Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako.
Hiru kategoria bereizi dituzte guztira: proba luzeak 43kmko distantzia izango du (Zeberio-Piku Bikotx-Garaigorta-Aibelabe-Arrugaeta-Untzueta-Artanda-Upo-Tontorrandi-Mandoia-Argiñaoko Atxa-Zeberio) eta 2.400 metroko desnibela, 11 ordu inguruko iraupenarekin. Irteera 07:00etan antolatu dute Zubialdeko plazatik.
Ertainak 24 kilometroko ibilbidea izango du (Zeberio-Mintegi-Upo-San Segismundo-Tontorrandi-Mandoia-Argiñaoko Atxa- Zeberio) eta 1.300 metroko desnibela, sei orduko iraupen estimatuarekin. Irteera 09:00etan izango da Zubialde plazan ere.
Proba laburra hautatuko duten kirolariek 15 kmko distantzia (Zeberio-Zeberiogana-Mandoia-Argiñaoko Atxa-Zeberio) eta 600 metroko desnibela bete beharko dute eta irteera 10:00etan izango da, leku beretik. Hiru probetan kontrolguneak eta jan-edan puntuak izango dituzte kirolariek.
Izen emateak zirkuitua.com webgunetik egin ditzakete interesdunek apirilaren 15era arte eta 400 kirolarirentzat lekua egongo da.