→Zeberio

220 turistek bisitatu dute iaz Zeberio, landa apartamentuetan ostatu hartuz

zeberio landa apartamentuak

Lau apartamentu turistiko daude Zeberion. Udal-jabetzakoak dira laurak eta eguneko alokairua 35 eta 45 euroan dago jarrita

Apartamentu turistikoak barne hartzen dituen eraikina // Zeberioko Udala

Lau apartamentu turistiko daude Zeberion. Udal-jabetzakoak dira laurak eta eguneko alokairua 35 eta 45 euroan dago jarrita

Zeberio landa munduaren eta naturaren sinbiosiaren adibide nabarmenena da. Bilbotik 30 kilometrora, Gorbeiako natura-parkeko hegalean dago kokatuta eta aterpe berdetzat har daiteke hiri handiaren builatik ihes egin nahi duenarentzat. Zentzu horretan, Udalak apartamentu turistiko batzuk eskaintzen ditu bisitariak herrira ekartzeko. Hain zuzen ere, lau dira landa apartamentuak: hiru bikotekideei zuzenduta eta bestea 4 eta 6 pertsona arteko taldeei eskainia. Apartamentuak Ermitabarri auzoan daude, eraikin bakar batean.

Urtetik urtera udal-apartamentu turistikoen okupazioak nabarmen egin du gora eta 2017an zehar 220 turista inguru jaso ditu Zeberiok, landa apartamentuan ostatu hartu dutenak. “Aipatzekoa da bisitarien %77a beste autonomia erkidegoetatik etorri dela, batez ere Valentziatik eta Kataluniatik. Gainontzeko turisten %23a Europako herrialdeetatik etorri da: frantziarrak nagusiki, eta alemaniarrak ondoren“, dio Karlos Idirin alkateak.

Apartamentuek sukaldea dute eta beharrezko guztiarekin hornituta daude. Erreserbak Taberna Zaharretik kudeatzen dituzte, eta 946 489 048 telefonoa eta turismoa.zeberio@bizkaia.org helbide elektronikoa eskuragarri daude informazio gehiago nah duenarentzat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak