Sareak

☉ Zeberio

Zeberioko zaharren egoitzan ez da koronabirusa sartu

|

Eusebio Aldekoa zahar-egoitza / Zeberioko Udala

Koronabirusak gogor jo ditu eskualdeko adinekoen egoitzak. Osakidetzak, Aldundiak eta Udalak datu ofizialak argitaratu nahi ez dituzten arren, hildakoen eta kutsatuen kopuruak gora egiten du egunetik egunera. Galdakaoko Aperribai auzoko adinekoen egoitzan, esaterako, hamazortzi dira hildakoak; Arrigorriagako bi egoitzetako batean, ostera, bi. Basaurin ere hildakoak egon dira, baina ez dago datu ofizialik.

Aldundiak esan du bere menpe dauden 155 egoitzetatik 35etan kutsaturen bat dagoela. Honakoak dira datuak: 369 erabiltzailek positibo eman dute eta horietatik 105 ospitaleratuta daude; egoitzetako 140 langilek eman dute positibo eta 390 langile isolatuta daude, baina birusean positibo eman barik. Datuak datu, Aldundiak ez du hildakoen berri eman.

Horiek horrela, erabakiak azkar eta zorrotz hartzeko asmoa izan zuen lehenetarikoa Zeberioko Eusebio Aldekoa egoitza izan zen. Bertan, martxoaren lehen astetik bisitak mugatu zituzten eta erabateko kontrola ezarri zuten. “Osasun krisiak irauten duen bitartean, senide bakarra sar daiteke egoitzan eta beti familiako senide bera izan behar da. Egoitzara sartzerakoan eta ateratzerakoan eskuak garbitzeko tokia jarri dugu”, esan zuen orduan Karlos Idirin herriko alkateak: “Ez pentsa! Hasieran ez zen erraza izan eta normalak ziren senideen protestak, baina derrigorrez egin behar genuela uste genuen, bestela birusa egoitzan sartuz gero, akabo”.

Udalak berak kudetatzen du zaharren egoitza. Gaur egun hogeita hamar bat erabiltzaile ditu egoitzak eta inor ez da kutsatu. Hilabeteren ondoren, “neurri zorrotzekin jarraituko dugu, ez dago beste modurik. Oraingoz ez dugu kutsaturik eta ea bide onean jarraitu dezakegun”, dio Idirinek. “Ez da egoera erraza, ez aitite-amamentzat, ez familientzat. Baina ea horrela jarraitu dezakegun, benetan, inor ez dadila kutsatu eta ea danok onik atera gaitezkeen”.

☉ Zeberio

Zeberioko Austarriko mendizaleek Altzaingo mendilerrora egingo dute irteera

Maiatzaren 26an, 08:00etan abiatuko dira mendizaleak Zubialdeko plazatik. Irteeran izena emateko azken eguna maiatzaren 23a izango da

|

La Lezeko haitzuloa // La Cabra del Monte

Maiatzaren 26an, domeka, egun osoko irteera antolatu dute Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleek Altzaingo mendilerrora (Araba). Hasiera batean irteera Aizkorri mendira antolatu behar zuten, baina egun berean Zegama-Aizkorri maratoia izango da eta probaren egunarekin bat ez egiteko maiatza eta iraileko irteerak aldatu dituzte: maiatzaren 26an irailean egin behar zutena egingo dute Altzainera) eta Aizkorri irailerako utzi dute.

Hitzordua maiatzaren 26an izango da eta Zeberioko mendizaleak 08:00etan lotu dira Zubialdeko plazan. Irteeran izena emateko azken eguna maiatzaren 23a izango da: aurrez aurre Hogarrean eman dezakete izena interesdunek (barikuetan, 20:00etatik 21:00arte). Modu telematikoan ere egin daiteke austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 eta 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

La Lezetik hasiz

“Oraingoan, hainbat tontor erraz ikusteko aukera ematen duen Altzaniako mendilerrotik ibiliko gara”, azaldu dute Austarritik. Leze haitzulorako sarbide berezia abiapuntutzat hartuta, gora egingo dute mendizaleek amildegi batetik. Amildegiaren goiko aldean, Artzanegi eta Atxipi gailurren arteko lepora iritsiko dira. Atxipi bisitatuko dute, postontzi batekin koroatuta dagoen begitoki polit bat.

La Lezeko haitzuloa // Txastimendiak

Apota leporaino eta Albeiz Haitzeko talaiaraino jarraituko dute orduan. Apota lepora itzuli eta, Umandiako igoerari aurre egingo diote, ekialdeko hegaletik.

Mendebalderantz jaitsita, Atabarrate mendatera iritsiko dira Zeberioko mendi taldekoak, “mendi-pasabide polit eta basotsua”. Behera jarraituko dute, Arrazpiko errepikagailuetarantz, basoan barrena. Beherago, Zirauntzako iturburua bisitatuko dute eta SLA 14 bidezidorrari jarraituz, Araiako ibilbidea amaituko dute. “Bidezidor horretatik jaitsita, ezpondaren zati bat erori egin da, eta pasabidea posible bada ere, hegalera igo behar da, ibaira ez erortzeko kontu handiz. Behatzaileak bagara, erraza da bidean baso mota ezberdinak bereiztea (pagoak, koniferoak, hariztiak…)”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zapatu honetan ospatuko dituzte Zeberioko Uriondo auzoko jaiak

13:00etan meza egingo dute auzoko ermitan eta amaitu bezain pronto barauskiarra prestatuko diete herritarrei

|

Uriondo // Inocencio Goikuria

Maiatzaren 11n, zapatu honetan, ospatuko dituzte Zeberioko Uriondo auzoko jaiak. 13:00etan meza egingo dute auzoko ermitan eta amaitu bezain pronto barauskiarra prestatuko diete herritarrei.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Oinarrizko bizi-euskarria eta desfibriladorea erabiltzeko ikastaroa egingo dute Zeberion

Ikastaroa maiatzaren 13an eta 27an antolatu dute Zeberioko Kultur Etxeko jantokian,18:30ean

|

DEA desfibriladore bat // Ytimg.com

Zeberioko Udalak oinarrizko bizi-euskarria eta desfibriladoreak erabiltzeko egun biko ikastaroa antolatu du maiatzaren 13an eta 27an. Ikastaro labur hau Kultur Etxeko jantokian antolatu dute 18:30ean.

“Izena ematea beharrezkoa izango da”, azaldu dute udal ordezkariek. Interesdunek e-posta bidali beharko dute udala.zeberio@bizkaia.org helbide elektronikora. Udaletxera deitzeko aukera ere zabaldu dute: 946 481 079.

Berebiziko gailuak

Bihotz-biriketako geldialdi bakoitzeko bizitza bat salbatzeko epea 4 eta 5 minutu artekoa izan ohi da, eta horietako bakoitzak % 10 gutxiago irauten du. Beraz, denborak berebiziko garrantzia du kasu horietan, eta desfibriladore bat erabiltzeak duen garrantzia funtsezkoa da biziak salbatzeko.

Kanpo-desfibriladore bat gailu mediko elektroniko bat da, bihotz-biriketako geldialdia tratatzeko aukera ematen duena. Diagnostikatzea ere badu eginkizun, pertsona bihotzeko eta biriketako sistemarekin arazo bat pairatzen ari dela diagnostikatzea.

Hainbat desfibriladore mota daude, horietako batzuk ospitale-eremura mugatutakoak. Erabilera publikorako ohikoenak kanpoko desfibriladoreak dira. Erreskatatzailearen esku-hartze mailaren arabera, gailu horiei Kanpoko Desfibriladore Automatikoak (KDA) edo Kanpoko Desfibriladore Erdiautomatikoak (KDEA) esaten zaie.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Tortilla txapelketak, suzko zezenak eta kontzertuek Zeberioko Santakurtze jaiak girotuko dituzte

Maiatzaren 3tik 5era izango dira aurtengo Santakurtzeak Zeberion eta STAK Santa Kurtzeko Jai Batzordeak Bertsio Gaua antolatu du lehen aldiz aurten

|

Suzko zezena // Wikipedia

Maiatza ate joka dago eta hilabete berriaren hasierarekin Hego Uribe eskualdeko herriak beroketak egiten ari dira udara arteko jaiak direla eta. Maiatzaren 3tik 5era Santakurtzak ospatuko dituzte Zeberion eta STAK Santa Kurtzeko Jai Batzordeak egitaraua iragarri berri du.

Aurtengo berritasun aipagarriena maiatzaren 4an (zapatua) egingo duten Bertsio Gaua izango da. Bertan, Ilentia, Durundue, U7, Seveelrio, Satankurtzeren kontzertuak eta DJ Matxinadaren saioa egingo dute auzo zeberioztarrean. “Bertsio gauerako bost talde sortu dira eta zapatuko gaua DJ Matxinadak girotuko du”, azaldu dute antolaketa taldetik.

Patata tortilla // Geuria

Egitaraua | Zeberioko Santakurtzak

Maiatzak 3, barikua
12:00 Meza eta erramu bedeinkapena + luntxa
18:30 Txupinazoa
18:45 Tortilla txapelketan izena emateko epea zabaldu
20:00 Tortillen aurkezpena
20:15 Dantza plaza
21:00 Sari-banaketa + parrillada eta musika
22:00 Suzko zezena

Maiatzak 4, zapatua
10:30 Mendi irteera
13:00 Herri kirolak
15:00 Bazkaria (norberak etxetik ekarrikoakaz)
17:30 Kontzertua: Mani eta Iker
18:00 Jolasak eta txapelketak
19:30 Txokolatada
20:00 Bertsio Gaua. Kontzertuak: Ilentia + Durundue + U7 + Seveelrio + Satan Kurtze + DJ Matxinada

Maiatzak 5, domeka
12:00 Desmontajea + konbideduen bazkaria, nor bere etxean

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak Lekandara egingo du irteera, Euskal Mendi Federazioaren 100. urteurrenean

Zeberioko mendizaleek domeka honetan ipini dute hitzordua, 09:00etan, Zubialdeko plazan. Asmoa Pagomakurrera autoz joatea da

|

Lekanda // Mikel Martinez de Osaba

Datorren apirilaren 28an, domeka, Lekanda mendira abiatuko dira (1.309 m) Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideak, Euskal Mendi Federazioaren 100 urteak ospatzeko (1924-2024). Izatez, apirilaren 27 eta 28an Euskal Herriko ehun mendi talde baino gehiago igoko dira zazpi herrialdeetatik aukeratutako 100 tontorretara, eta ehungarren urteurreneko bandera eramango dute. Efemeridea oroitzeko bi mila mapa egingo dituzte.

Zeberioko mendizaleek 09:00etan ipini dute hitzordua Zubialdeko plazan eta asmoa Pagomakurrera autoz joatea da. Behin Pagomakurren ibilbidea hasiko dute honako lekuetatik igaroz: Pagomakurre, Arraba, Lekanda, Itxina, Atxular eta Pagomakurre.

Lekandako tontorra. Atzean, Gorbeia // Menditxoko

Axnagusia, gertutik

Itxina kareharrizko mendigunearen gailurrik garaiena da, Gorbeiako mendigune handiaren zati dena. Arrabako axnagusia edo, besterik gabe, Axnagusia ere esaten zaio. Lekanda toponimoak mendiaren iparraldeko isurialde malkartsuan du jatorria, baina, azkenean, gailurreraino ere zabaldu dela dirudi. Itxina mendigunearen ekialdean dago, 1200 metroko desnibelarekin Arratiako harana menderatzen duela, Zeanuriko zeruaren gainean (205 m). Iparralderago dagoen gailurra Igalirrintza (1296 m) deitzen da, askotan Lekandaren sinonimo bezala erabili izan dena.

Itxina da Gorbeiako mendigunearen (Gorbeiagane) zatirik malkartsuena eta erakargarriena. Oso ondo mugatutako paraje malkartsua da, “belarri” itxurakoa. 5 km2 inguruko hedadurarekin, 1.309 metroko gehienezko kota du Lekandan, eta 1.017 metroko gutxieneko kota Axpezar sakonunean. Arro itxi hondoratu bat da, hego-ekialdetik ipar-mendebaldera Itxinako erdigunea zeharkatzen duen arrakala handi bati jarraituz.

Itxinako barnealderako sarbideak oso urriak dira. Ikusgarriena Atxulaurren Begia da, ekialdeko harresian irekitzen den zuloa, Supelegor eta Lexardi inguruetarako sarbidea ematen duena. Arrabako zelaietatik (1.070 m) garrantzitsuak dira Kargaleku (1.113 m) eta Igalerantz (1.162 m) pasabideak. Mendebaldeko harresia, batzuetan Torruntxueta deitua, oso malkartsua da eta Sintxitako amildegira erortzen da. Gurdietarako pasabide bakarra Itxingo arratea zen (1.080 m), Orozkoko bailaratik sartzeko aukera ematen zuena. Axkorrigan gailurrera sartzeko (1.090 m), Atxaragun pasabidea (1.042 m) dugu.

“Irteera herritar guztientzat zabalik dago eta jendea animatuz gero horixe kudeatu beharko genuke”, azaldu dute Austarri Mendi Taldetik. Horregatik, ekimenean parte hartu nahi dutenek Zeberioko mendi taldearekin harremanetan jarri behar dira. Gainera, nor bere bazkaria eraman behar dutela jakinarazi dute.

Osorik irakurri