→Zeberio

Zeberioko eskola: “Garraioa guztiei bermatu behar zaie, baita bi urteko haurrei ere”

Polemika piztu du azken egunotan Jaurlaritzaren eskola-garraio dekretuak. Ebazpenak ez du bi urteko haurrentzako garraio-eskubidea jasotzen. Nuria Korta zuzendariak azaldu du eskolak beti bermatuko duela ikasle guztien garraioa.

Zeberioko eskola / Zeberioko Udala

Polemika piztu du azken egunotan Jaurlaritzaren eskola-garraio dekretuak. Ebazpenak ez du bi urteko haurrentzako garraio-eskubidea jasotzen. Nuria Korta zuzendariak azaldu du eskolak beti bermatuko duela ikasle guztien garraioa.

Eskola garraio dekretuak jasotzen ez badu ere, Jaurlaritzak baimena ematen du eskoletako autobusetan bi urteko haurrak garraiatzeko, beti ere hauetan eserleku libreak badaude. Aurtengo ikasturtean, ordea, dekretuak agindutakoa bere horretan betearazteko saiakera egin du Jaurlaritzak, eta bere horretan aplikatuz gero, hiru urtetik gorako umeentzako bakarrik dago bermatua eskola garraio zerbitzua. Hau da, bi urteko umeek ez lukete eskola-garraio eskubiderik. Saiakera horrek polemika piztu du eskolara joateko distantzia handiak egin behar dituzten familietan. Zeberion, kasu, auzoen arteko distantziak 2 eta 3 kilometro artekoak dira eta beharrezkoa dute umeek autobusa erabiltzea.

Jaurlaritzaren asmoak berandu azaldu direla uste du Nuria Kortak, Zeberioko eskolako zuzendariak: “Matrikulatuta dauden umeak eskolara etorri behar dira. Horretarako autobusa behar badute, autobusa izaten jarraituko dute” argi dio Nuria Kortak, Zeberioko eskolako zuzendariak. “Ebazpena 2015ekoa da. Orain arte, baina, ez dute arazorik jarri, autobusean eserleku libreak izanez gero, bi urteko haurrak hartzeko. Ikasturtea hasita heldu zaigu albistea eta orain ez litzateke bidezkoa izango familia hauei garraio zerbitzua ukatzea” dio zuzendariak. Bi urteko sei haur daude aurten Zeberioko eskolan. Orotara 100 ikasle dira eskolan eta bi autobus eta taxi bat arduratzen dira guztiak eskolara ekartzeaz.

Lege hutsunea
Eskola zuzendaritzak logikoa ikusten du Jaurlaritzak, momentuz, atzera egin izana. Dena dela, dekretuaren inguruko zalapartak ez duela eskolan eraginik izan dio Nuriak: “Guztiak berdin jarraitzen du hemen. Gure lana, eskola zuzendaritza bezala, ahal dugun eskolarik onena egitea da, eta horretarako ikasle guztientzako garraio zerbitzua bermatu beharra dugu. Egia da legeak hutsune bat duela bi urteko haurren garraioari dagokionez. Agintariek ikusi beharko dute arazoa nola konpondu, baina argi dago ume hauek ezin direla garraio zerbitzurik gabe utzi”, azaldu du zuzendariak. Dekretua bere horretan betearaziko balitz, Nuria kezkatuta azaldu da erabakiak etorkizunean izan ditzakeen ondorioekin: “Hezkuntza publikoak oinarrizko zerbitzuak bermatzen ez baditu guztientzako, eskola pribatuetara joateko esaten ari gatzaizkie familiei. Horrek ez du zentzurik”. Horregatik, Jaurlaritzak hutsune hori konponduko duen itxaropena agertu du eskolako zuzendariak. Bien bitartean, Zeberioko eskolak argi utzi du ez zaiola inori garraiorik faltako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak