→Hego Uribe

Eskualdeko herri komunikabide baten lehen pausoak

24 ale argitaratu ditu Geuriak, tartean hiru berezi: Korrika 19ren ingurukoa, iazko udal hauteskundeena eta honako hauxe, 2. urterrenari dagokiona. Ehunka argazkiz osaturiko azala du ale bereziak. Bertan ageri diren guztiak, batera edo bestera, Geuria proiektuarekin bat egin dute: elkarrizketatuak, langileak, kolaboratzaileak, argazkia eskatu eta aldarte onez onartu dutenak, lantalde bileretara etorri direnak, harpidedunak, laguntzaileak, besteak beste. Hego Uribeko euskal komunitatearen parte dira. Funtsezkoak guztiak.

Ale berezi hau osatzeko bi izan dira aukeratu ditugun ildoak: datuak eta elkarrizketak. Batetik, datuak, goranzkoak gehienak: gero eta eduki gehiago egiten ditu Geuria komunikabideak, ikustaldi gehiago dituzte eduki horiek eta sare sozialetan gero eta oihartzun handiagoa sortzen dute. Eguneroko lanaren poderioz etorri diren datuak dira. Bestetik, elkarrizketak: Hego Uriben badira entzun behar ditugun ahotsak. Danetarikoak agertzen saiatu gara, anitzak eta aberasgarriak.

Erantzukizunari aurre egiteko, aurrekarietatik ikasi dugu: Lapiko, Artandape, El Social, Berbaz, Bost Axola, besteak beste. Bi urte beteta dakusaguna da euskaldunok badugula euskarazko hedabide bat langileekin martxan; deitu eta telefonoa hartzen duten langileak, lanean gogor aritzen direnak elkarte zein norbanakoekin elkarlanean, ikasten ari direnak, laguntzeko, pentsatzeko eta borrokatzeko prest. Finean, agente berri bat sortu da Hego Uriben: Geuria. Sendoa eta iraunkorra. Hego Uribe euskarazko hedabideen mapan jartzen duena. Eskualdeko euskaldunon sarea josten duena. 400 harpidedunek jasotzen duzue hilero aldizkaria zuen etxean, zuok hala eskatuta. Ahoz aho zabaltzen da mezua eta hiletik hilera euskaldun gehiagok ematen duzue izena. Ez da su artifizialik. Herriak berak eskatu du eta herriak berak ematen dio. Horizontala.

100.000 biztanleko Hego Uribe eskualdeak euskarazko herri komunikabide bat behar zuen eta Geuria jaio zen. Lantalde bileretan, gure buruari askotan galdetzen diogu ea modurik onenean ernaldu ote zen proiektua, erarik aproposenean jaio ote zen edo bide zuzenean ari ote den. Auskalo. Baina ari da, aurrenekoz eskualdeko herri komunikabide bat bidea egiten ari da. Ahots, eztabaida eta gomendio ezberdinek gidatuta aurrera egiten ari da. Bi urte bete ditu, baina lehen pausoak baino ez dira hauek. Muga barik, euskaldunok ibili behar dugun ibilbide luzea du aurretik Hego Uribek, eta bide horretan lagun izan behar du Geuria.

editoriala geuria 2016 datuak 1

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak