Gutunak

Japoniako Kyoto Animation estudioetako atentatuaz

Japoniako Kyoto Animation estudioetako atentatua uste baino gogorragoa izan da. Egun ez nintzateke gidoiak idazten ariko, Kyoto Animation estudioengatik ez balitz.

Argazkia: BUDDHIKA WEERASINGHE (AFP)

Japoniako Kyoto Animation estudioetako atentatua uste baino gogorragoa izan da.

Uste nuen hemen anekdota bezala geratuko zela atentatuaren albistea, alde batetik munduko beste puntan gertatu delako eta bestetik Animazioa egiten den estudio batean izan delako, baina modu batean edo bestean, edozeinek izan du atentatuaren berri. Hala ere, oraindik norbait ez bada enteratu, hementxe laburpena:

Duela bi egun, zoro batek gasolina-bidoi bat leherrazazi zuen Japoniako Kyoto Animation estudioetan eta horren eraginez 30 hildako baino gehiago eta beste hainbeste zauritu suertatu ziren. Adierazgarria da estudio horietan 70 pertsona zeudela lanean.

Testu hau idazteraren lehendabiziko arrazoia orain dudanaren bestelakoa izan zen. Atentatua gertatu eta berehala plataforma bat zabaldu zuten online diru-bilketa egiteko, eta hasieran nire helburua zen testu honen bitartez diru-bilketa sustatzea. Hala eta guztiz ere, hori orain ez da beharrezkoa, atentatua gertatu eta 24 ordutara mundu osotik milioi bat dolar baino gehiago lortu zutelako.

Diru-bilketa alde batera utzita, orain lerro hauek erabili nahi ditut, batez ere, adierazteko atentatu honek zein eragin izan duen nigan (baita beste batzuengan ere):

Ezagutzen nauen edonork badaki gidoiak idazten eta ikus-entzunezkoak ekoizten ditudala. Nire pasioa da hori eta egiten dudana hein batean Kyoto Animation estudioei esker da.

Duela 11 urte, nerabea nintzela, animazioko istorioak bilatzen nituen etengabe, eta ustekabean ‘Clannad’ izeneko telesail batekin egin nuen topo. Animaziokoa izan arren, publiko helduarentzako zegoen zuzenduta, eta ez borrokak zeudelako, baizik eta gidoia dramatikoa zelako, gizakion sentimenduak ardatz zituena. Mutiko bat du protagoista telesailak: ama hilda, aita drogazalea du, eta mutikoaren helburua da poztasuna bilatzea. Puntu batean neska antisozial bat ezagutu eta bion artean antzerki talde bat osatzen dute marjinatuta dauden beste batzuekin.

Clannad telesailea // Kyoto Animation

Horrelakorik ez nuen inoiz ikusi, eta are gutxiago animazioko telesail batean. Telesaila ikusten bukatu nuenean bi gauza argi nituen: alde batetik hori zela nire telesailik gogokoena, eta bestetik, istorioak kontatzen jardun nahi nuela (Alex ‘Welder’ Diaz galdakoztarrari elkarrizketa hemen irakurgai). Horregatik nire buruari galdetu nion: Zergatik ez profesionalki hau ikasi?

‘Clannad’ telesaila Kyoto Animationek ekoiztu zuen. Ondoren, ‘K-ON!’ komedia ekoiztu zuen Kyoto Animationek. Egunerokoaz hitz egiten zuen, momentu txikiak aprobetxatu behar direla. Nesken musika talde bati buruzko da, eta nola euren ametsa eszenatoki handi batean jotzea dela. Ez dago besterik. Errealista, soila eta xumea. Istorio handi bat artifizio bitxirik gabe egin daitekela erakutsi zidan telesail honek. Lantalde berak sinatu zuten ’Clannad’ zein ‘K-ON!’ eta bietan Naoko Yamada zuzendariak lan egin zuen. Nire lanean Yamadak inspiratu nau.

K-ON! telesaila // Kyoto Animation

Estudioak beste telesail batzuk ere ekoitzi ditu, denek pertsonengan eta sentimenduengan garrantzia jarriz, eta betiere narratiba bikain batekin, borrokaldietatik kanpo.

Eta orain, dena zapuztu da.

Hala ere, askorentzako estudio txiki honen legatuak, nahiz eta urruti egon, bizirik dirau. Ez dakigu estudioak bere martxa hartuko duen berriro edo ez den berriro itzuliko, baina gertatzen dena gertatzen dela, bere legatua bizirik mantenduko da estudio harekin ikasi dugunon artean. Kyoto Animation gertutik ezagutzen zuen edonork jakingo du gauza oso oso berezi bat galdu dugula.

Lerro hauek bukatu aurretik, gomendio batzuk egin nahiko nituzte. Mesedez, ikus ezazue Kyoto Animationek egindako azken telesaila: ‘A Silent Voice’. Eta ez galdu Kyoton bertan sinatutako beste lan berezi hauek ere: ‘Chuunibyo’, ‘Tamako Market’, ’Nichijou’, eta nola ez, ‘Clannad’ eta ‘K-ON!’.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak