Gutunak

Espainiar faxismoarekin hautsiz, Altsasukoak aske!

Gaur, hemendik, gure besarkada indartsu eta maitakorrena bidali nahi diegu muntaia nazkagarri honen erruz espainiar espetxeetan gatibu dauden Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen, Oihan, Adur eta Jokini. Baita Ainarari ere, eta gazte guzti hauen senide eta lagunei. Zuekin gaude!

Haserre gaude. Nazkatuta gaude. Egoerak barrena erretzen digu.

Gure azalean sentitu dugu hedabide bakoitzak zabaldutako gezur pozoitsua. Atxiloketa bakoitzean gure askatasuna lapurtu digute. Kontrol, katxeo, irain, karga eta isun bakoitzaren aurrean gutariko bakoitzak barruak hustu ditu. “Nahikoa da, ostia, utzi bakean!” garrasiak Euskal Herri osoa zeharkatu du.

Amorru gehiago sentitu ezin genezakeela pentsatu genuen gutariko askok. Baina okerrena espero genuen. Eta hala izan da. Espainiako Audientzia Nazional faxistaren sententziak muntai polizial, judizial eta mediatikoak eragindako kaltea berretsi eta zuritu besterik ez zuen egin.

Inpotentzian ito nahi izan gaituzte. Baina etsipenetik haratago, borrokarako grina ezin dute espetxeratu. Kartzelako ormigoi hotza zeharkatu du gure elkartasun keinu orok. Ulertu baitugu sententzia honekin euskal gazteria izan dela epaitua, kriminalizatua eta zigortua.

Zer egin genezake basakeria honen aurrean, aurrera pausu bat ematea ez bada? Sumisioan eta zapalkuntzan oinarritutako bakea inposatu nahi digute. Bake faltsu bat. Baina ez gaude prest auzitegi ustelen eta indar armatuen bidez gure oraina eta etorkizuna lapurtzera.

Espainiar erresumak ez du autoritarismoa eta errepresioa ez den beste eskaintzarik Euskal Gazteriarentzat. Hala adierazi du urte luzez eta norabide berdinean jarraitzeko urrats sendoak ematen dihardu. Aurpegi aldaketen gainetik espainiar proiektu politikoak bere egitasmoaren muinean inposizioa eta autoritarismoa dauzkalako.

Bakea? Justizia? Akaso posiblea da halakorik lortzea Espainiar estatuan? Nola? La Manadaren justiziari eskatuko diogu? Marlaska torturatzailearen gobernuari? 155a aplikatu dutenei? Mozal legeari? Aurrekontu miserablei?

Dena terrorismoa denaren aitzakiapean Euskal Gazteriaren aurkako aurrekari larria izan da epaiketa hau. Errepresio estrategian urrats kualitatibo bat ezarri dute. Eta herri erantzun eredugarri bat eskaini diegu. Argi izan dezatela: aurrean izango gaituzue, ez dira pasako!

Gazteok ez gaude prest. Ezin gara prest egon. Eta ez gara prest egongo espainiar faxismoak markatutako koordenadetan bizirauteko. Ez gaude prest prekarietatea, miseria, esplotazioa, epaiketak, muntaiak, gezurrak, kartzela, zigorrak, kontrola, inposizioa onartzeko.

Euskal gazteriaren etorkizuna jokoan dago. Etorkizun posible bakarra espainiar faxismoaren kateekin haustea dakar. Erabat eta betirako. Euskal Herriaren etorkizun politikoa burujabetzatik igarotzen da, egiazko bake, justizia eta askatasuna borrokatzetik. Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren alde lanean jarraitzea. Soilik independentziak irekiko digu egitasmo emantzipatzaile bat bururaino eramateko aukera.

Jarrai dezagun datorren asteetan ere orain arteko irmotasun berarekin borrokan. Mobilizatu gara, bideak itxi ditugu, delegazioaren aurrean kateatu gara, kaleak astindu ditugu…baina hau ez da hemen bukatzen. Larunbatean Iruñean izango gara milaka herritarrekin batera justizia oihukatzen. Ez dezagun utzi errepresioa eta faxismoa normalizatzen.

Euskal Herri sozialista eta feministara bidean gazteon oraina borrokan da. Animo eta jarraitu dezagun borrokan. Jo ta ke!

Gora Euskal Herria sozialista eta feminista! Gora Euskal Gazteria! Gora Ernai!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak