Quantcast

Pauso bat aurrera

arrigorriaga baietz 365 ekimena 2016 euskararen erabilera

Arrigorriagan, Euskal Herriko beste herri batzuetan bezala, sarri erabiltzen dugu erdara euskal hiztunok, euskaraz hitz egiteko  gai izan arren eta herritar gehienek euskara ondo ulertu arren. Estatistikak argi erakusten du jokabide hori: 4000 euskaldun, 3500 ia-euskaldun, baina %10era ez da heltzen euskararen erabilera. Beste garai batzuetako arauek moldatu dute gure hizkuntz portaera eta oraindik ez gara ausartzen  euskara normaltasunez erabiltzera. Bada  ordua konplexuak astintzeko eta  euskara erabiltzea normaltzat hartzeko  gure herrian, erdaraz egitea hartzen dugun bezala; horregatik sustatu dugu herritar batzuek Baietz365! ekimena.

Euskara erabiltzea errazteko, herrian bi txapa zabaldu ditugu: NIK BAI!, esateko euskaraz egingo dugula lagunak ulertzen badu, eta NIREKIN BAI!, adierazteko  ulertzen eta estimatzen dugula euskara, batzuetan  erdaraz erantzun arren. Azaroaren 10ean abiarazi genuen ekimena  eta erronka bota genuen herrian: baietz 365 lagunek hizkuntz portaera aldatu Euskararen Egunerako. Eguna pasatu denez, heldu da balorazioa egiteko eta partekatzeko ordua.

Gure iritzian, ekimenak lau helburu bete ditu:

  • Herritarren ekimena izan da. Herriko elkarte, taberna, denda eta erakunde askok sustatu dute Baietz365! eta 3000 NIK BAI! eta NIREKIN BAI! txapa banatu dira herrian.
  • Joera politikoen gainetik jarri da euskararen erabilera zabaltzeko asmoa. Udalbatzan dauden alderdi politiko guztien ordezkariek babestu dute ekimena. Oinarri ona da etorkizunean euskararen aldeko beste pauso batzuk emateko.
  • Hizkuntz jokabideei buruzko gogoeta eragin da. Zalantzan jarri dira egungo jokabideak eta agerian geratu da faltsuak direla euskara ez erabiltzeko ditugun aurreiritzi asko, esate baterako, “edukazio txarrekoa” dela euskaraz egitea solaskideak erdara erabiltzen duenean. Herritarrok ondo ikusten dugu euskal hiztunok euskara erabiltzea, eta komunikazioa posible den bitartean, hizkuntzaz aldatu gabe euskarari eustea.
  • Ilusioa berpiztu da euskaldunon artean eta enpatia handia erakutsi dute erdaldun elebakarrek. Arrigorriagan ahalegin handia egin dugu herritar askok euskara ikasteko: azken 30 urteotan, 3000 herritar euskaldundu gara  eta beste 2000 pertsonak euskara ulertzeko gaitasuna eskuratu dugu. Inork ez du nahi esfortzu kolektibo hori  ezerezean gera dadin eta ilusioz hartu da  euskara erabiltzeko gonbitea.

Jakin badakigu hizkuntz ohiturak ez direla egun batetik bestera aldatuko eta Baietz365! egitasmoa pausotxo bat besterik ez dela izan euskararen normalizaziorako bidean, baina ekimenak agerian utzi du gogoa dagoela euskararen erabilera zabaltzeko eta denok har genezakeela parte abentura horretan;  euskal hiztunok euskarari lasai eta tinko eutsiz, semaforoak berde dirauen bitartean, eta besteok euskara erabiltzea estimatzen dugula erakutsiz eta pausoz pauso euskara gero eta geureagoa eginez.

Eskerrik asko parte hartu duzuen  guztioi!

Baietz 365

Arrigorriagan euskararen erabilera errazteko herri ekimena

Erlazionatutako edukiak

*

*

Top