Gutunak

Bertso saioak jaietan

Agur t’erdi bertsozale,

Aurtengo San Migel jaietako edo laster izango ditugun San Faustoetako egitarauak begiratzen badituzu, aurten ez duzu bertso saiorik topatuko.

Bertso eskolaren inguruan gabiltzan pertsonek azalpen bat zor dizugula uste dugu, eta beraz, horretarako joan bitez ondoko lerrook:

Aspaldi da bertso-eskolaren izaera juridikoa kolokan dagoela, eta azken urteetan antolatutako ekitaldiak nola edo hala aurrera ateratzea lortu dugu. Zoritxarrez, ezin izan diogu egoera honi luzaroago eutsi eta aurten elkarte moduan baja eman behar izan dugu Eusko Jaurlaritzan. Ondorioz, ezin izan dugu Udalak ematen zigun diru-laguntza izenduna eskatu, eta diru gabezia horregatik ezin izan ditugu aipatutako (eta ohiko bilakatzen ari ziren) jaietako saio biak antolatu.

Azken momentura arte saiatu gara saioak antolatzen. Herriko Taldeak eta Mikelatsekin harremanetan egon gara, eta herriko beste elkarte batzuen bidez, Euskarabila kasu, saioak bideratzen saiatu gara. Zoritxarrez ezinezkoa izan zaigu.

Aurten beraz, ez da saiorik egongo. Hala ere, etsipenean erori aurretik, jakin lanean jarraitzen dugula aurten posible izan ez dena datozen urteetan egingarri izan dadin. Hau, bidean topatutako oztopo baino ez dadila izan. Gure borondaterik handienarekin saiatuko gara gure jaiak bertsoz busti daitezen!

Beste barik, jaso gure besarkadarik beroena,

Balendin Enbeita Basauriko Bertso-Eskola

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak