Gutunak

Euskarabila 1996-2018

basauri euskarabila 1996 2016 20 urte
Asko izan dira Euskarabilan parte hartu duten herritarrak / Euskarabila

Euskarabila Elkarteak, barneko hausnarketa egin ondoren, bere ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen otsailaren 23ko ezohiko batzar orokorrean. Luze joko luke aztertzeak zeintzuk izan diren agur esateko arrazoiak, eta, beraz, ezin lerro hauetan laburbildu. Aukera egokiagoa egongo da, ez oso epe luzean espero, euskararen normalizazioari lotutako kezkak dauzkagun basauriarrok bestelako topaguneetan elkartu eta, hala erabakiz gero, orain arte egindakotik eta ez egindakotik abiatzeko.

Orain arteko jarduna eteteko erabakia hartu arren, otsaileko ezohiko batzarrean beste bi erabaki hartu ziren: udara bitartean hartutako konpromisoei eustea eta beka bat ematea, Euskarabilak bere ibilbidean (1996-2018) egindakoari buruzko informazioa bildu, ordenatu, euskararen aldeko mugimenduan kokatu eta dibulgaziorako prestatzeko helburuarekin.

Apirilean hasi dira zeregin honetan Ander López eta Miren Telletxea, Ikus-entzunezko komunikazioa eta Publizitate eta Harreman publikoak EHUko ikasleak. Jarraipen batzordea ere martxan dago: Mari Luz Esteban (EHUko irakaslea), Txerra Rodriguez (Parte hartze eta garapen komunitarioko masterduna, EHU), Edorta Arana (EHUko irakaslea) eta Ludi Viguera (Euskarabilakidea).

Lana abendurako amaitu eta urtarrilean aurkeztuko dugu jendaurrean. Aurkezpen horretaz gain, urtarrilean bertan ahal dela, oraindik zehaztu gabe dugun ekitaldia antolatzeko asmoa dugu, Euskarabilari merezitako agurra egiteko. Zuen ideia guztiak izango dira ondo etorriak, jakina!

Gauzak horrela, Euskarabila Elkartearenak egin duela esan dezakegu, elkarte gisa ibilbidea amaitutzat ematen dugula. Hemendik aurrerako erronken aurrean (Euskaraldia, epe laburrean) nola erantzun, euskarabilakide bakoitzaren baitako erabakia izango da, baina zalantzarik ez izan zeregin ugari daukagula oraindik Basaurin euskararen normalizazioa lortzeko.

Bidean elkartuko garelakoan, segi  Basaurin euskara(z) bizitzen!!!

Euskarabilako Jarduneko Zuzendaritza

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak