Gutunak

Ez Labea auzoa zatitu! Zebrabidea eta semaforoa orain!

Galdakaoko Labea, Uraska, Trokarro, Puentelatorre, Bekea… auzokideok, N240 errepidea modu seguruan gurutzatu ahal izateko eskaria aspaldikoa dugu.

Aro moderno honetako momentu jakin batean (ibilgailuen mesederako) urratu egin izan zen auzotarron gutxieneko eskubide bat: auzo batetik bestera, betidanik komunikatuak egon diren bezala, “lasai” oinez joan ahal izatea.

Orain baino lehen, ibilgailuen mesederako errepidean lanaren bat burutu den aldiro oinezko herritarren aldarrikapenak egon dira. Horiek dira: N240 gurutzatzeko zebrabideak jartzea eskatu dugu; N240-an 60 zentimetrotako bazterbide batetik joan behar izatea; eta, Labea aldean lehenetsi zen Ospitalera kotxeak sartzeko errepidea eta espaloiak, bus geltokiak, markesinak, oinezkoentzako zerbitzuak ez dira inoiz kontuan izan. 

Aukera izan dugun aldiro eskariak luzatu dira, hauteskunde garaietan bereziki. Beti eskatutakoaren aldeko jarrera ona jaso dugu (hitz onak) baina inoiz ez dugu ikusi ekimen zehatzik.

Iazko udazkenean, Bizkaiko Foru Aldundia N240 errepidean burutzen ari den lanaz jakin genuenean, berriro ere, errepidea gurutzatzeko konponbide duina eskatu genuen.

Udaletxean zebrabidearen aldeko eskaria osoko bilkuran onartu da. Udal alderdi guztiak zebrabidearen alde dagoz. Ibon Uribe alkateak Foru Aldundiko arduradunekin bildu da eskari zehatz hau egiten (obraren inguruko kezka gehiago egon dira, noski), eta pasa den martxoan Bizkaiko Foru Aldundiko Errepideen Zuzendaritzako arduradunekin auzotar ordezkaritza bat bildu zen.

Hainbat sasi-argudio erabiliz, zebrabidea ez zutela egingo adierazi ziguten (ibilgailuen zirkulazioaren mesederako, noski). Ez dute araututako arrazoi nagusi bat zebrabidea ez egiteko. Ematen diguten argudioa da: “tekniko batek ez du Labea auzoan zebrabidearen proiektua sinatuko”.

Ezetz, eta ezetz. Nahiz eta zebrabidean semaforoa jartzea proposatu, egunero bidea gurutzatuko lukeen pertsona kopurua urria izan, abiadura 30 kilometro orduko mugatu, eta bestelako neurriak proposatu… Ezetz, eta ezetz. Labearen alde batetik bestera joateko Ospitaleraino igo eta buelta eman beharko dugula! Bekea edo Puentelatorretik Uraskara joan nahi izanez gero… pentsa!

Biztanle gutxi gara, baina besteak besteko duintasuna eskatzen dugu!

AP8 autobidea, Abidadura Handiko Trena, N240 lau erraiekin, Super Sur (Labeatik pasatzeko proiektua dago)… eta ezin da zebrabide bat egin?

Labea auzoaren inguruko biztanleen asanblada
Gora