Gutunak

Editoriala | Has gaitezen sinesten

geuria 043 ale berezia 2018 berba eta irudia editoriala argazkia Fancycrave Unsplash

Euskal Herriko biztanlego osoari galdetuko bagenio Williams Wallace pertsonaiari buruz, ehuneko handi bati Braveheart pelikula etorriko litzaioke burura.

Argazkia: Fancycrave, Unsplash

Euskal Herriko biztanlego osoari galdetuko bagenio Williams Wallace pertsonaiari buruz, ehuneko handi bati Braveheart pelikula etorriko litzaioke burura. Izan ere, Eskoziako historiaren pasarte esanguratsu hura Hollywoodek kontatuta ezagutu dugu gehiengo handi batek, ez dugulako liburuetan irakurri eta ez dutelako liburuetan irakurriko. Eta historia ezagutu dugu kontatu diguten moduan, ez pentsa denbora luzez aztertu dugunik ea egia ote den esan digutena, zineman ikusi eta entzun duguna… Hau adibide bat besterik ez da. Amerikako Estatu Batuek, eurena ez ezik, mundu guztiko iruditegia sortzen dihardute XX. mendeko erdialdetik tresna kulturalen bidez.

Euskal Herriaren iruditegiaren parte txiki bat sortuta dago: El pico (1983), Tasio (1984), La muerte de Mikel (1984), Obaba (2005), Aupa Etxebeste! (2005), Kutsidazu bidea, Ixabel (2006), Eutsi! (2007), Ander (2009), Izarren argia (2010), 80 egunean (2010), Urte berri on, Amona (2011), Bypass (2012), Loreak (2014), Ocho apellidos vascos (2014), Lasa eta Zabala (2014), Amama (2015), Gernika (2016), Handia (2017), Errementaria (2017) eta etorriko direnak. Eta hauek filmak besterik ez dira. Antzerkia, telebista eta kultura bide guztiek laguntzen dute herri baten iruditegia sortzen.

“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko antzerki eskolatik Handia filmeraino” izenburua jarri diogu GEURIAren monografiko honi. Berba eta irudia, bi hitz horiek aukeratu ditugu. Batetik, iruditegi bat sortzeko oinarrizkoak diren bi termino direlako. Bestetik, Berri Txarrakeko Gorka Urbizuk idatzitako kanta baten izenburua da eta abestiak horrela dio: “Berba eta irudia: kontrola / hau da mende berria mundu zahar batean / Ez al gara konturatzen / egia desitxuratzen / dutela hitzak aldatzen? / Interpretazioak eta intentzioak / dira interakzioan”.

Monografikoan duzun lehen elkarrrizketan honakoa dio Itziar Ituño aktore basauriarrak: “Orain uste dut sinesten dugula edo instituzioek sinesten dutela egin daitezkeela hemen horrelako gauzak”, eta bat gatoz. Ikusentzunezkoen garrantzia oso handia da egun bizi dugun gizartean eta are garrantzitsuagoa izango da etorkizunean. Izan ere, ikusentzunezkoek Historian izan duten bilakaerak beti goranzko joera du. Berdin dio euskarria zein den: telebista, antzokia, smartphonea, Netflix edo iPad bat.

Zineman, antzerkian eta telebistan lan egin duten hainbat pertsonekin berba egin dugu eta horietako hamahiru aukeratu ditugu monografiko honetan agertzeko. Honakoak, arrazoiak: aniztasuna, diskurtso eraikitzailea, gaztetasuna eta esperientzia, diziplina ezberdinak, besteak beste. Banan-banan, laburrean errepaso bat: Mundu erdiaren ahotan dagoen Itziar Ituño, bere herritik mundu zabalera begiratzen duena; Dragoi Bolaren ahots izandako Jesus Eguzkiza ‘Eguzki’, eta euskararen ahoskeran, itzulpengintzan eta bikoizketan lan izugarria egin duena; aktoreak janzten dituen Miriam Miranda; ikerketa eta zinema uztartzen dituen Iratxe Fresneda; ETBko hamaika telebista ekoizpen martxan jarri dituen Aritz Galarza; bere gaztetasunaz euskal ekoizpen handienen ikuspegia ematen duen Agare Lopez; antzerkiaren hezkuntzan diharduen Sonia Villamor; Basauriko Antzerki Eskolari buruz berba egiten duten Iñaki Garcia eta Jokin Oregi; bere ekoizpen- eta banaketa-etxe propioak sortu dituzten Alex Pascual eta Aitor Arenas, hurrenez hurren; antzezpenean lanean hasiberria den Eneko Larrazabal; umorea ikusentzunezko hamaika euskarritan lantzeko trebetasuna duen Ruben Ontiveros.

Denak gure eskualdean jaioak edo bizi direnak eta Euskal Herriaren iruditegia sortu eta sortzen ari direnak. Eurei sinesteko unea heldu da. Euskal Herriak bere historia kontatu behar du, ez bakarrik iragana, baizik eta bizi dugun garaia eta etorkizuna ere bai. Horretarako kulturak eskaintzen dituen diziplina guztiak erabili behar ditu: esku artean edo pantaila aurrean irakurtzen ari zaren komunikabide honetatik hasita, etorriko den euskarazko film ikusieneraino.

Euskal Herri osoak Altzoko erraldoia Handia filmaren bidez ezagutu du eta hori da buruan duena eta edukiko duena norbaitek Altzoko erraldoiaz galdegiten dionean; Lasa eta Zabalak utzi zizkigun irudi gogorrek pasarte bat gorpuztu zuten; Aupa Etxebesteren istorio barregarri zein benetazkoa sortu genuen, gure miserien udako ipuina; gaztetxoei zuzendutako Patxi Errementaritik publiko orokor bati zuzendutako Errementari ilunera igaro gara.

Finean, egiten ari garen honetan sinestea da gakoa, besterik ez. Eta sinesteko zantzu nahiko daude ondoren irakurgai dituzuen elkarrizketetan.

Geuria #043 – Monografikoa – Berba eta irudia – PDF
“Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko antzerki eskolatik Handia filmeraino”
Editoriala

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak