Gutunak

Geuria komunitatearen zerbitzura

Geuriak hiru euskarri dituela esatea gustatzen zaigu: paperezko edizioa, webgunea eta komunitatea. Azken urteetan berreskuratu, boladan jarri eta nabarmen zabaldu den kontzeptua da komunitatearena. Adiera berriak ere erantsi dizkiogu. Askotan, gaizki edo gehiegi erabiltzearen ondorioz, hitza bera esanguraz hustera ere iritsi gara.

Zer da guretzat komunitatea? Nola eraikitzen da? Geuria bere paperezko lehen alea eta webgunea 2014ko urrian kaleratu baino askoz lehenago hasi zen komunitatea lantzen. Beharra al dago Hego Uriben euskarazko komunikabide sendo eta iraunkorra sortzeko? Zeintzuk eta zertarako daukazue interesa horretan? Nolakoa izan beharko luke komunikabide horrek? Uneren batean edo bestean, galdera hauek planteatu zitzaizkien 2012 eta 2014ko urria bitartean gure eskualdeko hainbat bileratara etorri ziren eta joan ginen erakunde eta herritarroi. Orduko ondorio gehienak oraindik ere Geuriaren bizkarrezur dira. Baina komunitatea benetan existituko bada, etengabe elikatzen jarraitzen dugulako izango da, bi zentzutan doan informazio jarioa bultzatuta eta, batik bat, herriak esaten duena aintzat hartu eta norabide horretan doazen erabakiak hartuta.

Iragan maiatzean Geuriaren 1. gizarteratze jardunaldiak antolatu genituen Tokikom-ekin elkarlanean. Komunikabideak hilero egiten dituen erredakzio bilera irekiez harago, eskualdeko herritar eta erakundeei Geuriaren orain arteko ibilbidearen informazio zehatza eta gardena eman eta orain arte egindakoaren eta hemendik aurrera egin beharrekoaren inguruan guztien artean hausnarketa egitea zuten helburu. Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao eta Zaratamon bilerak egin ziren. Guztira 29 pertsonak hartu zuten parte (15 emakume eta 14 gizon) modu boluntarioan eta 15 elkarte eta erakundek izan zuten ordezkaritza. Galdera ugari izan ziren, ideia mordoa, kritikak eta animoak… denak akta batean jaso eta parte hartzaile guztiei helarazi zaizkienak. Esperientzia benetan aberasgarria eta probetxugarria.

Bost ardatzetan bildu ditugu ondorio nagusienak, lerro hauen alboan nabarmenduta dauzkazuenak. Lehenengo puntua Geuriaren lehen erabakien ondorio da. Azken hiru urteetan komunikabideak lan isila egin du eskualdeko erakunde, herritar eta elkarteen konfiantza irabazteko eta agente guztiak elkarrekin lanean jartzeko. Lehen urrats horiek su artifizialik gabekoak izatea erabaki genuen bere garaian: jendea apurka-apurka komunikabidearen lan-taldea ezagutzen joatea, gure autokritika gaitasuna erabakien bitartez erakustea edota gure etxeko ateak edonork irekita izango zituela frogatzea. Lan handia egin da arlo honetan, hamaika dira 2014tik hona euren ahotsa Geurian islatuta ikusi dutenak, komunikabidea maitatzen hasi direnak, harpidedun egin direnak, hobera egiteko aldaketak egiterako orduan lagundu dutenak… baina egia da isilpeko lan horri zentzua emango dioten mugimenduak egiteko ordua iritsi dela. Atera dezagun Geuria plazara! Eman diezaiogun ezagutzera Hego Uribeko pertsona orori. Hasi berria dugun 2017-18 ikasturtean marka ezarpenaren prozesu horretan lagungarri izango diren ekintzak burutuko dira.

Honek ere doako harpidetzaren bitartez 2014an osatzen hasi ginen Hego Uribeko euskaldunon datu basea bai kuantitatibo zein kualitatiboki aberasteko balioko digu (3. puntua). Kazetaritzarekin zerikusi handiagoa daukan ondorioari erreparatuta (2. puntua), gure eskualdeko egunerokotasuna modu nabarmen eta eraginkorrago batean islatuko duen webgune berria kaleratu genuen duela aste batzuk eta paperezko edizioan, 2017ko iraileko ale honetatik aurrera eduki sakon, landuago eta atenporalagoak topatuko dituzue (elkarrizketa gehiago, kolaboratzaile berriak, argazkien kalitatea hobetzeko apustua, maketan aldaketak), maiatzeko gizarteratze jardunaldietan adostu bezala. Bizkaiera ere (4. puntua) edo, hobe esanda, Hego Uribeko euskalkia, hizpide izan zen bilerotan. “Euskarak bat izan behar du; bestela ez da izango” leloaren pisu historikoari balorea ematen diogu baina bat egiten dugu gure bizkaierari leiho bat ireki beharraren premiarekin. Batu ditzagun gurera zenbat eta euskaldun gehiago,baina horrek ez dezala gure ondarea desagerrarazi. Hurrengo hiru hilabeteetan puntu honi irtenbide zehatza ematen saiatuko gara, daukan zailtasunaren jakitun garen arren. Eta bukatzeko, ez ditzagun talde minoritarioak kanpoan utzi (5. puntua), euskalduntze mailaren arabera egin ditzakegun multzoetatik haratago, gazteak eta etorkinak ere, besteak beste, aipatu ziren gizarteratze jardunaldietan. Ez da nahikoa gazteentzat edukiak egitea, gazteengana hurbiltzea edo euren tresna lagungarri izatea da erronka. Gazteen multzo sozialarekiko marketing munduak daukan interes ia obsesibora ailegatu barik, baina bai modu natural batean eurei ere tartea Geurian emanda. Azken puntu honetan, oraindik ere lan handia dago egiteko eta hausnarketa gehiago egin beharra dago, urrats egokiak ematea garrantzitsua baita.

Zer da guretzat komunitatea? Nola eraikitzen da? Informazioa konpartitzen, galdetzen, entzuten… eta bere zerbitzura eta esanetara egoten. Balio dezatela ikasturte berri honetan aplikatuko ditugun aldaketa guztiek hurrengo gizarteratze jardunaldietan are lagun gehiago eta parte hartze handiagoa izateko. Azken finean, GEURIAri buruz ari gara. Zuek gabe honek ez dauka zentzurik.

Mila esker maiatzeko gizarteratze jardunaldietan parte hartu zenuten norbanako, elkarte eta erakunde guztiei, baita hilero gurekin elkarlanean jarraitzen duzuenei ere.
Gora