Gutunak

Gutuna | Bizkaiko metalgintza greban

Grebara goaz Bizkaiko metalgintzan; batasuna eta borrokaren bitartez lortuko dugu sektoreko prekarietatea gelditzea.

Iratxe Azkue, hirugarrena ezkerretik, Bizkaiko Metalgintzako Negoziaio Mahaiko kide izan diren Alexis Rodriguez, Jobi Alkorta, Oihane Torres, Endika Perez eta Asier Goitiarekin batera // LAB Sindikatua

Grebara goaz Bizkaiko metalgintzan; batasuna eta borrokaren bitartez lortuko dugu sektoreko prekarietatea gelditzea

Datorren maiatzaren 23an grebara joko dugu Bizkaiko metalgintzako langile guztiok. Gure Hego Uribe-Arratiako bailaran 2.500 langileri baino gehiago eragiten dio hitzarmenak, eta 49.000-ri baino gehiago Bizkaia osoan. Deialdi honekin erakutsiko dugu gure etorkizunagatik borrokak merezi duela.

Sindikatuok erregistratu berri dugun plataformari buruz, FVEM patronalak publikoki esan du ez dela serioa grebak deitzea plataformak aurkezten direnean. Bada, LABetik erantzuten diogu serioa ez dela Bizkaiko metalgintzak 10 urtez soldata eta lan baldintzak izoztuta izatea, patronala bera aberasten ari den bitartean.

Grebara joatea beste biderik ez digu utzi patronalak. Hala, bost greba egun deitu ditugu, hitzarmen duin baten defentsan. Lehena maiatzaren 23an izango da, eta ondoren, ekainaren 6koa, 7koa, 20koa eta 21ekoa etorriko dira. Hain zuzen ere, LABek borrokarako egindako deia modu bateratuan gauzatu ahal izango dugu sindikatu guztiok, batasuna eta borrokaren bitartez soilik gelditu daitekeelako sektoreak bizi duen prekarietatea.

Negoziazio mahaian 15 hilabetez bilerak egin ondoren, inolako aurrerapausorik gabe jarraitzen dugu. Patronala eroso eta harrotuta dago, eta prest dago enplegua suntsitzeko eta sektoreko lan baldintzak prekarizatzeko bere estrategiarekin jarraitzeko.

Sektoreko hitzarmenaren berritzea ez da bakarrik lan gatazka bat. Arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude, non instituzioek inplikatu behar duten. Sektoreko hitzarmen duin baten bitartez soilik berma daiteke aberastasunaren banaketa.

Gauzak honela, unea iritsi da, LABek 15 hilabetez mobilizazioak, batzarrak, prentsa agerraldiak, enpresetan mozioak eta beste hainbat ekimen gauzatu eta gero. Denbora honetan guztian grebaren beharra aldarrikatu dugu, hitzarmen duin bat lortzeko tresna gisa.

Eta grebara goaz. Unea da patronalari bere estrategiak, hots, langileak banatzeko asmoak, huts egin diola erakusteko. Une historiko baten aurrean gaude. Une erabakigarria da sektoreko langile guztien etorkizunerako. Greba hauei emango diegun hauspoarekin prekarietatearen aurkako harresi bat eraikiko dugu eta gutariko askoren lan baldintzak duintzea lortuko dugu. Grebak konpromiso kolektibo geldiezina ekarriko du; guztion inplikazio eta parte hartzearekin, lortuko dugu!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak