Gutunak

Gutuna | Galdakaoko gazteria urtarrilaren 12an, Bilbora eta Baionara

Galdakaoko Ernairen oharra Txus Martin larriki gaixo dagoen presoaren osasun egoeraren inguruan:

Txus Martin eta larriki gaixo dauden gainerako euskal presoen aldeko ekimena burutu du Ernaik gaur Galdakaoko anbulategian // Argazkia: Galdakaoko Ernai

Txus Martin Hernando euskal preso politiko galdakoztarrak urtarrilaren amaieran 17 urte beteko ditu preso. 2002. urtean atxilotu zuten Estatu frantsesean, eta urte hauetan zehar 12 espetxe desberdinetatik igaro da. 2010. urtean Estatu espainiarrera estraditatua izan zen, eta egun Zaballako espetxean (Araba) dago.

Estatu frantsesean 5 urte erabat bakarturik eman zituen eta gaur egun ere Zaballan bakarturik jarraitzen du, bera delarik Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) preso bakarra Arabako espetxean. Urte luzez bizitako isolamendu honek eragin dio Txusi egun pairatzen duen gaixotasun larri eta sendaezina.

Espetxean oso egoera gogorrak jasan behar izan ditu: denbora gehiena bakarturik egotea, espetxe edo epaitegirako trasladoak oso egoera gogorretan egitea, baimenen ukatze edo atzeratze sistematikoa (lagunen bisitak, konfiantzazko mediku eta psikologoen bisitak…), etab. Horrez gain, espetxeak sarritan ez ditu kontuan hartu bere konfiantzazko mediku eta psikologoaren tratamenduaren irizpideak eta horrelakoetan bere osasun egoerak okerrera egin du.

Orain dela hilabete batzuk gainera, bihotzean duen gaitzak okerrera egin du (aorta gutxiegitasun moderatua), eta abendu erdialdean, kateterismo bat egin zioten eta laster ebakuntza arriskutsu bat egin behar izango diote. Txusen osasun egoera oso larria da.

Egun, Txus Martin 2. graduan sailkatua dago. Bere gaixotasun larri eta sendaezinaren ondorioz etxean behar luke, baina Estatu espainiarraren salbuespen legediaren ondorioz espetxean eta bakarturik jarraitzen du, bere osasun egoerak egunetik egunera okerrerantz egiten duelarik.

Gure herrikidea den Txus Martin eta larriki gaixorik dauden gainerako euskal preso politikoen alde urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan mobilizatzera deitzen dugu Galdakaoko gazteria. Guztiak etxean behar ditugulako eta pausoz pauso lortuko dugulako.

TXUS ASKATU! EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATU POLITIKOAK KALERA!

Galdakaon, 2019ko urtarrilaren 9an
Galdakaoko Ernai

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak