Gutunak

Gutuna | Ukaldia diplomaziari eta bakeari

Sortu: Ez da berri ona izan. Ukaldi bat izan da jakintza politikoaren aurka, justizia asmoak iraunaraztearen aurka, herriak adiskidetzeko engaiamenduaren aurka eta horrek guztiak berekin dakarren hipotesi demokratikoaren aurka”

Utzitakoa

Josu Urrutikoetxea atxilotu zuten maiatzaren 16ko goizean, Frantzian, Haute-Savoie departamenduko ospitale publiko baten barrutian, «salaketa anonimo baten ondorioz». Ez da berri ona izan. Ukaldi bat izan da jakintza politikoaren aurka, justizia asmoak iraunaraztearen aurka, herriak adiskidetzeko engaiamenduaren aurka eta horrek guztiak berekin dakarren hipotesi demokratikoaren aurka.

Gure ekimen honen arrazoia ez da Josu Urritikoetxearen iraganaldi borrokalaria, nahiz eta iraganaldi hori botere publikoek instrrumentazilizatu eta komunikabideek estigmatizatu duten, baizik eta Euskal Herriaren bake prozesuaren bidean hark egin duen ekarpen politiko erabakiorra. Funtsezkoa izan baita haren ekarpen pertsonalaren eraginkortasuna, nahiz eta guztiz ezezaguna izan, gatazka atzean uztea bideratu duen prozesuan, Europa mendebaldeko gatazka armatuen artean azkena eta zaharrena izan den gatazka, hain zuzen.

Josu Urrutikoetxeak, ETA erakunde armatuko kide historikoa izanik, kemena izan du eztabaida irekitzeko eta egitura erabat berregokitzeko, ETAk eskura zitzan borroka armatuari behin betiko amaiera emango zioten bitartekoak. Estalperik gabe, nahiz eta hamar urte preso egon, eta ondoren azken hamazazpi urteok klandestinitatean bizi, lortu du gatazka eraldatzera behartzea, eta gatazka hori eraman da, alde bakarrez, ingurumaria politiko-militar batetik logika hertsiki politiko batera.

Bake negoziazioak

1980ko hamarkadaren hasieran jada, harremanetan jarri zen Espainiako Gobernuarekin, Aljeriako 1989ko bake negoziazioak lantzeko. Haatik ere, Frantziako Gobernuak interpelatu egin zuen 89ko urte hartako urtarrilaren hasieran, Baionan, naiz eta jakitun izan ETAk, Espainiako Gobernuak eskatuta, alde bakarreko su-etena iragarri berri zuela, eztabaidak hasteko aldez aurreko urrats gisa. Hamar urteko espetxealdiaren ondoren (sei urte Frantzian eta beste lau Espainian; azken lauak behin-behineko egoeran, esan nahi baita epaitua eta zigortua izan gabe), 1998an eta, gero, 2001ean Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarkide izan zen, 2002an klandestinitatera alde egin zuen arte. Orduz geroztik, egoera horretan bizi izan da, aurreko maiatzaren 16an atxilotu zuten arte.

Testuinguru horretan, 2005eko ekainetik 2006ko irailera bitartean, Josu Urrutikoetxea Genevan egon zen, Suitzako Gobernuak babestuta, eta han ezinbesteko lana egin zuen negoziazio prozesua bideratzen eta Espainiako gobernu sozialistarekin landutako bide orria eratzen. Parte hartu zuen, baita ere, hurrengo bide orria hezurmamitzen, zeina izan baitzen Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziaren (2011) aurrekaria. Bakearen Nobel saridun Kofi Annan buru zelarik, konferentzia horretan aurreikusi zen, besteak beste, ekintza armatu guztiak behin betiko bertan behera uztea (iragarritakoa betez, aldarrikapen hori hiru egun geroago egin zen, 2011ko urriaren 20an) eta Oslon negoziazioaldi bati ekitea gatazkaren ondorioei buruz (fase hau aldez aurretik onartua zuten bi aldeek, hau da, Espainiako Gobernuak eta ETAk). Josu Urrutikoetxeak Norvegiako hiriburuan igaro zituen 2011tik 2013ra arteko urteak, herrialde horretako Gobernuaren babespean, itxaroten egon baitzen, baina alferrik, nahiz eta Gobernuak bere hitza emana zuen, Espainiako negoziatzaileen etorrera.

Estatu solaskiderik gabe, ez Frantziakorik ez Espainiakorik, eta nahiz eta hainbat polizia operazio gertatu erakundearen armagabetzea eragozteko, ETAk erabaki zuen armak euskal herritarren esku uztea, erakundearen erabateko armagabetzea egiaz gauza zedin 2017ko apirilaren 8an. Azkenik, 2018ko maiatzaren 3an, Genovako Henry Dunant Zentroan, Josu Urrutikoetxeak ETAren autodesegitea jakinarazi zuen nazioarteko komunitatearen aurrean. Horra hor lurralde horretako historia kolektiboa mugarriztatzen duten hainbat etapa; horra hor gatazka horren ebazpide inoiz ikusi gabea, zeinaren alde bakarreko izaera, zinez, harrigarria baita.

Adibide gisa jarrita, irudika al dezakegu Hego Afrikan, 1991ko ekainean, behin apartheideko legeen zutabeak eraitsita, etorkizuneko Bakearen Nobel saridun Nelson Mandelari kartzela zigorra berrezartzea? Sinestekoa izango al litzateke Ipar Irlandan, 1998ko apirilean, Aste Santuko akordioaren biharamunean, Gerry Adams atxilotu eta ziega batean giltzapetu zezaten agintzea? Bada, jokaleku baldar hori da, hain zuzen, gu kezkaz eta atsekabez bizitzen ari garena. Beren esker ona azaldu nahian edo, Frantziako agintariak kartzela zigorra ari dira prestatzen Josu Urrutikoetxearentzat.

Guk ezin dugu onartu gure herrialdeetako eta Europar Batasuneko diplomaziek neurri horretarainoko doilorkeriaz jokatzea. Guk ezin dugu jasan halako arinkeria politikoa, jakinda zenbat keinu egin diren alde bakarrez, populazio oso baten osagai guztien laguntzarekin: 2011, borroka armatuari alde bakarrez amaiera ematea; 2017, armak euskal herritarren esku uztea; 2018, ETAren autodesegitea. Arbuiatzen dugu Josu Urrutikoetxeak gatazka armatuarekin amaitzeko erakutsi dituen ausardiari eta bikaintasun moralari mespretxuarekin, umiliazioarekin eta, azken batean, errepresioarekin erantzutea., Aitortza, giza eskubideekiko begirunea, justizia trantsizionala, zigorrak egokitzea… nozio oinarrizko eta, hala ere, hain funtsezko horiek ezin dute arrotzak izan gure estatuentzat eta Europar Batasunarentzat. Ezin dute jarraitu prozesu honetako beso langileak jazarten eta, sistematikoki, zigortzen ahalegintzen.

Nahiz eta nazioarteko komunitateak laster baino lehen errerakzionatuko duen, zentzuzkoa den bezala, eta Josu Urrutikoetxea argi eta garbi babestuko duen, oraindik ez da beranduegi Frantziako Estatuak keinu indartsu, burutsu eta esanguratsua egiteko, helburutzat harturik politikari bere eremua eskaintzea eta bakeraren eraikuntzan ezinbestekoa izan dena berriro ez espetxeratzea, gu guztiok etorkizunari begira diezaiogun aurrez aurre, elkarrekin eta buru argitasunez.

Alain Badiou (filosofoa), Etienne Balibar (filosofoa), Thomas Lacoste (ereralizadorea), Jean-Luc Nancy (filosofoa), Toni Negri (filosofoa) & Jacques Rancière (filosofoa)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak