Gutunak

Hauexek bai jaiak!

Basauri San Fausto 2014 Jai giroa

A ze ohorea, a ze zirrara! Neu herriko euskal kazetan idazle! Ez dizuet esango nor naizen; bai, ordea, nor izan naitekeen. Herriko edozein emakume izan naiteke, adin mugagabeko andrakila beti-alai horietako bat; Anbotoko Damak bezala, bizitako aroei muzin egiten ez diena.

Jaiak berriro ere bueltan dira, ezin pozago nago. Berpiztu egiten naute, eguneroko errutinatik ateratzeko aitzakia ederra: lehengo lagunekin hitzordua egiteko parada, armairuko blusoia eta mendigoizalea ateratzeko garaia… Aupaaaa! Kriskitinen hotsak nire belarriak gozoki ferekatzen ditu, abarken lurrartze leunak nire ibilera arindu eta lehengo moduko janzkerak panpoxago egiten nauen sentsazioa… Honek guztiak biziberritu egiten nau!

Kaleetan, barre-algarak eta umorea dira nagusi, denon artean antolatzen ditugun jai hauek munduko onenak dira.

Kartel koloretsuz betetzen dira kaleak, antolatuta dauden ekitaldiak iragarriz, eta, bertan, gero eta euskara gehiago irakurtzen eta entzuten dut aspaldion. Basauriko jendea ahaleginetan dabil euskara gehiago erabiltzeko, Berbalagun eta Basaurin Be Bagara martxan daude eta.

Gorriz biribilduta dut jaien hasiera sukaldeko egutegian, pregoia eta Eskarabilera hegan noiz hasiko zain. Aurten, gainera, duela bi urte bezala, pregoia emakumeok irakurriko dugu; Basauri jai parekideen alde lanean ari den seinale. Nik Marienean hartuko dut programa.

Amaitzeko, ez ditzala zuen jaiak ipurterreren batek ozpindu. Goza itzazue San Fausto jai aske eta euskaldunak nik egingo dudan bezalaxe, eta ahaztu herriko Txomin Bedar-rak!

Gora