Gutunak

Jaiak? Antigoalekoak hobeak!

Basauri San Fausto 2014 Zoroak Ahoa

Umore txarreko gizon tripa-handi eta ardozale esan izan didate askotan, jubilatu naizenetik, egun osoan matraka ematen ibiltzen naizela baina oker dabiltza. Ez naiz jubilatu, ofizioz aldatu baizik. Orain kritikari profesional bihurtu naiz. Eta nire berbaera zorrotza darabilt sutsu, zuek antzeman ezin duzuena ikustarazteko.

Jaietan alkohola eta zarata baino ez dago gaur egun: kaleak, kakaz beteta… Zikinkeriaz nabilela, zurrakapotea, hori bai satsa! ZurraKAKApotea esango nioke nik. Zelan onar daiteke, beste lekuren batean hondakinak izango liratekeen osagaiez egindako edari bat jai hauetako arimetako izatea ? Are gehiago, jaiak antolatzeaz pinpirin jantzitako gizon-emakumeak kargutzen direnean… Hain dotore jantzita, edari ponposo eta eleganteago bat asmatzea ez da posible? Denari azukrea bota eta barrura! Zer edaten den zehatz jakin barik… Damutuko zaizkizue gibelak!

Lehen mezatara joaten ginen, txikito batzuk jo (ezer lohitu barik) eta herri kirolak ikusten genituen… Kanta herrikoi batzuk abestu eta, ostean, siesta ederra egiten genuen. Orain lo-kuluxka, kale bazterretan egiten dute gazteek! Minutu batzuk lehenago, txiza bertan egin eta gero, narras zikinak!

Eta gure hizkuntzaren inguruan ere, tamalez, esateko larregi badaukat ere, aipamen soil bat  hausnar dezazuen: jaietan bai asko, eta jendearen aurrean “basko”.

Alde onik? Bakanen bat… Urtetan egindako lanaren ondorioz, ederto batean pasatzen eta mauka-mauka ibiltzen garen Jubilatuen egunaz gozatzeko aukera ez digute kendu gazte lotsabako hauek… Murrizketak ere honetara helduko ote?

Telebistako titiritero batek dioen moduan, ondo esandakoak, kontuan hartu eta txarto esandakoak, ikaskizunetan sartu.

 

Gora