→Hego Uribe

Kronika | Hego Uribeko Mendilagunak Bolintxun

Negu ia osoa irteerarik egin gabe egon ostean, Hego Uribeko mendilagun taldea berriro ere elkartu eta animatu gara txango eder bat egitera.

Hego Uribeko mendilagunak Bolintxun // Argazkia: Hego Uribeko Berbalagunak

Negu ia osoa irteerarik egin gabe egon ostean (salbuespenak salbuespen), Hego Uribeko mendilagun taldea berriro ere elkartu eta animatu gara txango eder bat egitera. Oraingo honetan Bilbon geratzen den paraje natural bakarrenetarikoa bisitatu genuen: Bolintxu ibaia eta bere inguruak.

Bolintxu ibaia Pagasarri eta Arnotegi mendien artean kokatzen da, eta baso zahar eta autoktono batek inguratzen du. Paisaia ikusgarria da benetan, eta gezurra dirudi Bilbotik 10 minutura halako eremu natural ederraz gozatzeko parada izatea. Bada, zonalde magiko hori arriskuan dago, agintari bihozgabe batzuei aproposagoa iruditu baitzaie bertatik autopista ustel eta triste bat igarotzea… Horregatik aprobetxatu nahi izan dugu asteburu hau, hemendik gutxira ez baitakigu bizirik segituko duen.

Gure ibilaldia Basauriko udaletxean hasi genuen, eta Malmasin mendirantz abiatu ginen. Berau inguratu ostean, Buia auzotik Pagasarrira igo ginen poliki-poliki, Euskal Herrian hain ohikoa den behe-laino eta langarrak lagunduta.

Bilbotarren mendi maitatuko tontorra zapaldu ostean, bertako aterpe-tabernan indarrak berritu genituen: fruitu lehorrak, tortilla pintxoak, garagardoa… Behin pilak kargatuta, jaitsierari ekin genion Bolintxurantz, eta hango “ur-jauzian” argazkia atera ondoren, Abusu auzora jaitsi ginen. Bertan, txibierro batzuk jan genituen zurito batek lagunduta, eta poz-pozik abiatu ginen etxera, goiz ederra eman genuela jakinda.

BOLINTXU BIZIRIK!!!!!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak