Gutunak

“La Manada” aurrean shock saihestezina

“La Manada”-ri buruz Nafarroako Auzitegiak erabakia eman ondoren komunikabideetan psikologo askok esan dute eraso larri baten aurrean paralizatze erantzuna posible dela.

Epaileen erabakiak zientzian oinarritu behar dira. Kasu honetan, psikiatra batek epaileak aholkatu zituen, baina, dirudienez, psikiatra ez zegoen behar bezain ondo prestatuta.

Azken boladan, psikologoen eta psikiatren artean Stephen W. Porges doktorearen Polivagal teoriak gero eta garrantzi handiagoa jaso du. Teoria horren arabera, gure nerbio-sistema autonomoaren barruan hiru azpisistema daudenez, gizakiok potentzial erasotzaile baten aurrean hiru estrategia jarrai ditzakegu. Sistema horiek eboluzioaren historia filogenetiko (narrastietatik ugaztunetara) jarraitzen dute. Gure bizitza babesteko azpisistema bakoitzak bere estrategia propioa du eta konturatu gabe aukeratzen ditugu estrategia horiek. Horrez gain, nerbio-sistemak organizazio hierarkikoa du, hots, sistema berriek antzinako sistemak inhibitzen dituzte.

Lehenik eta behin, nerbio-sistema parasinpatikoa dugu. Eboluzioaren azken lorpena eta garatuena da. Sistema hori beste gizakiekin dugun loturaz, enpatiaz, parte-hartzeaz, inplikazioaz, eta abarrez arduratzen da. Esate baterako, erasotzaile baten aurrean arrazoitzen edo negoziatzen saia gaitezke sistema hori esker. Narrastiek ezin dute erabili estrategia hori beren bizitzak babesteko.

Estrategia horrek huts egiten duenean, hots, alferrikakoa denean, bigarren lerro-defentsa pizten da: nerbio-sistema sinpatikoa. Gu babesteko bi aukera erabil ditzake sistema horrek: borrokatzea edo ihes egitea.  Gure gorputzaren sistema guztiak  prestatzen dira ekintza horietarako: Besteak beste, arnasketa eta odol-zirzulazioa bizkortzen dira, guruin adrenalek katekolamina asko askatzen dute odol-hodietan, beharrezkoak ez diren funtzioak (sexualitatea, digestioa eta abar) inhibitzen dira…

Era berean, bigarren lerro-defentsa hori alferrikakoa denean, hirugarrenarekin saiatzen gara babesten: bizkarraldeko nerbio-sistema parasinpatikoarekin. Nerbio-sistema autonomorik antzinakoena. Pizten denean gorputzaren funtzio asko (erritmo kardiakoa, arnasketa…) gero eta motelago aritzen dira. Burmuina amatatzen da eta gizakiok geure identitatetik urruntzen gara. Gelditzea edo paralizatzea sortzen da, baita sinkopea edo shock emozionala ere sor ditzake. Modu horretan bizi irauteko probabilitateak areagotu egiten dira.

Beharbada, animalien artean hirugarren estrategiako eredurik onena “shock saihestezina” da. Animaliek tortura pairatzen dutenean, lur jota geratzen dira eta ez dira gehiegi borrokatzen edo ihes egiten saiatzen. Ez dago irtenbiderik. Inolako defentsarik gabe geratzen dira. Izugarrizko babesgabetasuna sortzen da.

Paziente askok txikitan tratu txarrak jasotzen zituzten. Hasieran saiatu ziren erasotzaileen kontra borrokatzen, baina, zoritxarrez, askotan erantzun horrek tratu txarrak areagotu egiten zituen. Horren ondorioz, azkenean, amore eman zuten. Geldi eta pasibo bihurtzen ziren.

Ekintzek ezertarako balio ez dutenean erreakzio traumatikoak sortzen dira. Nerbio-sinpatikoaren defentsak, bai borroka bai ihes egitea, bertan behera uzten ditugu eta gure biologiak konturatu gabe gorputzaren paralizatze defentsak aukeratzen ditu bizi irauteko. Ez da erreakzio psikologikoa, biologikoa baizik.

Aurreko guztia irakurrita, bost bortxatzailerekin inguratutako neska baten nerbio-sistemako estrategia normalena (ahalik eta gutxien pairatu dezan) paralizatzea dela.

Legegileek eta epaileek beren ezaguerak aurreratu eta eguneratu behar dituzte, erabakiak ahalik eta bidezkoenak izateko.

Pedro Barquín
Psikologo eta psikoterapeuta

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|