Gutunak

Lipduba, Basaurin Be Bagarelako

Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Basaurin Be Bagara herri ekimenak motorrak berotzen dihardu, eta herriko bazter guztiak dantzan jartzeko asmoz antolatu du azaroaren 30ean LIPDUBa. Goizeko 10:30ean Social antzokian hasi eta Solobarriara arte.

Herriko edozein elkartek, lantegik, taldek, ikastetxek edo norbanakok dauka bertan parte hartzeko tokia eta nola ez, zeuk ere bai. Herrian eta herriarekin batera ekiteko aukera paregabea dela uste dugu; euskara pozerako eta jolaserako tresna gisa ikusteko; elkarbizitzarako oinarritzat hartzeko. Kike Amonarrizek “Bai Euskarari” Sarien banaketan esandako hitzak gurera ekarriz, Euskara denona da eta gure tribuan kolore eta pentsaera guztietarako lekua dagoela sinesten dugu. Euskaltzale guztiok eroso sentitu ahal izango garen espazioak sortzen saiatzen gara. Biktimismo eta ezkortasun guztien gainetik eta oztopo eta eraso guztien azpitik, hizkuntzaren aldeko jarrera irmo bezain zabala mantentzen, errealista bezain animosoa, kezkatua bezain itxaropentsua. Sinistuta gaude une hau oso garrantzitsua dela euskararen normalizazioari begira. Euskalgintza sozialaren eta instituzionalaren arteko elkarlana sakontzeko unea dela. Euskararen aldeko akordio sozio-politiko zabalen unea. Hizkuntza politikak areagotzeko unea. Euskal gizartean erabileraren aldeko dinamikak indartzeko momentua. Euskararen aldeko motibazio sozialak indartu eta urrun dagoen jende asko euskarara erakartzeko unea. Euskarak bere lurralde osoan behar duen babes politiko-soziala bermatzeko garaia.

Aukera historiko baten aurrean gaudela uste dugu eta ezin dugu galtzen utzi; gainera, txikitik hasten dela gauza handiak lortzen. Horretarako ordea, euskaltzale guztiok norabide berean jokatu behar dugu, hizkuntzaren alde aktibatuta, beti gogoratuz gehiago dela batzen gaituena banatzen gaituena baino. Gogoratu, azaroaren 30ean, Lipdubean hitzordua dugula Basauriko euskaldun eta euskaltzale denok. Zeuk ere bai.

Gora