Gutunak

S.O.S. SAHARA

sahara uholdeak urria 2015 munduaz blai elkartea

Indarra, kemena eta adorea. Saharar herriaren berezko hiru ezaugarri dira, eta azken egun hauetan ere horren adierazgarri izan da, uholdeei aurre egiteko beraiek erakutsitako jarrera. Hala ere, ez dira gai, laguntzarik gabe, aurrera egiteko. Behar gaituzte, eta zure laguntza ere behar dute. Duela pare bat aste izugarrizko euriteak jasan zituzten Tindufen, Aljerian, kokatuta dauden saharar errefuxiatuen kanpamentuetan. Euriak eragindako kalteak larriak izan dira, saharar gehienek beraien etxeak eta gainontzeko baliabideak galdu dituzte. Zenbait toki inkomunikatuta gelditu dira, eta hondamendi-gunea izendatu dute.

Basamortuan uholdeak izatea ezinezkoa dirudien arren, urak harea estali du, eta aurrean zeukan guztia eraman du berarekin. Hotza, hezetasuna, gosea eta ezinegona utzi ditu ordainetan. Errefuxiatu izatearen eguneroko zailtasunei beste bat gehiago leporatu zaie: elikagairik eza, beroki eta arropa gabezia eta adobezko etxeen suntsipena. Elkarrekin zama hori errazago arinduko dugu.

Horretarako, datozen egunotan elikagai bilketak egingo ditugu, ahalik eta azkarren sahararrei bidaltzeko. Besteak beste, azaroaren 7an, zapatuan, Basauriko Truke Azokan izango gara. Bertan, egun sahararrek errefuxiatu kanpamentuetan bizi duten egoera ezagutzeko aukera izango da, eta horrez gain, uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko, norbanako bakoitzak bere alea jarri ahal izango du. Liburuak, jostailuak eta beste zenbait kontu emango ditugu elikagaien truke: latetan datozen elikagaiak, olioa eta esne-hautsa. Eman eta jaso, jaso eta eman, elkartasuna da hori. Alez ale eta kiloz kilo egin diezaiogun aurre egoera latz honi.

Gora