→Basauri

Sexu abusuak jasan dituen basauriar baten gutuna

Pepe du izena eta basauriarrak bere bizipena gertutik azaltzeko honako lerroak idatzi ditu

Umetan futbol entrenatzailearengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu du basauriar batek. Pepe du izena eta bere bizipena gertutik azaltzeko honako lerroak idatzi ditu:

 

IRTENBIDEA BERBA EGITEA DENEAN

Denok izan gara umeak, eta batzuetan, lotara joaterakoan amesgaiztoak izan ditugu, beldur izugarria sentitu izan dugu, esnatu eta gurasoak oihuka deitu ditugu, euren besarkada babeslea behar dugulako, belarrira goxo esandako hitzek lasaitasuna ematen digutelako.

Sexu abusuak jasan dituen ume bat gau eta egun bizi da beldur horrekin, egunez egun, urtez urte. Horri gehitu miña, babesgabetasuna eta lotsa, gertatutakoa bere errua izan denaren lotsa. Eta egunak badatoz eta badoaz laguntza eske inork inoiz entzungo ez duen ohiu horrekin.

Egoerak okerrera egiten du hazi ahala. Beldurra, lotsa, erruduntasuna, deskonfiantza, desesperazioa… biderkatu egiten dira eta sintoma berriak sortzen dira: autoestima falta, gehiegizko bigilantzia, inpotentzia, depresioak… Horiek guztiak deskriba ezin daitekeen beldurra lagun dutela.

35 urte pasatu ditut isilik. Oso zaila eta gogorra da. Nire burua 1.100 reboluziotara bueltaka… Izututa, mania askorekin, gauetako beldurrak… Ahal bezala bizitzen, uste nuelako nire zorigaitzaz hitz egiten banuen dena akabatuko zela, urteetan zehar gainean neraman mozorroa ikusiko zutela denek.

Baina berba egiteak aske egin ninduen. Izan ere, beti uste nuenaren guztiz kontrakoa gertatu zen: ez zen bukaera izan, baizik eta nire susperraldiaren hasiera; bainuontziko tapoia kendu izan banu bezala eta kaka guztia apurka-apurka badoa. Eta hormak oraindik zikinak dauden arren, eta mina hor dirauen arren, pixkanaka-pixkanaka lan handia eginez espartzu batekin garbituko ditut. Egia da inoiz ez dudala bainuontzi berri bat edukiko, baina bai bainuontzi garbiago eta distiratsuago bat.

Badakit bainuontziko tapoia kentzea oso zaila dela (nik 35 urte behar izan ditut), baina gaur esan dezaket oraindik zailagoa dela ur zikin horrekin bizi osoa bizitzea.

Badakit. Orain espartzuarekin ari naiz, garbitu eta gabirtu, bainuontzi distiratsua nahi dut, eta horretarako ari naiz lanean.

GEURIAk euskarara itzulia

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak