Gutunak

Txus Martinen osasuna eta auzia

Txus Martinek, Zaballako espetxean dagoen Basauriko preso politikoak, gaixotasun psikologiko oso larria du, Frantziako espetxeetan jasandako erabateko isolamenduaren ondorioz.

Txus Martini 18 urteko kondena ezarri zioten; dagoeneko, 12 ditu beteta. 2006an, Aix-ko (Frantzia) espetxean zegoela, erabateko isolamenduaren ondorioz, antsietate eta estres akutualdiak jasan zituen. 2010eko irailean, susperraldi psikotiko bat izan zuen eta bere buruaz beste egiten saiatu zen. Horren ondorioz, kuadro klinikoa biziki larriagoa bilakatu zen, trastorno obsesiboa agertzen baitzuen keinu eta sintoma psikotikoekin batera, sufrimendua horri amaiera emateko ikusten zuen irtenbide bakarra heriotza zelarik.

Zaballako kartzelara trasladatu zutenean, Espetxeko Osasun Zerbitzuaren onespenaz, Buruaz beste egitea Saihesteko Protokoloa ezartzea erabaki zuten eta, horrekin batera, tratamendu psikofarmakologikoa hastea, antidepresiboak, antisikotikoak eta ansiolitikoekin konbinatuz.

Urte bi pasatu dira aurreko txostena egin zenetik; Txus Martinek espetxean segitzen du eta bere osasunak okerrera egin du nabarmen. Espetxeetako Araudiko 104.4 artikuluak zera dio: “Txosten medikua dela medio, pairamen sendaezinak dituzten preso gaixo oso larriak hirugarren graduan sailka daitezke, gizaldeko eta duintasun arrazoiengatik”.

Erakunde berberaren 01/2000 jakinarazpenaren arabera, preso batek gaixotasun larria pairatzen du tratamendupean sei hilabete baino gehiago egonda ere, gaixotasun psikotikoak irauten badu, edo kalte intelektuala badu. Txusek 7 urte daramatza egoera horretan eta, beraz, Espetxe Erakundeak finkatutako parametroen barnean dago.

Egoeraren larriak eraginda, aurtengo otsailean Zaballako espetxeko zuzendaritzari eskaera egin dio 86.4 artikuluari dagokion 100.2 artikulua aplikatzeko; hau da, espetxe zigorra etxean betetzeko aukera ematen duena, kontrolerako gailu telematikoak eta espetxeko zuzendaritzak egoki irizten dien neurri guztiak hartuta.

Eskaera hau ez da batere berezia, oso arrunta baita presoek duten eskubide hori gauzatzea. Berez, legedian jasotzen den eskubide batez ari gara, gaixorik dagoen edozein presori dagokion eskubideaz, hain zuzen ere. Gutxieneko gizatasunaren ikuspuntutik edozeinek onartu eta eskatuko lukeen eskubidea. Estatuak du presoen osasuna zaintzeko ardura. Ohikoa da gaixotasun larria edo sendaezina duen pertsona espetxetik ateratzea. Horixe da legeak agintzen duena. Legearen arabera, Txusek etxean behar luke.
Eskaera honi ezetza emateko arrazoia erabaki politikoan oinarritutako aitzakia hutsa izango da. Gure ustez, gobernuaren ekimen politikoa ezin da egon presoen integritatearen gainetik. Ezin da inolaz ere egon, espetxean egonagatik, preso guztiek dituzten eskubideen gainetik.

Zuzenbideak eta Legeak Txus Martinek zigorra etxean betetzeko agindua emana izango zuen aspaldian, mendekuan oinarritutako ekimen politikoek oztopoak jartzen segituko ez balute. Gaixotasun larriak dituzten presoen neurri legalen ezarpena baino ez dugu eskatzen, euren oinarrizko eskubideak bermatuak izan daitezen.

Gora