Sareak

Hemeroteka

Nerbioitik Ibaizabalera, euskaraz

|

basauri kike amonarriz tribuaren berbak euskarabila 2015
Kike Amonarriz Ludi Viguera basauriarrarekin // Tribuaren berbak

Nerbioi ibaiaren emariari jarraituz dauden herriak eta euskarak ezagutu ditu Kike Amonarizek ‘Tribuaren Berbak’ saioan. […] Ondoren, Arrigorriagan izan da, Bizkaian. Bertan, Berbalagun egitasmoaz aritu zaio Aritza Agirrezabal dinamizatzailea. Kalean euskaraz egitea da helburu nagusia, hau da, euskara klasetatik plazara ateratzea. Orain dela 7 urte hasi ziren, eta nabarmendu du euskaldun berri askorentzat ezinbestekoa dela, eskoletan baino ez baitzuten egiten euskaraz. Are gehiago, naturaltasuna eman die proiektuak, lasaiago hitz egiten dute, eta, garrantzitsuena, beldurra eta lotsa galdu dute. Egitasmoari falta zaiona “euskaldun zaharren parte-hartzea” dela esan du.

Arrigorriagatik, Zaratamora. Bertan, bi eremu desberdindu daude: Nerbioi inguruko industrigunea, behean, eta landa eremua, goian. Karlos Zarragak esan duenez, alde handia dago bi zonaldeen artean. Industrigunean gaztelaniaz aritzeko joera dago, langile asko kanpotik etorritakoak direlako; landa eremuan, aldiz, euskara mantendu da. Zaratamoko historia arakatu du, eta, topatutako datuen arabera, XIX. mendean, euskaldun elebakarrak ziren guztiak. XX. mendearen hasieran ere euskara zen hizkuntza nagusia. Bere gazte garaian gaztelaniaz eskolan ikasi zuten, baina, handik kanpo, euskaraz aritzen ziren. Gaur egun, D ereduan ikasten dute haur guztiek, eta asko jolas orduetan euskaraz aritzen badira ere, beste batzuek gaztelaniara jotzen dute. Gazteen artean ere, lehen gehiago egiten zen euskaraz gaur egun baino.

Azken geltokia Basauri izan da. Bilbo Handiko udalerri horretan euskara biziberritzeko lan handia egiten du Euskarabila elkarteak. Ludi Viguerak azaldu du 1995ean sortu zutela, “Basaurik euskara elkarte bat merezi eta behar zuela” ikusita. Herriko jende konprometitua, anitza eta euskalduna elkartu zen horretarako. Urte asko daramate lanean, eta, azken urteetan, oso sonatua izan da ‘Basaurin be bagara’ ekimena. Lasarte-Oriaren adibideari segika, 12 orduko maratoia antolatzen dute, eta 500 pertsona baino gehiago igarotzen dira agertoki gainetik jardunaldi osoan. Horrelako herri batean indartze handia ekarri du horrek. Bertan, biztanleriaren % 24 da euskalduna, eta % 21 ia euskalduna, beraz, ia 20.000 herritarrek daukate euskararekin lotura. Kale erabilerari begiratuta, ordea, %4koa da. Viguerak esan du euskalgintzak egin beharreko lanaz gain, administrazioen eta erakunde publikoen bultzada beharrezkoa dela. Gainera, ezinbestekoa da ilusioa. Helburua da euskaraz bizi ahal izatea Basaurin eta Euskal Herri osoan, eta, horretarako, “derrigorrezkoa da elkarrekin ekitea”.

TRIBUAREN BERBAK
ETB1 / 2015/05/25

Hemeroteka

Egunik txarrena Basaurin

|

Roman Garcia (eskuman) lagunekin, El Crucen, 1937an // Roman Garcia, Artxiboa

1937ko ekainaren 15ean, Franco jeneralaren armadaren Nafarroako Brigadak Basauritik gertu zeuden, baina hala ere, Bilborko denda batean egiten nuen lana betetzera joan nintzen, egunero joaten nintzen bezala. Egoera larria zegoen herrian, eta egun hartan, arratsaldean, nagusiarekin kontsultatu ondoren, Basaurira itzultzea erabaki nuen. Aita ordena publikoko lana betetzen ari zen Basaurin, eta ama, anaia eta arrebak leku ezezagun batean zeuden, Udalaren aginduei jarraituz, herritik irten zirelako egoeraren larritasunaren aurrean.

Bilbon, San Anton zubi enblematikoa gotortua zegoen bere zoladurako galtzadarriekin. Ibaiaren ezkerreko ertzera igaro nintzen, nire beharra justifikatu ondoren, Urazurrutiatik Basaurira tranbian itzultzeko. Hamar bat lagun igo ginen tranbiara, gidariak bidaia ez zuela bermatzen esan zuen arren, egoera kaotikoa eta oso arriskutsua baitzen.

Abusu-La Peñan, bizilagun batzuk babeslekuetarantz korrika zihoazela, behetik hegan iritsi zen hegazkina, eta tranbiaren gainetik metrailatu zuen. Gidaria bizkortu eta gelditu egin zen Arrigorriaga eta Bilbo lotzen zituen zubia igaro eta gutxira. Berehala tranbiatik jaitsi eta Ferrocarriles Vascongados (Euskotren) tunelera iritsi ginen. Bertan hartu genuen babesa hegazkina desagertu zen arte, eta ondoren bidaia jarraitu ahal izan genuen. Ez zuen luze iraun. ‘Zubi Berria’ zeharkatu eta, handik gutxira, lasaitasun handiz, El Boquete tunelean sartu ginen. Tranbia ez zen handik pasa, Nafarroako Brigadetako artilleriak eragotzi baitzuen.

Azken tranbiako bidaiariok ikaratuta ikusten genuen, tunelaren ahotik, Basauri jasaten ari zen bonbardaketa. Etxera iritsi nahi nuen. Nola? Nire aita non egongo zen? Hiru ordu ziren Bilbotik abiatu ginenetik. Bonbardaketa amaitu eta tuneletik irten nintzen etxera bidean. 16 urteko mutiko baten zangoek garatu zezaketen arintasun guztiarekin irten nintzen tuneletik, eta ‘Ferrocarril del Norte’ delako (Renfe) trenbidera iritsi nintzen. Berehala, igoera aldapatsu batean zehar, obusen eta haien txistu ikaragarrien azpian, ‘Judasen Harria’ren arraildurek osatzen zuten tuneltxora iritsi nintzen. Bilborako noraznkoan Basauriko azken etxeen azpian dago, Kaleron. 

Egun hartan, eguzkiak zeruan distiratzen zuen arren, zeinen egun beltza izan zen! Tercio Lácarreko erreketeak Ganguren mendilerrotik jaisten ziren Basauri konkistatzeko, Bilbo inguratzeko behar zuten hurrengo urratsa. Artilleriak eta hegazkingintzak beren helburuak betetzeko bidea errazten zieten. Hogei bat lagun, izuturik, aterpe natural hartan biltzen ginen. Obusek gu babesten gintuzten arroken kontra jotzen zuten. Keak, bolbora usainak, jaurtigaiek han bildutakoen negarrak eta madarikazioekin nahastuz lehertzean ateratzen zuten zarata ikaragarriak orkestra infernal bat osatzen zuten. Arratsaldea jausten ari zen bonbak botatzeari utzi ziotenean. Bazirudien beren helburuak bete zituztela.

Denek ez zuten gure zorte bera izan. Pertsona talde bat berehala iritsi zen babesleku seguruenera: Abusu-La Peñako tunelera, alegia. Hiru anai-arreba, familia bateko arinenak, sartu ziren aterpe hartan; atzetik ama zetorren, alaba bat magalean zuela, eta, haiengandik hurbil, amona, biloba besoen artean zeramana. Ez ziren iritsi tunel salbatzailera. Obus bat eurak baino azkarragoa izan zen. Haren sarreratik hurbil, gorputz txikituek izutu egin zituzten barruan zeuden hiru haur haiek, ama, amona, anaia eta arreba hilik ikusi zituztenean.

Banan-banan atera ginen tunel salbatzaile hartatik. Nik nire etxerako biderik laburrena hartu nuen, ‘El Cruce’ ondoan. Tunela eta nire etxea bereizten zituen 500 metro horiek beldur, horditasun eta sonanbulismo egoeran egin nituen. Zehazki ez dakit nola definitu nire gogo-aldartea. Gogo-aldarte horiek nire buruan gertatzen ari ziren, etxera iritsi arte ikusi nuen ikuskizun danteskoa ikustean: gudariak edo miliziano zaurituak, metrailak txikitutako mandoak, ur-hornigailuak hodi hautsietatik jalgitzen, tresna eta arropa hautsi eta sakabanatuak etxe erdi hondatuen artean, eta errepidea hutsik, pertsona edo ibilgailurik gabe.

Azkenean etxera heldu nintzen. Osorik zegoen, eta aita ere onik. Ebakuatu egin behar genuen. Erreketeak Basaurin sartu ziren eta Uribarrin zeuden. Aitak ezin zuen, nagusien aginduak espero baitzituen. Zorte ona izan nuen, udaletxeko kamioneta, dokumentuz kargatua eta Justo Artetak gidatua, Bilbora zihoalako. Agur esan genion elkarri. Gauerdia zen, ilargirik gabeko gaua. Furgonetako ohean sartu nintzen. Handik agur esan nion aitari, harik eta gau beltz hark irentsi zuen arte.

Testua: Roman Garcia Gonzalez (1920-2015)
‘Basauri Antzinako’ liburua,
GEURIAk euskaratua

Osorik irakurri

Hemeroteka

Gerraren memoria

|

Enrique eta Felipe Mancha Aguirrebeitia 2006an El Social egunkariak argitaratutako erreportajean // El Social

El Social
73. zenbakia. 2006/06/30
Iñaki Erdoiza

1937ko ekainaren 15ean Francoren tropak Basaurin sartu ziren eta egun bat geroago Bilbo hartu zuten. Azken aldian herri mugimendu asko daude Gerra Zibilean garaitutakoen biktimen oroimena berreskuratu nahian. Gure herrian ere errugabe askok jasan zituzten gerrako bidegabekeriak eta Mancha Aguirrebeitia anaien historia adibide krudela da, eta, haiek bezala, gatazka hartako biktima guztiek merezi dute auzokook ez ahaztea.

1937ko ekainaren 15ean tropa frankistek Basauri etengabe erasotu zuten Bilborako bidean zihoazenean. Kaleroko bizilagunak, bonbardaketetan zehar, Feve-ko trenbideko tunelera joaten ziren aterpera. Egun hartan, bonbak jaurtitzen ari zirela, bizilagunak korrika joan ziren berriro aterpera, euren etxebizitzak eta ondasunak atzean utzita. Mancha Aguirrebeitia familiako amama, ama, bi neskatila eta hiru mutiko ere babeslekura bidean zeuden (aita eta anaia nagusia frontean zeuden). Hiru seme-alaba (bi mutil eta neska bat) tunelera sartu ziren, baina une horretan jaurtikitako obus batek bete-betean harrapatu zituen amama, ama (39 urte), 13 urteko arreba eta 7 hilabeteko anaiatxoa, eta bertan hil zituzten.

Tunelera sartzea lortu zuten hiru anai-arrebak harrituta begiratu zuten haien familia nola desagertzen zen istant batean. Izeba batzuekin eta gainontzeko bizilagunekin ordu batzuk egon ziren tunelean bonbardaketak amaitu arte, eta ondoren Bilbora oinez abiatu ziren. Ume hauen zoritxarra ez zen bertan amaitu. Handik egun gutxira, Bilbo nazionalen eskuetan erori ostean, jakin zuten beren aita, Maximo Mancha Carreza, 1938ko martxoaren 12an fusilatu zutela frankistek Derion.

Txertoa

Hiru anai-arrebak Asturiasera eraman zituzten, eta gero, Frantziara bidali zituzten. Handik penintsulara itzultzea erabaki zuten eta Kataluniako Granollers herrira eraman zituzten. Kataluniako egonaldian, hiru anai-arrebei txerto batzuk jarri zizkieten, baina neskari gaizki eragin eta ondorioz hil egin zen. Mancha Aguirrebeitia familiatik bi senide baino ez zeuden bizirik: Enrique, 15 urtekoa, eta Felipe, 7 urtekoa. Frontean zegoen anaia zaharra ere bazuten, baina ez zuten berriro haren inguruan ezer jakin. Ziur asko gerra garaian hilko zen, baina ez da inoiz dokumentu ofizial batean agertu.

Bi anaia horien gorabeherek bi urte iraun zuten, eta, ondoren, Basaurira itzuli ziren euren izebekin bizitzera. Baina erregimen frankistaren presioak haien gainean jarraitu zuen, batez ere Enriquerengan, espetxera izan baitzen. 1937ko ekainaren 15 hark beti markatu izan du bi anaia horien bizitza, eta oraindik ere Kaleron bizi dira, mingostasunez gogoratuz bonba batek familiaren bizitza nola okertu zuen, ez arterik ez zatirik izan gabe.

Denbora luzeegian Enriquek eta Felipek ezin izan dute gertatu zitzaienaz hitz egin, eta, haiek bezala, Gerra Zibilaren ondorioak jasan zituzten Basauriko beste familia askok ere. Bada garaia bizipen horiek guztiak elkar ezagutzeko, argitara ateratzeko, inoiz errekonozimendurik eta babesik izan ez zuten biktima horien guztien omenaldi izan daitezen, eta ondorengo belaunaldietakook gertaera horien guztien berri izan dezagun eta gertatu zenaz memoria izan dezagun.

Oharra: artikulu hau idazteko, Enrique eta Felipe Mancha Aguirrebeitia, Roman Garcia eta Josean de Diegoren laguntza ezinbestekoa izan da. Eskerrik asko guztiei.

Osorik irakurri

Hemeroteka

Orbelak airez aire

|

Orbelak airez aire gida di­daktikoa eta kanta bildu­mea aurkeztu dabe gaur Basauriko udaletxean. Ekitaldian Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sai­leko Euskara zuzendari Miren Do­baran izan da, eta beragaz batera, Basauriko alkate Andoni Busquet, Labayru Ikastegiko Adolfo Arejita, Juan Carlos Irizar Galdakaoko Udal Bandako zuzendaria eta Bixente Zelaia informatzailea. Aurkeztutako materiala Zuztarretik ahora! proike­tuaren barruan dago.

DVD didaktiko-pedagogikoa da Orbelak airez aire, Haur Hezkuntza­ko eta Lehen Hezkuntzako ikasleen eskolako curriculumean erabiltekoa. Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballeseko udalek mar­txan ipinitako proiektua da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Zuzta­rretik ahora! egitasmoaren helburua Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko eus­kerearen ondare linguistiko-etno­grafikoa batzea eta ikertzea da; DVD hau da, hain zuzen be, ekimen ho­rren lehenengo emoitzea.

Ikerketan batutakoa zabaldu eta sozializau gura dabe behar honegaz: ondare etnografikoa (eguneroko bi­zimodua, lanbideak, ohiturak, jola­sak, urtaroei lotutako jarduerak eta erritoak), ondare lexikoa (berbak, atsotitzak, errefrauak…) eta ondare etnolinguistikoa (abestiak, ipuinak, bertsoak…).

Proiektuaren azken helburua hizkuntzea belaunaldiz belaunaldi transmitidutea da, Nerbioi-Ibaizabal eskualdearen nortasuna berresku­ratu, eta bide batez, Haur Hezkun­tzan zein Lehen hezkuntzan erabili daitekeen materiala eskaini. Antza, batutakoaren % 10 bakarrik sartu da DVDan; halanda ze, laster mono­grafiko bat, liburu bat eta 0-3 urte arteko umeen familiei zuzendutako abestiak jasoten dituan CD bat be argitaratuko dira.

Danetara, 77 lagunek hartu dabe parte proiektuan, eskualdeko euskerea ama hizkuntza dabenak danak. Informatzaileei egindako al­karrizketa guztiak grabau dira, 340 ordu, guztira. Eta honeei zuzendu jake Euskara zuzendari Miren Do­baran; euskaldun askok sarritan pentsetan dabe euren euskarea ez dala ona, ez dala zuzena, baina argi eta garbi adierazo behar jake euren berbakerea benetako altxorra dala. Dobaranek ganeratu dau Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua eta egi­tekoa euskerea erabilteko aukerak eskaintzea dala, elebitasun orekatua lortzearren.

 

Bizkaie!
2011ko urriaren 6an

Osorik irakurri

Azala

Korrikaren historia Hego Uriben

|

basauri korrika enrike jaio hemeroteka

Hego Uriben Korrikak egin duen historiaz ari­tzeko agindu didate Ko­rrika Batzordekoek eta Hego Uribe AEKkoek, trantze larrian jarri naute, luma ez bait da nire armarik onena, baina hala ere ezin izan diot egin uko garai hartako gaueskolei es­ker alfabetatuetarikoa naiz eta. Eta hoba ez! Baiezkoa eman diot luzatu didaten gonbidapenari.

Azalpenarekin bihoakio AEKri nire errekonozimendurik zintzoe­na. Darraiogun bada lanari, Korri­ka-Euskal Herria-euskara banaezi­nak dira, hortara Korrikaren historia Hego Uriben egin behar badugu hiru erreferentzi dontsuok agertuko zaizkigu kateaturik baleuden, izan ere Korrikaren zentzu herritar eta partehartzaileak lagundu egin du barneratuak izan daitezen, ekimen zabala, dinamikoa eta biziadela me­dio, argi erakutsiaz helburu eta bi­tartekoen arteko oreka gordeazsoi­lik erdietsi daitezkeela ezarritako xedeak. Halantxe da ba ze, hamaika pertsonaren eskuhartze, hots, lu­rrin, gogo eta lan emankorra ezina ekinez egina denaren erakusgarri dela frogatzen bait du. Bideraga­rri egiteko batzordeetan eratutako Korrikak herri erakunde, elkarte, langile, eskola, gizarte eta… akuilari dauzka.

Abiada bizian joango zaigu ari­neketan gure herrietatik zehar Ko­rrika 7, zeozer geratuko da eta nire ustez inportanteena Hego Uribek ere hizkuntzaren berreskurapenera­ko hain beharrezkoa den herri nahia erakutsiko duela, orain artean egin izan duen bezala. Euskararen geroa errautsetan amilduko ez dena bada­kigu, oraingoz behinik behin, gerora gure erantzukizunaren zai dagoke.

Hasiera bateko Korriketatik az­kenengoetara hobekuntzak nabari dira, batez ere hedakuntzari dago­kionean, gizarte osoaren eragina lortu nahiean, eskola, ikastetxe, eta ikastola koordinaziopean “korrika txikik” aparteko inportantzia leu­kake. Euskarak denon partaidetza behar du, txiki, gazte zein helduena, guztiona eta guztiontzat da, kolekti­bitatearena alegia.

Jai giroan Korrika 7 jendetsuak herritarron ahalegina eta ekina za­balduko du kaleetan barna.

Martxoaren 28 arte, hantxe egongo gara.

 

EL SOCIAL
BASAURIKO ALDIZKARIA
1991ko Martxoa

Osorik irakurri

Hemeroteka

Inauteriak eskoletan

|

Garai batean ez omen zi­ren inauteriak ospatzen, guri behintzat hala esan digute. Guk ordea ez dakigu inau­teririk gabe pasatzen. Aurten egu­raldia dela eta atzeratu egin behar izan genituen, eta ez zigun graziarik egin. Ia-ia manifestaldi bat antola­tu genuen. Baina inauteriak ez dira egun bakar bateko kontua, askoz lehenago hasten dira. Hona hemen aurreko egun horien “istoriotxoa”:

1. Taldean zertaz mozorrotu pentsatu. A zer nolako eztabaidak!
– Ni horrela ez noa!
– Bada orduan bozketa eta kitto.

2. Aukeratu­tako mozorroa nola egin. Plasti­koz, telaz…?
– Zein polita! Ez nuen uste, bai­na polita da.
– Kontuz, itxi atea, ez dezatela besteek ikusi!

3. Eta desfi­lerako zein musi­ka? Zorionez beti agertzen da soi­nu politen bat.

4. Baina, pausoak asma­tu behar ditugu. Horretan 5. mailakoak trebeak gara, maisua baino trebeagoak.

5. Maisu, noiz entseiatuko dugu? Gaur? Oraintxe?
– Ezetz. Ez gaur ez bihar. Orain­dik asko falta da. Datorren astean hasiko gara.
– Bada, 4. mailakoak hasi dira. Gu beti azkenak.

6. “Aizue, mozorroak egiten laguntzeko zuen gurasoen lagun­tza behar dugu. Esan ahal dutenak bihar arratsaldean etortzeko”. Eta, zorionez ez da boluntariorik fal­ta izaten. ESKERRAK ETA ESKERRIK ASKO.

7. Entsaioak, jolastorduetan ere jo eta ke, ondo ikasi arte.
– Jaimek ez du kasurik egiten! Nik bikotez aldatu nahi dut!
– Lasai, ikasiko du. Oraindik egun asko falta dira.

8. Heldu da eguna, ostirala. Leku batzuetan “jueves gordoren ondo­ren viernes flaco” eta benetan eska­sa, edo potolo-po­toloa: haizea, euria, txingorra, hotza. Fenomeno mete­reologiko guztiak denak batera, de­nak elkarturik gu izorratu nahirik.

9. Asteazken atzeratua, ordu biak eta erdietara­ko ordu erdi falta. Pasiloak jendez gai­nezka, mozorroak erdizka, denak pre­saka, bihotza dar­darka…

10. Hasi da des­filea. Amak ezin izango zuela, baina azkenean etorri da. Aitonak katarroa zuela, baina amamak lagunduta, astiro, baina agertu da. Institutuko neba, hori ere hor da; aste osoa jai baitauka. “OSO POLITA, ZEIN ONDO DANTZATU DUZUEN” – Entzuten da.

TXOKOLATEA (batidoa), GAILETAK (bollikaoa) eta datorren urtean berriz.

 

El Social – Basauriko aldizkaria
Umeen txokoa – Arizko Ikastola
2004ko martxoa

Osorik irakurri