Hemeroteka

Orbelak airez aire

Orbelak airez aire gida di­daktikoa eta kanta bildu­mea aurkeztu dabe gaur Basauriko udaletxean. Ekitaldian Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sai­leko Euskara zuzendari Miren Do­baran izan da, eta beragaz batera, Basauriko alkate Andoni Busquet, Labayru Ikastegiko Adolfo Arejita, Juan Carlos Irizar Galdakaoko Udal Bandako zuzendaria eta Bixente Zelaia informatzailea. Aurkeztutako materiala Zuztarretik ahora! proike­tuaren barruan dago.

DVD didaktiko-pedagogikoa da Orbelak airez aire, Haur Hezkuntza­ko eta Lehen Hezkuntzako ikasleen eskolako curriculumean erabiltekoa. Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballeseko udalek mar­txan ipinitako proiektua da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Zuzta­rretik ahora! egitasmoaren helburua Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko eus­kerearen ondare linguistiko-etno­grafikoa batzea eta ikertzea da; DVD hau da, hain zuzen be, ekimen ho­rren lehenengo emoitzea.

Ikerketan batutakoa zabaldu eta sozializau gura dabe behar honegaz: ondare etnografikoa (eguneroko bi­zimodua, lanbideak, ohiturak, jola­sak, urtaroei lotutako jarduerak eta erritoak), ondare lexikoa (berbak, atsotitzak, errefrauak…) eta ondare etnolinguistikoa (abestiak, ipuinak, bertsoak…).

Proiektuaren azken helburua hizkuntzea belaunaldiz belaunaldi transmitidutea da, Nerbioi-Ibaizabal eskualdearen nortasuna berresku­ratu, eta bide batez, Haur Hezkun­tzan zein Lehen hezkuntzan erabili daitekeen materiala eskaini. Antza, batutakoaren % 10 bakarrik sartu da DVDan; halanda ze, laster mono­grafiko bat, liburu bat eta 0-3 urte arteko umeen familiei zuzendutako abestiak jasoten dituan CD bat be argitaratuko dira.

Danetara, 77 lagunek hartu dabe parte proiektuan, eskualdeko euskerea ama hizkuntza dabenak danak. Informatzaileei egindako al­karrizketa guztiak grabau dira, 340 ordu, guztira. Eta honeei zuzendu jake Euskara zuzendari Miren Do­baran; euskaldun askok sarritan pentsetan dabe euren euskarea ez dala ona, ez dala zuzena, baina argi eta garbi adierazo behar jake euren berbakerea benetako altxorra dala. Dobaranek ganeratu dau Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua eta egi­tekoa euskerea erabilteko aukerak eskaintzea dala, elebitasun orekatua lortzearren.

 

Bizkaie!
2011ko urriaren 6an

Gora