Sareak

Iritziak

Iritzia / Benetako sare soziala

|

Egungo egoerak ez du parekorik, edo belaunaldikook behintzat ez gara kapazak gogoratzeko halakorik, 1983ko uholdeak akaso? Gure egunerokotasuna erabat gelditu digu birus horrek eta ezin ditugu iragarri ondorioak.

Inoiz ikusitako egoeren aurrean zaila da jakitea zein izango den jendearen jarrera. Hasiera batean, zoritxarrez, jarrera zekenenak agertu ziren (hau guztia pasatzen denean ea inork azaltzen didan zertarako erosi zuen horrenbeste komuneko paper).

Zorionez silborrari so dabilen jendea ez da nagusitu, eta hasierako zekenkeri eta ezjakintasunaren ostean jarrera positiboagoak agertu dira: gazteak haien burua eskeintzen etxetik atara ezin direneei mandatuak egiteko, deialdi partehartzaileak lehioetatik txaloka edo kantuka eskertzeko hainbat profesionalen lana, egoera latz hau eramangarriago egiten duten bideoak eta memeak, … gure telefonoen aplikazioak sutan daude.

Adibide horiek argi erakusten dute badagoela sare sozial bat, benetakoa, pantaila edo telefonoaren beharrik ez duena, eta azken urteetan urratuta zegoela zirudien arren, baduena ondino konponbiderik. Konfinamendu egoera honetatik ateratzean ezer ez da berdina izango, hala bedi, ea urratutako sare soziala birehuntzen dugun, beharrezkoa izango dugu eta.

Zutabeak

Iritzia | Transparentzia eta arrazakeria

|

Bingen Zupiriaren jarraibidei men egin die oraingoan ere bere alderdikide den Iragorri jaunak.
Transparentziaren abanderatu hauek, ezer ezkutatzeko ez duten horiek, gure herrian delitugileen jatorria argitara emateko erabakia hartu dute. Baina ez dute inor engainatzen, ez da zintzotasun ariketa bat, etorkinen kriminalizazioan sakontzeko hartutako erabaki politiko bat baizik.

EAJren eskuinerazko joera berresten duen jokaldi politikoa da honako hau. Kalean ideia matxistak, arrazistak eta atzerakoiak nagusitzen ari diren garaiotan, ideia hauen bultzatzaile nagusienetako bezala aurkezten ari da EAJ (poliziaren inpunitatean sakonduz, pobrezia erreprimituz eta gazte langileen kriminalizazioan sakonduz). Horrelako neurriekin, faxismoa gorputza hartzen ari den testuingurua elikatu besterik ez dute egiten, pobreziara kondenatuak dauden sektore arrazializatuak seinalatuz, karikaturizazio arrazista indartuz eta klase batasunerako baldintza kulturalak okertuz.

Alderdi politiko instituzionalek ez dituzte delituen oinarrian dauden arrazoiak seinalatzen, klase gizartea bera zalantzan jartzea ekarriko lukeelako. Izan ere, gure herrietara, auzoetara, hurbiltzen garenean ikusi besterik ez dago proletargo migrantea bereziki lan baldintza kaskarretara, etxebizitzatik kanporatua izatera, poliziaren jazarpen etengabera… kondenatua dagoela. Eta zer egiten du EAJk egoera honen aurrean? Etorkinak kriminalizatu. Arriskutsua denez gaizki bizi daitekeen subjektu bezala karikaturizatu, eta horrekin batera ultraeskuinak ezarri nahi duen markoa elikatu.

Izan ere, ultraeskuinaren erritmora dantzatzen ari da EAJ, pobreen aurkako gerra sozial bat zabaltzeko baldintza kulturalak ezarriz. Baina oharkabean igaro nahi duen albiste honen aurrean, gero eta gehiago gara kontra egiteko prest gaudenak. Sistema krudel honen eta berau betikotzen duten agente eta instituzioetatik kanpo klase batasuna ardatz, fragmentazioa eta kriminalizazioa bultzatzen duten horien aurka antolatuz eta borrokatuz alternatiba berri bat eraiki beharra dago basakeria honi aurre egin nahi badiogu.

Osorik irakurri

Komikiak

Komikia | Aratusteak

|

Osorik irakurri

Azal-ilustratua

Ilustrazioa | Inauteriak

|

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Kurdistan: argi txiki eta indartsu bat itzaltzeko labankada

|

Beste gerra baten berri dugu, oraingoan Ekialde Hurbilean. Ez da segundu bat bera ere geratu, gutxienez, duela 13 urtetik; baina erasoak ezkutaezinak direnean, saihestezina gertatzen da horietaz hitz egitea. Berriek ekarri dizkigute, bada, Alepoko dronak, misilak, tankeak eta fusilak. Baina erakutsi al digute siriar gobernua, Turkiaren laguntzarekin, ISISeko kideak kartzelatik askatzen? Zehaztu al dute nork geldiarazi zituen duela urte batzuk, Siria eta haratago haien bandera beltzak hedatzen ari zirenean? Aipatu al dute kurdu edo Kurdistan hitza? Kontatu al digute nor erasotzen duten eta zergatik?

Bada, gakoetako bat Kobanen aurkituko dugu: Alepo ondoren siriar armada zalantzarik gabe erasotzera abiatu den hiria. Kobane Estatu Islamikoaren (EI, ISIS) aurkako erresistentziaren sinbolo izan zen 2014ean, autoantolatutako herri handi batek aurre egin ziolako. Hiri horretan jokatu zen EI-ren porrota urte hartan, bere gorakadak geldiezina zirudienean, bere ideologia atzerakoi eta antidemokratikoak bazterrak belzten zituenean, emakumeak etxean giltzapetuz eta eraildako aurkarien buruak kaleetan erakutsiz.

Kobane ofizialki Siriako estatuan badago ere, Kurdistan da. Eta horixe da gakoa: Siria, Turkia, Irak eta Iran estatuen barruan harrapatutako herri kurduak bere burua antolatu izan du 1978etik (Kurdistango Langileen Alderdiaren sorrera) eta lehenagotik, oso oinarri argiekin antolatu ere: demokrazia parte hartzailea, emakumeen askapena, gutxiengo guztien ordezkaritza herri antolakuntzan (erlijiosoa, etnikoa, linguistikoa), estatu aparatuengandik autonomoki antolatutako herri erakundeak, ekonomia sozial eta kooperatiboa.

Printzipio horiekin, Rojavan (Siriako Kurdistan) ezarri zuten autogobernua, gerora lurralde gehiagotan zabalduz Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoa: kurduz, arabiarrez, asiriarrez, armeniarrez eta zonaldeko beste etniez osatutako autogobernua. 2012an, udaberri arabiar deritzonean, Siriar gobernuaren hutsunea inoiz baino nabariagoa egin zen, eta hutsune hori aprobetxatu zuten jada errotuta zuten antolakuntza ofizializatzeko, herritarren beharrak asetzeko egiturak eraikitzeko, konfederalismo demokratikoaren printzipioekin. Horren bitartez, Rojavan eta haratago lortu dute estatu zapaltzaileen arabera behe mailako herritarrak zirenak sujetu aktibo bilakatzea, beren herria maitatu eta aurrera ateratzea, beren buruak eta beren lurra defendatzea, haien haurrak printzipio demokratikoetan heztea, etnia ezberdinetako jendearen arteko elkarbizitza eta elkarlana, emakumeen antolakuntza autonomoa genero zapalkuntzari aurre egiteko, eta horrek denak jendeari eta herri bati ematen dion duintasuna. Leku bat munduan.

Antolakuntza eta printzipio horiek kontra egiten diote bai EI-ren ideologiari, Turkiari, eta munduko estatu gehienei. Horregatik, Kurdistanen kontrako erasoek ez dute etenik izan komunikabideetan, hezkuntzan, kaleetan, mendietan, ezta Europan ere. Terrorista izendapena, eraso fisiko eta militarrak, hizkuntza eta kultura debekatzea, lurren okupazioa… Europar estatuen lankidetzarekin ere atxilotu eta hil dituzte mugimendu kurduko hainbat kide; horietako hiru emakumeren hilketaren 12. urteurrena gogoratu dugu pasa den urtarrilaren 9an: Sara, Rojbin, Ronahi.

Bada, oraingoan berriro erasotu dute Rojava. Siriar gobernu salafistak, ISISeko buruzagi-ohia gidari, europar gobernuek onartu eta txalotutakoa. Turkiar estatuak, Erdogan anti-kurduaren amorruaz. Israelek, eskualdeko hegemonia eskuratu nahian, Siriarekin hitzarmenak eginez. Eta noski, Estatu Batuek; izan ere, kurduek haiekin hitzarmenak egin izan dituzte, EI-ren aurkako borrokan laguntza lortu nahian; baina aurreikustekoa zen bezala, traizioa iritsi da: Siria, Turkia eta Israelekin aliantzak egin, eta ezkutuko tratuen bidez amarrua prestatu diete kurduei, eraso koordinatuak eginez. Bada, oraingoan badirudi Kurdistango antolakuntza demokratikoa betiko kolpatuko dutela. Beste behin ere, munduko indar erreakzionarioek, bat eginda, herritarren borondatea zanpatu dute. Baina behinola norbaitek esan zuen bezala, soilik ondo antolaturiko herriak lor ditzake helburu handiak, eta ez da helburu makala 13 urtez herri administrazio bat aurrera ateratzeko gai izatea, hodei guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, inoiz baino herritar parte hartze handiagoarekin. Are gehiago, kurduek abiatutako iraultzak haziak bota ditu mundu osoan, eta hazi horiek loratuko dira, lehenago ala beranduago.

Biji berxwedana Rojava! Gora Rojavako erresistentzia!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Ondareaz

|

Eguberri garaian erraza da hamarkada gutxi batzuk dituzten ohiturak tradiziotzat hartzea. Erraza, baita, luze mantendutakoak urte gutxiren buruan nobedadeen argipean deuseztatzea: “Hau betidanikoa da” sintagmak sendotasuna erakutsi nahi arren, sustrai laburrak dituen errealitate lauso bati lotu dakioke. Gure ondare da Olentzero, baina baita Bizarzuri eta Erregeak ere. Ondare turroia, polboroia eta panettonea. Ondare plazan ur berria edan edo telebista parean mahatsak irunstea.

Hortaz, zer da ondarea? Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den dena da —izan materiala, soziala edo pentsamoldea—; eta bi alde ditu, mantentzen dena eta eraldatzen dena. Adi: ondarea ez da neutroa, ezta bere transmisio eta mudantza ere. Historian zehar boteredunek ezarri dute zerk duen balioa eta zerk ez, eta, beraz, zer igaro eta zer galarazi. Kultura herrikoiak ildo propiak mantendu zituen arren industralizazioaren aurretik, bestelakoa da horren ondoren jasandako eraldaketa. Munduko kultura dibertsitate galera handiena azken 50 urteetan iritsi dela esatea ez da esajerazioa. Horren erakusle da gure eskualdea. Bertan, jakin badakigu, baserriak eta lur komunalak zirela nagusi, baina ondare material historiko bezala utzi dizkigutenak, ordea, eliza eta dorretxe gutxi batzuk besterik ez dira izan. Herrikoia zen gehiena eraitsi edo desitxuratu egin dute, eta horren ordez ezagun zaizkigun lanaren eta kontsumoaren bizimoduaren inguruan sortutako etxebizitza bloke, fabrika, pabilioi zein errepideak eraiki dizkigute.

Ondarearen uren jarioan ur berriak ez dira ausaz etorriko; jaso duguna gurea da orain. Daukaguna aberatsa da eta aintzat hartu beharreko hamaika ñabardura ditu. Guri dagokigu zer mantendu, zer eraldatu, eta zein ildo berri zabaldu oinordekoei bestelako balioak dituen lurralde bat helarazteko.

Osorik irakurri