→Ugao

Iritzia | Fermin Muguruza oker zegoen

Txosnagunea bueltan da, gazteria martxan dago, eta Ugaoko jaiek berreskuratu dute aspaldiko zapore gozo eta liluragarri hori. Gora Herria!

Ugaoko X. Gazte Bazkaria / Geuria

Badira hiru hamarkada baino gehiago Iruneko “Kortatu” punk taldeak, bere “Nicaragua Sandinista” abesti famatuan, “ni un paso atrás, ni pa coger impulso” Fidel Castroren esaldia modan jarri zuenetik. Lasai, lerro hauetan ez ditugu Fidel edo Fermin handien irudiak zapuztuko edo kolokan jarriko, ez da horretarako espazioa. Baina bai diogu, argi eta garbi, erratuta zeudela.

Bat eta bat beti bi ez direla dakigun modu berean, egoerak hala emanda, edota atzean isilpeko lan eraginkorra izan delako, negatiboa behar zuen erabakiak espero baino ondorio positiboagoak ekarri ditu maíz. Utz dezagun literatura eta metafisika albo batera. Pasa den urteko Ugaoko jaiak tristeak izan ziren, hutsak, goibelak. Txosnarik gabeko jai eredua zer den argi utzi zuen, alde batetik, eta bestetik, herritarren gehiengo bati bizkarra ematea guztiongan eragin negatiboa izan dezakeela arras argi bistaratu zuen.

Ez zen erabaki erraza izan. Horrenbeste maitatzen dugun herri honen gehiengoak ezin ditu imajinatu txosna batzordeko kideek pasatutako uneak, sufrimenduak, negarrak… Paradoxikoki, gure bizitzaren horrenbeste ordu kontsumitzen dituen elementu nekagarri eta sarritan frustrante horrek poztasunik naturalena sorrarazteko ahalmen miragarria dauka. Hautu latza izan zen, gogorra, eta bai txosnentzat, zein herriarentzat, atzerapauso itzela suposatu zuen.

Baina, hara nondik, atzoko borrokak gaurko emaitzetan loratu du, eta nola gainera. Herri honen erantzuna, eta bereziki, gazteriarena, irmoa izan zen: Ugaok txosnagunea behar du, eta kontsumitzaile hutsa izatetik, protagonista izatera urratsa eman zuten. Ez dira gutxi alor ezberdinetatik hurbildutako neska eta mutil gazteak. Ilusioz beteriko begiradak, gogoz botatako ideia berritzaileak, ezjakintasun maitagarri horrek sortzen dituen lehenbiziko akatsak… lerro hauek haientzat dira, gurera hurbildu diren guztientzat. Hein handi edo txikiago batean, gure sostengu izan zareten guztientzat. Bihotzetik, eskerrik asko.

Noizbait, atzera egitea, mingarria bada ere, bi pauso Aurrera emateko modurik onena delako. Eta Kortaturekin hasi garenez, bide beretik amaierara heltzeko, Sarri, ustekaberik ederrenak alboko jendeak ematen dizkigula azpimarratu nahi dugu. Txosnagunea bueltan da, gazteria martxan dago, eta Ugaoko jaiek berreskuratu dute aspaldiko zapore gozo eta liluragarri hori. Gora Herria!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak