Zutabeak

Artista eta pertsona

Rototom Reggae festibalak sona handia hartu du aurtengo udan, orain gutxira arte gutxiengo batek ezagutzen zuen arren. Aurtengo edizioan Matisyahu abeslaria aukeratu izanak hainbat eragileren aserrea piztu zuen hasiera-hasieratik, bere ustezko pro-sionismoa tarteko, eta hori dela eta, antolatzaileek bere izena karteletik kentzea erabaki zuten. Horrek ikaragarrizko iskanbila mediatikoa sortu, eta bai aldeko, eta bai kontrako komentario eta salaketek telebista-kate, komunikabide eta sare sozialak sutu zituzten egunetan. Historian behin eta berriro agertu, eta ezinbestean erantzunik gabe gelditzen den zalantza birgorpuztu du gertaerak: Berezi ahal/behar dira artista eta pertsona bera?

Woody Allen, Román Polanski, Céline, Heidegger, Lars Von Trier, Hitchcok, Jimmy Page, Picasso, Bob Marley, Lennon… Aise topa ditzakegu argi-ilunak dituzten artistak edozein diziplinatan. Baita zuzenean ilun-ilunak dituztenak ere. Politikoki egokia denaren muga zanpatu baino ez dute egin batzuek, eta beste batzuk gaizkileak dira, zehatz-mehatz. Artista handiak dira, baina, eta artistak diren heinean, miretsi egiten ditu zenbaitek, eta beste askok beraien lanak baztertu behar direla uste du.

Ez naiz ari, jakina, izaera artistikoaz gain, testigantza-izaera ere baduten lanen gainean. Musika edo literaturaren bidez ideologia zehatz bat defendatzen denean, edo artea erlijio zein gai zehatz bati buruzko propaganda bide erabiltzen denean, argi dago norberaren esku egon behar duela obra hori onartu ala baztertzea, norbere ideologiarekin bat egiten duen edo ez aztertuta. Ez da hori, ordea, Matisyahuren kasua, izan ere, bere ideologia da boikota egiteko erabiltzen den aitzakia, eta berak ez omen du bere artea erabiltzen ideologia hori defendatzeko. Artearekin berarekin inolako zerikusirik ez duten artisten jokabideen gaitzespen sozialaz ari naiz; askorentzat ez baita nahikoa jokabidea edo ideologia bera gaitzestearekin, artea bera ere baztertu eta boikoteatu behar dela uste dute, jokabide horiek zigortzeko, nolabait.

Askorentzat ez baita nahikoa jokabidea edo ideologia bera gaitzestearekin, artea bera ere baztertu edo boikoteatu behar dela uste dute, jokabide horiek zigortzeko, nolabait.

Onartu behar dut horrelako boikotak eraginkorrak izan ahal direla mezu bat transmititzeko, kasu batzuetan -bizirik dauden artistekin, jakina-, helburua hori bada. Egia da, baita, zentzu horretan ondokoaren mugak eta nireak ez direla zertan berberak izan. Ulertzen dut Matisyahuren iritziarekin bat ez datorren batek kontzertura ez hurreratzea erabaki izana. Ulertzen ditut, era berean, Román Polanskiren filmak ikusi nahi ez dituztenak. Edo Dylan Allenek duela gutxi bere aitaren gainean egindako adierazpenak aditu ostean baten bati entzuten diodanean ezin izango duela Woody Allenen filmik egundo ikusi. Gutxitan, baina egin izan ditut, nik neuk ere, horrelako hautuak.

Baina hautuak hautu, uste dut erakunde eta administrazioek horrelako ekintzen gainetik egoten saiatu beharko luketela, batez ere iritziak -eta ez  ekintzak- epaitzen direnean, ideiak kriminalizatzea oso arriskutsua baita. Beti. Ezinezkoa zaigu, gainera, artista guztien ideologia ezagutzea, eta horren inguruko adierazpenak eginarazteari gehiegizkoa deritzot. Erraza da, beraz, diskriminazioan eta subjetibotasunean erortzea. Ez dut uste, azkenik, gure ikuspuntu aldetik okerrak diren iritzi nahiz jokabideak gaitzetsi, eta pertsona horiek egindako artea mirestean kontraesanik dagoenik, berez. Artista izaerak aparteko pertsonalitatea behar luke, bere osotasunean. Artista izaera hori bera goraipatu ahal da –eta saritu, baita-, eta horrek ez du esan nahi pertsona horren gainerako izaerak, edo/eta jokabide edo iritzi guztiak babesten direnik.

Erakunde eta administrazioek horrelako ekintzen gainetik egoten saiatu beharko lukete, batez ere iritziak -eta ez ekintzak- epaitzen direnean, ideiak kriminalizatzea oso arriskutsua baita. Beti.

Arteari berari ez zaio, ahal dela, muzin egin behar. Ez dut uste horrekin garaile irten gaitezkeenik, inolaz ere, nahiz eta nik neuk ere izan ditudan -eta izango ditudan-, gai honetan, kontraesanak. Matisyahuk eman egin zuen kontzertua, azkenean. “Adierazpen askatasunak irabazi du, eta musikak, ez banderek”, izan ziren bere hitzak. Norberak atera ditzala ondorioak. Ni neu ere horretan nabil. Hori bai, erraietan hausnarrean hasi baino lehenago, gogoratu, arren, ezaugarri, jokabide edo iritzi oker batek ez gaituela gure osotasunean definitzen. Izan ere, Nabokovek esan ohi zuen bezala, olatu-kolpe bakar batek ezin du itsasoa bere handitasunean azaldu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak