Zutabeak

Basauri berriro txapeldun

Urte berria ezin hobeto hasi da Basauriko Bidebieta pilota taldearentzat, berriki denboraldiko lehenengo txapela jantzi baitute Arratia-Nerbioi eskualdeko txapelketa umetxoen mailan bereganatuta. Julen Maillo eta Oier Elorz izan dira balentria hori lortu dutenak, Asier Santisteban eta Markel Monasterio osatzen zuten Zornotzako bikotea finalean garaituz.

Hiru hilabeteko txapelketaren ondoren, finalera latz sufrituta iritsi ziren Maillo eta Elorz. Pauso bakarra falta zitzaien txapela buru gainean jartzeko eta borrokarako prest kantxaratu ziren Dimako frontoira. Partidari lau pilotariek urduri xamar ekin zioten, ohikoak ez diren zenbait akats eginez, baina partiduan buru-belarri sartu bezain pronto, basauriarren jokoa nagusitu zen: 6-5arekin lau tanto errenkadan egin eta 10-5ekoarekin heldu ziren lehenengo jokoaren bukaerara. Bi bikoteek aurrelari eta atzelariak lekuz aldatu eta bigarren jokoa hasi zen. Honetan Julenek ondo eutsi zion atzean eta Oierrek sakearekin min handia egin zuen markagailua 8-2 jarriz. Bukaeran, Zornotzako bikoteak lehia itxuratu bazuen ere, 10-6ko emaitzarekin gailendu zen Julen Maillok eta Oier Elorzek osatzen duen bikotea.

Eskualdeko txapelketa eurenganatu ondoren, Bizkaiko txapelketan lehiatuko dira otsailetik aurrera eta zaila izango den arren, zergatik ez amets egin beste final batekin?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak