Zutabeak

Beltzuria, bakea

Azken aldian irakurri ditudan liburuetatik erresonantzia intentsoena laga dit Ixiar Rozasen Beltzuria-k (2014, Pamiela).

Ordenak ematen digun lasaitasuna elikatzeko balio dute sailkapenek, baina testu horren aurrean ez dute inolako zentzurik. Beltzuria ez da genero batean ahokatzeko liburua; ez aburuz seguru asko, ezta ezaugarriengatik ere. Ardatzak definitu behar balira, beltzuria hitza eta Franzisko Elizalde “Xamuio” kale bertsolaria (sortzailearen aitona) izango lirateke. Urteetan dihardu Rozasek ahotsa, hizkuntza eta gorputzaren arteko harremanaren espazio kaleidoskopikoetan murgilduta. Berak definitu legez, “tolesdurak”. Liburua horren isla da, bilaketa da; biografikoa eta didaktikoa. Gertaeren, hausnarketaren eta gogoeten amarauna.

Baliteke urte hauetako isilune literarioarekin amaitzeak iraganera egiteko aitzakia eman izana. Berriki, kritika forman, hautsa kendu dio Aritz Galarragak Edo zu edo ni eleberriari (2000, Erein) eta Noticias de Guipuzkoak Negutegia (2006, Pamiela) liburuaren gaztelaniazko itzulpena, Invernario, kaleratu du aurten. Gainera, Rozasek beste lan bat argitaratuko du aurten; Ejercicios de ocupación saiakera. Pertsonalki, atzera begiratu behar banu, Sartu, korrontea dabil (2001, Erein) eleberriarekin geratuko nintzateke. Hizkuntza sinple eta garbia jostorratz, istorioak harilkatzeko duen gaitasunagatik, amaiera itzulbiratu eta jantziaren gorputzak haizeak garraia dezakeelako.

Aitortzen dut bereziki gogorra egin zaidala Beltzuria. Erraiak bortizki astindu dizkidala. Ez liburua horretara espreski bideratuta dagoelako, baizik eta zenbaitetan liburuek zu topatzen zaituztelako, zuk liburu jakin bat bilatu beharrean. Frekuentziak bateratzen direnean, eztanda egiten du zerbaitek. Eta niri eztanda horrek bakea eman dit. Alegia, hildako aititeren ahotsa nirekin hizketan berriz ere entzuteko adorea.

11 commentsGo to last comment
snooki weight loss Star Wars Clone Wars Grievous Spinning Lightsaber

It can be really difficult to walk in heels
weight loss tipswhere to buy them and have them shipped for FREE
Gora